Patxi Vila. Movistar taldeko errendimendu arduraduna

«Ikuspegi orokorra modernizatzera etorri naiz Movistarrera»

Movistar taldera «haize berriak» ekarri nahian dabil Patxi Vila. Lehen denboraldia du, eta pozik dago. Han egin zen ziklista profesional. «Ederra da etxera itzultzea».

MOVISTAR.
enaut agirrebengoa
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Movistar estaldurarik gabe gelditzen ari zen garaian, errendimendu arduradun bilakatzeko erronka onartu du Patxi Vilak (Bera, Nafarroa, 1975).

Nola ari zarete bizitzen Movistarren koronabirusaren krisia?

Ahal den moduan. Halakorik ez dugu sekula bizi izan, eta bakoitza bere modura ari da eramaten. Norberaren nortasunak asko eragiten du. Urduriek okerrago daramate, eta lasaiagoak direnek, hobeto. Orokorrean, ondo daramagu. Beste talde batzuetan duten egoera ikusita, zorte onekoak gara.

Txirrindulariek fisikoki galera handia izan al dute etxealdian?

Galera egongo litzateke, baldin eta irabazteko zerbait egon izan balitz, eta ez da hala izan. Egoera hau denontzat da berdina, eta zaila da esatea irabazten ala galtzen aterako garen. Ziklistek garbi dute buruz jokatzeko garaia dela. Egoera berrira hobekien egokitzen denak aterako du etekina.

Jada hasiak zarete ohiko entrenamenduak egiten. Hasieran, sentipenak lanketa zurrunago baten aurretik jarriko dituzue?

Arrabolean ordu asko egin behar izan dute ziklistek, eta moralki denei eragin die apur bat. Orain, sentipenak berreskuratzen saiatu behar dugu. Nolabait ere, txirrindularitzaren eta kirolaren alde ludikoa bultzatuko dugu. Errepidean aritzearen plazeraz gozatzea da lehen asteetako helburu nagusia.

Duela bi aste izan zenuten egutegiaren berri. Orain beste ikuspegi batekin ariko zarete, ezta?

Bai, oso garrantzitsua zen egutegia ezagutzea. Prestatzaileentzat bai, baina are gehiago txirrindularientzat. Psikologikoki beste jarrera bat hartzen duzu jomuga non dagoen jakinda. Txirrindulariek asko eskertu dute. Gure kasuan, ezberdina da: badugu lan egiteko aukera helburuak zehatz non dauden jakin gabe ere. Errazago heldu diezaiokezu egunez egunekoari.

Egutegi bete-betea izango duzue. Egokia iruditzen zaizu?

Egiten bada, pozik egoteko moduan egongo gara. Beste kirol batzuetan ere ari gara ikusten nolako zailtasunak dauden txapelketekin aurrera jarraitzeko. Zoritxarrez, bertan behera gelditu dira proba asko, baina oso ona litzateke dagoena jokatzen bada. Helburua horrek izan behar du: jendeari goi mailako ziklismoa eskaintzeak eta ahalik eta ikuskizunik onena emateak. Egutegi motza eta trinkoa da, baina horrek ez nau kezkatzen. Egokituko gara.

Erabakia duzue ziklista bakoitza zer probatan ariko den?

Oraindik ez. Egutegi osoa ezagutzeko zain egon gara. Planak zehaztu baino lehen, World Tourraz harago dauden probak noiz izango diren jakin nahi genuen.

Hilabete izango duzue Tourraren aurretik lehiaketa erritmoa hartzeko. Nahikoa da?

Garbi dago lasterketak garrantzitsuak direla helburuetara ondo iristeko, baina ez dira nahitaezkoak. Azken urteetan, batek baino gehiagok erakutsi du posible dela helburu nagusietan ondo aritzea aurrez lehiaketa egun oso gutxi pilatuta. Hor garrantzia hartuko du txirrindularien inguruan dagoen talde teknikoak, eta horrek lan egiteko daukan moduak. Lan fina egin beharko dugu, akatsak egiteko tarte oso txikia izango baitugu.

Gero, aldi berean jokatuko dira Giroa eta Ardenetako eta harbideetako klasiko nagusiak. Zeri emango diozue lehentasuna?

Ardenetako Klasikoak eta itzuli handiak izan dira beti talde honen nortasunaren ikurrak, eta aurten ere hor jarriko dugu indarra. Gainontzeko probak ondo egiten saiatuko gara, noski, ziklista gazteei behar duten esperientzia emanez. Baina halako presiorik gabe.

Nola kudeatuko dituzue itzuli nagusiak, aintzat harturik horren tarte laburrean egingo direla?

Tourra beste bi itzuli handien artean egon ohi da, eta mundu guztia saiatzen da ahalik eta ondoen prestatzen. Aurten, ordea, kudeatzen zailena izango da, egutegian dagoen tokian dagoelako. Baina Tourrean kale egiten duenaktartea izango du akatsak konpontzeko, egutegia laburra izan arren.

Bora utzi eta Movistarrera iritsi zara sasoi honetan. Zer moduz ari zara bizitzen talde aldaketa?

Gustura nago; beti da polita etxera itzultzea. Taldeak behar zituen aldaketak ari naiz sustatzen; eta, era berean, hemen gauzak nola egiten diren ikasten ari naiz. Berrogei urteko ildoa ezin daiteke egun batetik bestera aldatu, batez ere denbora horretan arrakasta handia izan duelako talde honek. Elkar ezagutzen ari gara pixkanaka.

Zer aldaketa egin nahi dituzu?

Batetik bestera ibili izan naiz beti. Esperientzia asko izan ditut, eta nire ikuspegia hartu dut txirrindularitzaren inguruan; bai kirol aldetik, baita egitura aldetik ere. Movistarrek orain haize berriak behar zituen, eta horretarako etorri naiz. Ikuspegi orokorra modernizatu nahi dut: prestakuntza, antolakuntza, alor teknikoa, lasterketen azterketa...

Enric Masek eta Marc Solerrek bete beharko lukete Mikel Landak eta Nairo Quintanak utzitako lekua. Prest ikusten dituzu?

Prozesu bat izango da. Lider guztiek behar dute bilakaera bat. Eskarmentua pilatu behar dute lehenik. Zaila izango da urte bakarrean lider sendo bihurtzea, baina kirol maila eta nortasuna badute. Taldeak uste osoa du haiengan.

Alboan izango dute Alejandro Valverde. 40 urte egin berri ditu , eta hasia da pixkanaka behera egiten. Zer moduz ikusten duzu?

Ez dago ebidentziarik esaten duenik fisikoki oso aldapan behera dagoela. Gauza batzuk galdu egin ditu, eta beste batzuk irabazi. Fisikoki ongi ikusten dut, eta, erretiroa hartzen duenean, gehiago izango da alderdi psikologikoagatik. Azkenean, urte pila daramatza elitean, horrek eskatzen duen esfortzu guztiarekin.

Eta nola ikusten duzu ziklismoaren etorkizuna? Zenbateraino eragin diezaioke krisi honek?

Batek daki; gizarte gisa ere ez dakigu oraindik nora eramango gaituen egoera honek. Txirrindularitza ez da lehentasun handiko kirol bat; beraz, kaltea jasango du. Egoera politean ginen, babesle eta talde berri askorekin. Euskaltel itzuli da, Kern Pharma agertu, Caja Ruralek hor jarraitzen du, gu ere Iruñean gaude... Egoera polita zen. Espero dut atzera asko ez egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.