Traba egin nahi dio

Athleticek aurpegia eman gura du Bartzelonaren etxean, hura txapelketa irabazteko lehian baitabil. Garitanok aldaketak egingo ditu hamaikakoan

Muniain eta Guido Rodriguez lehian, aurreko larunbatean, San Mamesen. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Camp Nourako bisita beti izan da gaitza. Baina Leo Messiren aroa hasi zenetik, lehendik zaila zena ia ezinezkoa bihurtu da talde gehienentzat. Joko mailarik onarekin ari denean talde zapaltzailea da, eta fin ez dabilenean, berriz, taldea osatzen duten futbolarien talentua baliatzen du garaipena eskuratzeko. Eta jakinekoa da arlo horretan ez dagoela Messiren parekorik. Argentinarraren ekarpena nahikoa izaten da ligako partidarik gehienak irabazteko. Bartzelonari, gainerako talderik gehienei gertatzen zaien legez, gehiago kostatzen zaio etxetik kanpo irabaztea. Baina Camp Noun ia garaiezina dirudi. Etxean ez du partidarik galdu. Hamabost norgehiagoka jokatu ditu, eta horietatik hamalau irabazi ditu, eta bakarra berdindu. Esan gabe doa Athleticek neurketa gaitza daukala. Denboraldiko gogorrenetakoa. Joaquin Caparrosek talde zuri-gorria zuzentzen zuenean esaten zuen gisara, horrelako zelaietan jokatzea «dentistarenean ordua» jartzea bezala da. Lehenago edo beranduago derrigorrez joan behar da, baina aparteko ilusi barik.

Hala ere, Athletic ezustea ematen ahaleginduko da. Eta Bartzelona estutzeko, ezinbestekoa izango da ondo lehiatzea. Bada, lehiakortasuna da zuri-gorrien dohain nagusia. Aspaldian hizpide da jarraitzaile zuri-gorrien artean taldeak erakusten duen joko maila. Athleticen inguruaren zati bat ez du batere erakartzen Garitanoren taldearen jokamoldeak. Joko aspergarria dela diote. Erasoko joko eskasa du. Taldearen ekarpena ontzat ematen dutenek, berriz, meritu ikaragarria ematen diote entrenatzaile derioztarra egiten ari den lanari. Hasteko. maila handiko txapelketa batean muga askorekin lehiatzen ari dela hartzen dute aintzat. Taldearen ardura hartu zuenetik Garitanori ez diote ekarri taldearen maila igo zezakeen futbolaririk, eta, hala ere, Athletic Kopako finalerako sailkatu da eta Europarako aukera eskuratzearekin amets egiten ari da.

Yuri. zigortuta

Athleticen indarra talde lana da. Defentsan maila oso ona ematen ari da, eta, horri eskerrak, aurkari gehienei aurre egiteko kapaz da. Gaur ere asmo horrekin zelairatuko da. Baina jakina da ez dela erraza izango aurkaria eustea. Bartzelona liga irabazteko lehian murgilduta dabil. Sevillaren kontra berdindu ostean, atzetik jarri da Real Madrilen kontrako borrokan. Gaur-gaurkoz, ez dauka bere esku txapelketa irabaztea. Baina irabazteko lehian denak balio du, eta epaileek Real Madrilen partidetan hartutako erabaki eztabaidagarriek sua piztu dute Bartzelonan. Hortaz, Gil Manzanoren lana lupaz aztertuko dute gaurkoan.

Zailtasunak zailtasun, lehoiek daukaten guztia eman beharko dute. Europarako sailkatzea oso zaila dago, baina ezinezkoa ez da. Bost puntu ez da langa gaindiezina. Eta, gainera, ezer jokoan egon ez arren, grina eta gosea ezin dira inoiz galdu. Athleticek ez du galdu txapelketa berrekin zenetik, baina gaur aurreko partidetan protagonismo gutxi izan duten futbolari askoren txanda izango da. Jokalariak hasi baitira nekea pilatzen. Yuri zigortuta dago, eta taldearen bizkarrezurra osatzen duten beste jokalari batzuk atseden hartuko dute, nekea erasaten hasia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.