Ion Izagirre

Bukatu da agorraldia

Ion Izagirrek bi urteko lehortea eten du, Valentziako Itzulia irabazita. Hori eginda, berretsi egin du espezialista dela astebeteko itzulietan. Andaluziako Itzulian, Paris-Nizan eta Euskal Herriko Itzulian arituko da orain, hurrenez hurren.

enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Astanako maillota jantzi orduko dastatu du garaipen eztia Ion Izagirrek. Valentziako Itzulian ekin dio denboraldi berriari, eta sailkapen nagusia irabazi du bertan. Bazuen podiumera igo eta eztarria xanpainez freskatzeko beharra, garaipen zerrenda idor baitzeukan azkenaldian. Garaipenen bildumari ale preziatu bat gehitu zion 2016an, Frantziako Tourreko 20. etapa irabazita; ordea, harrezkeroztik besoak altxatu gabea zen. Oso ongi aritu arren, lana borobildu ezinik ibili da azken bi denboraldietan. Bada, iragan igandean eten zuen idortea, ibilbideko hamargarren garaipena lortuta.

Lasaitu ederra hartu du Izagirrek. Hori iradokitzen dute lasterketa bukatu berritan esandakoek. «Ahalik eta azkarren irabaztea zen sasoi honetako helburua. Morzinen egindakoa oso urruti zegoen jada. Niretzat oso garrantzitsua da neure burua Valentziako Itzulian lehian ikusi izana, halako lasterketa gogor batean. Lehengora itzuli naiz, denboraldia ezin hobeto hasita». Munduko txapeldun Alejandro Valverde (Movistar) menperatu du sailkapen nagusian, eta horrek, txirrindulari ormaiztegiarraren hitzetan, «ospe handiagoa» ematen dio garaipenari. Taldearen maila ere goratu du, Pello Bilbaok hirugarren egin, eta Astanak taldekako sailkapena irabazi baitu.

Izagirrerentzat, lehen eguneko erlojupekoan egon da garaipenaren gakoa. «Gaur egun, alde handiagoa izaten da erlojuaren kontra, aldapan gora baino. Atzoko [larunbateko] igoeran apenas izan zen alderik, eta, azkenean, funtsezkoa izan da erlojupekoan lorturiko errenta». Zehazki, zazpi segundo atera zizkion Bilbaori, eta bederatzi Valverderi. Oso txikia zen aldea, baina sendo eutsi dio. Bi segundo soilik galdu zituen Valverderekin laugarren etapan, Santa Luziako ermitako igoeran, hura gogotik saiatu bazen ere ormaiztegiarra atzean uzten.

Valentzian erabilitako estrategia Izagirreren estiloaren erakusgarri ona da. Oso abila da erlojuaren aurka —lau garaipen lortu ditu orain arte diziplina horretan; tartean, 2016ko Espainiako Txapelketa—, eta bertute horri probetxu handia ateratzen dio sailkapen nagusiaren lehian denetan. Labur esanda, maldan gora eutsi eta erlojupekoetan hautsi egiten du; hala irabazi zuen, esate baterako, 2015eko Poloniako Itzulia. Hura da, gaur-gaurkoz, ormaiztegiarraren garaipen zerrendan ageri den World Tour mailako itzuli bakarra. Podiumak baditu gehiago, ordea, hala nola hiru aldiz izan da hirugarren Euskal Herriko Itzulian, bi bider bigarren Polonian, behin bigarren Suitzan, eta behin hirugarren Erromandian. Hau da, irabazlea ez, baina espezialista petoa da astebeteko itzulietan.

Itzuli handietan, aldiz, ez du oraindik halako ahalmenik erakutsi; neurri batean, horretarako aukerarik apenas izan duelako. Iazko Espainiako Vueltan izan zuen estreinako abagunea hiru asteko itzuli batean lider gisa jarduteko, eta ondo moldatu zen: maillot gorriaren lehian ibili zen lasterketaren lehen zatian, eta bederatzigarren bukatu zuen azkenean. Frantziako Tourrean eta Italiako Giroan, aitzitik, talde lanean aritu da beti: Movistarren, Nairo Quintana eta Valverderen alde, eta Bahrainen, Vincenzo Nibaliren mesedetan.

Horrek, dena den, ez du esan nahi banaka zeresanik eman ez duenik. Izan ere, uztarria gainetik kendu ahal izan duenetan, gaitasun handia erakutsi du ehiztari moduan. Ezaugarri aproposak ditu horretarako: igotzaile ona da, eta gutxik jaisten dituzte aldapak haren ziztuan. Hori garbi gelditu zen 2016ko Tourrean irabazi zuen etapan. Bizia arriskuan jaitsi zuen Joux Plane, euria goian-behean ari zuela, eta Nibali eta Jarlinson Pantano garaitu zituen, maldan behera maisuak diren beste bi ziklista. Garaipen hark eta 2012ko Giroko 15. etapan lortutakoak distira berezia ematen diote Izagirreren garaipen zerrendari.

Ahaztu du istripua

Azken bi urteetan, ordea, ezin izan du bilduma apaindu. Aukera onak izan ditu, hala nola iazko Tourrean, Nibali taldeburuak lasterketa utzi ondotik; alabaina, bi aldiz bigarren izanda konformatu behar izan zuen. Hori bai, oroitzapen dezentez okerragoak dakarzkio 2017ko Tourrak. Erorikoa izan zuen lehen eguneko erlojupekoan, eta hortxe amaitu zitzaion denboraldia. Istripua izan zen, eroriko huts bat baino gehiago, orno bat apurtu baitzuen. Edonola ere, iaz apenas nabaritu zuen ezbeharraren arrastorik, urte bikaina osatu baitzuen. Irabaztea bakarrik falta izan zitzaion. Bada, sasoi berria hasi orduko kendu du arantza.

Datorren astean itzuliko da lehiara, Andaluziako Itzulian. Gero, Paris-Nizan eta Euskal Herriko Itzulian hartuko du parte, eta, ondoren, Italiako Girora joango da, Miguel Angel Lopezen bizkartzain gisa jardutera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.