Dabid Anaut.
Euskaraldia. IRITZIA

Aldiak, aldeak eta galdeak

2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Aldiak ugari ditugu azken boladan: Euskaraldia, Gaztealdia, Pantailaldia, Nafarroara begiratuz gero Agerraldia. Guztiek ere euskararen erabilera dute muinean, eta euskalgintza indarberritu beharraren seinaletzat ere har genitzake. Badu horien beharra euskararen normalizazioak. Izan ere, inora iritsiko bagara, gutxienez euskaldunon zati esanguratsu batek kontzientea eta aktiboa beharko luke, eta aldi horiek guztiek horretan ederki lagun dezakete.

Aldeak ere bai. Alde ederra euskararen «alde egotetik» euskararen «alde egitera», esate baterako. Lehendabizikoa garrantzizkoa da, baiki, baina bigarrena puskaz gehiago. Eta alde ederra, orobat, euskara indarberritzeko eta normalizatzeko egin beharko litzatekeen hizkuntza politikatik gaur egun egiten ari den horretara. Aldeak alde, indarrean diren hizkuntza politikak oro har aski ezak dira, «bizi ala iraun» aukeren artean lehendabizikoari eutsi nahi badiogu behintzat.

Berriz ere Nafarroari begiratuta, egiteko bat eduki badaukan Gobernu bat dugu —euskara sustatzeko eta normalizatzeko egitekoa, hain zuzen ere—, baina egiteko hori bete nahi ez duena. Hizkuntza politika kontraesankorra, alde batetik apur batzuk ematen dizkizuna, eta beste aldetik kentzen ari zaizuna. Balantzean, nolanahi ere, Nafarroan euskara hesitzeko politika gailentzen ari da, epaitegien laguntza estimatuarekin, bidenabar esanda.

Eta galdeak. Galde egin genezake, hasteko, desideratum itxura badu ere, oso bestelako hizkuntza politika: burujabea, gero eta ohikoagoak diren kanpoko esku-hartzerik gabea; arauaren, sustapenaren eta pertsuasioaren arteko sintesia eginen duena; integrala, lege-esparruan eta hizkuntza eskubideen eremuan eragiteaz gain —lurralde osorako ofizialtasuna aitortuz, besteak beste— gizartearen luze-zabalean eraginen duena (eremu publikoan, gizarte eremuan, merkatuan…); ezagutzaren unibertsalizazioa bilatuko duena; baliabidez hornitua; ongi komunikatua eta herritarren nahi, behar eta interesekin konektatuko duena; izan ginenarekin eta garenarekin lotzeaz gainera, izanen garenarekin ere lotuko gaituena.

Galde egin genezake, halaber, hizkuntza politika horrek eskatzen duen adostasun sozial eta politikora iristeko bakoitzak dagokion zatia jar dezala. Euskaraldiaren ariketa kolektiboak nornabakooi —eta entitateei— interpelazio bat egiten digun gisan, orotariko eragile sozial eta politikoei ere hizkuntza politikaren inguruko galdea egin behar zaie. Euskara normalizatzeko bide-orriaren korapiloa, izan ere, neurri handi batean behintzat, estrategia egokia diseinatzeak izan lezakeen zailtasunean baino gehiago, bide-orria onartu eta garatzeko erabaki politikoan eta sozialean baitago.

Eta geure buruari egin beharreko galderak ere baditugu, balizko bide-orri hori marraztu eta adostu baino lehen. Konparazio batera, zergatik egiten dugu euskaraz gaur egun? Eta zergatik eginen dugu euskaraz etorkizunean? Badakigu norberaren hizkuntza gaitasunak, norberaren inguruko euskaldunen dentsitateak eta gisakoek pisu handia dutela. Horien ondoan, eta kuantifikatzen dezentez zailagoak diren arren, erabileran erabakigarria den arau soziala baldintzatzen duten bestelako faktoreak ere baditugu, hizkuntza politikaren eraginpean daudenak: legeak eta arauak, hizkuntza paisaia, arlo publikoan eta jarduera arautuetan sortzen diren espazioak, erakunde publikoen komunikazioak, zerbitzu publikoetako langileen gaitasuna...

Euskaraldiak gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko proposamena egin zigun 2020an. Hitzez ekiteko garaia dela ozen aldarrikatu du 2022ko edizioan. Eutsi diezaiogun proposamenari, eta eraman dezagun proposamen hori bera hizkuntza politikaren alorrera, euskarak hori dena eta gehiago ere beharko baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.