Bide bat ordainerako

Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri berria du behin-behinean espetxean egon eta gero absolbituak izan direnek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dutela. Dagoeneko itxita dauden auziei ez die eragingo, baina aukera bat da aurrera begirakoentzat.

Edurne Begiristain.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Injustizia arintzeko leiho bat ireki dezake. Modu bidegabean espetxean egon direnei erreparazioa emateko bide bat.Espainiako Auzitegi Goreneko 3. salak ezarri berri du behin-behinean espetxean egon eta gero absolbituak izan direnek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dutela. «Edozein arrazoirengatik absolbitu edo auzia artxibatu den kasu guztietan» dute kaltetuek ordaina jasotzeko eskubidea, Gorenak ebatzi duenez. Atzerako eraginik gabekoa da sententzia, eta, beraz, ez zaie aplikatuko dagoeneko itxita dauden auziei. Haatik, aurrera begira, «aukera bat» ireki diezaieke antzeko egoera batean egon daitezkeen euskal herritarrei, Iñigo Iruin abokatuak BERRIAri baieztatu dionez.

Jurisprudentzia ezarriko du Gorenaren erabakiak, eta hemendik aurrera egon daitezkeen auzietan ezinbestean aplikatu beharko da hark ezarritako irizpidea. Hala, aurrerantzean Euskal Herrian modu bidegabean kartzelatuak izan daitezkeen herritarrentzat edota orain behin-behinean espetxean daudenentzat ordaina jasotzeko ate bat zabaldu du sententzia honek, baldin eta gero epaitegiek auzia behin betiko artxibatzen badute edo absoluzioa ematen badute. «Leiho bat irekitzen du kasu horietan, eta positiboa da, dudarik gabe», azpimarratu du, halaber, Alfonso Zenon abokatuak.

Euskal Herrian ugariak izan dira behin-behinean kartzelaldia pairatu duten lagunak eta hilabeteak edo urteak preso egon eta gero, zigortzeko froga nahikorik ez egoteagatik, absolbituak izan direnak. Salbuespena izan beharko lukeena arau bihurtu da, maiz, Euskal Herrian. Dozenaka dira gisa horretako auziak: Bateragune auzia, Alternatiba Demokratikoaren bideoa zabaltzeagatik HBren Mahai Nazionalaren aurka irekitakoa, Egunkaria-ren aurkakoa, Udalbiltzakoa, Askapenakoa, gazte mugimendu askoren aurkako sumarioak... «Tamalez, kasu horietako gehienei ez die eragingo Gorenaren epaiak, eta ezin izango dute kalte-ordainik eskatu», azaldu du Zenonek. Alabaina, etor daitezkeenentzat izan daiteke tresna baliagarri bat sufritutako injustizia erreparatzeko, Zenonen ustez: «Espetxeratzeak injustuak izan zirela aitortzeko aukera bat izan daiteke, ordaina emateko bide txiki bat ireki dezakeelako».

Nolanahi ere, ikusi beharko da Gorenaren epaia praktikan nola ezartzen den. Zuhurrak dira BERRIAk kontsultatu dituen bi abokatuak, Euskal Herrian oso ohikoak baitira halako kasuak eta bide administratiboa trabaz beteta egoten baitira kalte-ordainak eskatu nahi dituztenentzat. Gorenaren ebazpenak zein kasuetarako balio izango duen aurreratzera ez dira ausartu Iruin eta Zenon. «Egia da aukera bat zabaltzen duela, baina askotan auziak behin-behinean artxibatu egiten dira, frogarik ez dagoelako, eta kasu horiek ez ditu aintzat hartzen sententzia honek», azaldu du Zenonek.

294.1 artikulua

Auzitegi Gorenaren sententziaren jatorrian Auzitegi Konstituzionalak joan den ekainean ezarritako doktrina berri bat dago.Funtsean, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 294.1 artikuluak jasotzen zituen baldintza gogorrak leundu ditu Konstituzionalak, eta behin-behinean preso egon ostean absolbitu dituztenei kalte-ordainak emateko aukera zabaldu du horrela.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren artikulu hori, idatzita zegoen moduan, konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen Konstituzionalak udan kaleratutako epai batean. Orain arte, legeak ezartzen zuen kalte-ordainak galdegiteko eskubidea zutela kartzelan behin-behinean egon ostean auzitegiak erabakitzen zuenean atzean ez zegoela delitu gisa epai zitekeen egitaterik, eta, ondorioz, auzia artxibatzeko epai irmoa ematen zuenean. Hala, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ukatzen zen delitu bat egon zela frogatutzat jotzen zen kasuetan, nahiz eta kaltetuak delitu horretan parte hartu ez, eta frogarik ez zegoen kasuetan. Auzitegi Konstituzionalak orain erabaki duenez, baina, baldintza horiek bateraezinak dira «berdintasun» eta «errugabetasun» printzipioekin, eta, beraz, konstituzioaren aurkakoa da kalte-ordainerako eskubidea kasu horietara mugatzea. Horregatik, moldatu egin du legearen artikuluaren idazkera, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea gehiago zabalduta.«Bi kasuetan sakrifizioa eta kaltea berbera izan da, eta, beraz, ez dago arrazoirik kasu batean eta bestean tratamendu juridiko bereizia emateko», ebatzi du.

Konstituzionalak udan hartutako erabaki horretan dago «berritasun nagusia», Iruinek azpimarratu duenez. Azken urteotan, auzitegi horren mahaiaren gainean egon da 294.1 artikuluari buruzko eztabaida, eta hura moldatzeari buruz ados jarri ezinda egon dira auzitegiko magistratuak. Azkenean, baina, lortu dute irizpide bateratua finkatzea, nahiz eta ez duten aho batez egin —boto partikularrak egon dira—.

Hala, Konstituzionalak zehaztu du kalte-ordaina jasotzeko aukera izango dutela behin-behinean espetxean egon diren guztiek absoluzioa izan den edo auzia behin betiko artxibatu den kasuetan, betiere kaltea jasan dutela erakusten badute. Gorenak, orain, kasu jakin batean ezarri du Konstituzionalaren doktrina, lehen aldiz. Joan den astean kaleratutako epai batean erabaki du 3.000 euro ordaindu behar zaizkiola 351 egun preso eman ostean absolbitu zuten gizon bati.

Kasu jakin horretan oinarrituta, Gorenak ondorioztatu du edozein arrazoirengatik absoluzioa ematen den «kasu guztietan», kaltetuak ordaina jasotzeko eskubidea duela. Diru kopurua kalkulatzeko irizpidea ere ezarri du: preso egondako denboraren eta horrek eragindako «ondorio pertsonal eta familiarren arabera» finkatuko da.

«Balio politikoa»

Gorenaren epaiak garrantzi berezia har dezake hemendik aurrera Euskal Herrian, nahiz eta itxita dauden auziei ez eragin. Ez da ahaztu behar asko eta asko izan direla atxilotutakoak eta espetxeratuak —horietako asko inkomunikatuak eta torturatuak izan dira— eta epaitegiek, gero, absolbitu egin dituztenak. Euskal herritar gehienentzat berandu iritsi da Gorenaren erabakia, dagoeneko ez dutelako kalte- ordainak eskatzeko aukerarik, baina balio politiko garrantzitsua izan dezake.

Iritzi horretakoa da Igarki de Robles gasteiztarra. Segi erakundearekin lotutako auzi batean atxilotua eta espetxeratua izan zen. 2015eko maiatzean, Auzitegi Nazionaleko zigor arloko 4. salak 28 epaituetatik zigortu zituen zazpietako bat izan zen De Robles. Seina urteko espetxe zigorra ezarri zien auzitegiak, baina, epaia irmoa ez izan arren, zazpiak atxilotzeko eta behin-behinean kartzelatzeko agindu zuen. Urte bereko abendura arte preso egon zen Robles. Handik hiru urtera Konstituzionalak, defentsaren babes helegitea aintzat hartuta, ez zituen ontzat jo atxiloketak eta espetxeratzeak, eta ilegalak izan zirela ebatzi zuen. Espainiari kalte-ordainak eskatzeko aukera aztertu zuten orduan zazpi gazteek, baina abokatuekin kontsultatu ostean, bide hori ez hartzea erabaki zuten, De Roblesek egunkari honi azaldu dionez. «Prozesua trabaz beteta egongo zela ikusi genuen, oso zaila zela ezer lortzea, eta baztertu genuen».

Kartzelak beti sortzen dio sufrimendua zigorra betetzen ari denari, baita bere senide eta lagunei ere. Kalte pertsonal eta ekonomikoak handiak izaten dira, kasu guztietan. Hori horrela, orain Gorenak hartu duen erabakia «positiboa» izan daitekeela uste du De Roblesek, neurri batean bada ere: «Ez luke balio izango eragindako samina sendatzeko, inolaz ere, baina helduleku politiko bat izan daiteke ikusarazteko Espainiak Dena ETA da doktrina hori baliatu duela disidentzia politikoa modu basati batean zigortzeko».

De Roblesek argi du espetxealdiak eragindako sufrimendua ezin dela diru kopuru batekin arindu. «Alde horretatik, kalte-ordainek ez dute samina sendatuko». Nolanahi ere, iritzi dio ikuspuntu politiko batetik «garrantzitsua» izan daitekeela epaia, balio dezakeelako «kontakizunaren batailan beste ikuspegi bat azaleratzeko», eta agerian uzteko «Espainiako botere judizialak nola jokatzen duen Euskal Herriko mugimendu politiko oso bat zigortzeko».

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere hausnarketa bera egin du: «Balio politiko handia du, zalantzarik gabe. Ez ditu konpentsatuko espetxealdiak eragindako kostu ekonomiko eta pertsonalak, baina termino politikoetan esanguratsua da, nabarmen uzten duelako estatuak bidegabe jokatzen duela». Bere kasuan ere hala izan da. Hiru aldiz egon da preso auzi ezberdinengatik eta hiruretan absolbitua izan da. Guztira, ia hamar urte igaro ditu espetxean, horietatik lau behin-behinean.

Azken aldiz Bateragune auziagatik egon zen kartzelan —sei urtez—, baina Estrasburgok 2018an ebatzi zuen auzikoek ez zutela epaiketa inpartziala izan. Auzi hori ez du bertan behera utzi oraindik Gorenak, eta, beraz, auziko bost zigortuek aukera izango dute kalte-ordaina eskatzeko behin-behinean preso egondako hilabeteengatik. Helegitea aurkeztua dute Bateragune auzikoek Gorenean hark auzia behin betiko itxi dezala eskatzeko, eta behin auzitegiak prozedura guztia ixten duenean, kalte-ordainak eskatzeko tramiteak egingo dituzte, joan den astean kaleratutako sententzia berriak horretarako aukera ematen baitie. «Kalte-ordaina jasoz gero, zertxobait arindu daiteke sufritu duguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.