Lozorrotik esnatu dira

Ezusteko handirik gabe amaitu da Eurokopako multzoen fasea. Belgikak, Italiak eta Herbehereek soilik irabazi dituzte hiru neurketak. Eñaut Barandiaran entrenatzaileak Italiaren eta Herbehereen maila nabarmendu du, eta haien jokoan jarri du arreta: «Aurrerapauso handia eman dute».

Italiako selekzioko kideak, Matteo Pessinak Galesi sartutako gola ospatzen. ALBERTO LINGRIA / EFE.
Iñaki Berastegi.
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Eurokopako final-zortzirenetara sailkatu diren hamasei selekzioek hiru partidatara dute Wembley estadioan jokatuko den final handia. Batzuentzat sekulako arrakasta da txapelketa handi bateko kanporaketak jokatzeko sailkatzea, eta beste batzuentzat, faboritoentzat, lehen tramitea gaindituta, orain hasten da benetako txapelketa. Hasi aurretik bezala, Frantzia da oraindik ere hautagai nagusi, baina Italia eta Herbehereak hautagai nagusien zerrendan sartu dira. Eñaut Barandiaran Indartsu taldeko teknikariak aztertu du multzoen fasea.

GORA
Hautagai berriak

Emaitzei erreparatuz gero, hiru selekzio nabarmendu dira ligaxkako aurreneko hiru neurketetan: Belgika, Italia eta Herbehereak. Hiru horiek izan baitira multzoen faseko neurketa guztiak irabazi dituzten bakarrak. Txapelketa hasi aurretik, Frantzia, Portugal, Belgika eta Ingalaterra ziren Eurokopa irabazteko faborito nagusiak. Frantziak gainontzekoak baino «koxka bat gorago» jarraitzen badu ere, multzoen fasea aztertuta, Barandiaranek uste du bai Italia, baita Herbehereak ere hautagai nagusien zerrendan sartzeko moduko selekzioak direla: «Aurrerapauso handia eman dute bi selekzioek. Zalantza askorekin iristen ziren txapelketara, batik bat Herbehereak, baina demostratu dute merezi dutela hautagai izatea. Herbehereen kasuan, kalitatezko jokalariak dituzte, abiadurarekin jokatzen badakite, eta atzean defendatzeko gai ere ikusten dut taldea». Beraz, argi dago, Italia eta Herbehereak izan dira multzoen fasetik bereziki indartuta atera diren selekzioak. Eta estatistikek hori berresten dute. Izan ere, Ingalaterrak bezala, Italiak ez du gol bakar bat ere jaso hiru neurketetan. Eta Roberto Manciniren taldea bada gol gutxien jaso duenetako bat, Frank De Boerren selekzioa da gol gehien egin duena: zortzi sartu ditu, hain zuzen ere.

Biak ala biak azken Munduko Koparako sailkatu gabe geratu ostean. Kolpe handia izan zen hori, baina txapelketa bikain abiatu dute. Esnatu dira, eta irabaztearekin amesten dute. Hautagai nagusien zerrendatik kanpo, Danimarkaren maila «ezusteko handia» izan da Barandiaranentzat.

AURREIKUSPENAK BETEZ
Frantzia, faborito nagusi

Aparteko distirarik egin gabe sailkatu dira beste asko, besteak beste, txapelketa irabazteko hautagai nagusietako batzuk: Frantzia, Portugal, Belgika eta Alemania, adibidez. Sufritzea ere tokatu zaie batzuei. «Argi dago Frantzia hautagai nagusien artean dagoela. Talde bikaina dauka, lerro guztietan. Hala ere, uste dut anbizio apur bat falta zaiola, eta horrek, agian, arazoak sortuko dizkio». Belgikaren kasuan, atzeko lerroak kezkatzen du: «Zelai erditik aurrera kalitate handiko taldea da, baina atzealdea, Courtois atezaina kenduta, ez da hain indartsua».

Portugalek eta Alemaniak sufrituta lortu dute final-zortzirenetarako sailkatzea. Barandiaranek azpimarratu du Cristiano Ronaldo izar duen selekzioak bere aurreikuspenak bete dituela: «Taldearengandik bainoago, jokalari batzuengandik gehiago espero nuen. Adibidez, Bruno Fernandesek maila hobea emango zuela uste nuen». Alemaniari dagokionez, «denetarik» egin du lehendabiziko hiru partidetan: «Joko momentu oso onak txarrekin tartekatu ditu. Defentsan talde eskasa izan da».

BEHERA
Espero baino okerrago

Sailkatzea lortu badute ere, Kroaziak, Ingalaterrak eta Espainiak espero baino maila apalagoa eman dutela uste du Barandiaranek: «Ingalaterra asko aipatzen da, baina oraingoz nahiko hotz utzi nau. Egia da emaitzak lortu dituela, baina, talde moduan, ez dut ezer berezirik ikusi». Oso bestelako egoera da Espainiarena: «Luis Enriquek taldea goitik behera aldatu nahi izan du. Iruditzen zait Eurokopa hau proba modura erabiliko duela, etorkizunean zer talde izan nahi duten erabakitzeko. Inork ez daki». Kroazia, berriz, Errusiako Munduko Koparen ostean «maldan behera» datorrela iritzi dio.

IZARRAK
De Bruyne onena

Lehendabiziko hiru jardunaldi hauetan, jokalari askok maila bikaina eman dute. Atezainen artean, Finlandiako Lukas Hradeckyren lana nabarmentzeko modukoa da, besteak beste. Lehendabiziko hiru partida hauetako atzelari onenetako bat Denzel Dumfries Herbeheretako hegaleko atzelaria izan da, bi gol sartuta. Eta, aurrelariak aipatuta, Cristiano Ronaldo bost gol daramatza eta Romelu Lukaku izan dira onenetariko batzuk. Barandiaranek beste hiru jarri ditu horien gainetik, erdilariak hirurak ere: «Kevin De Bruyne sekulako jokalaria da. Belgikaren jokoari zentzua ematen dion pieza da. Luka Modric ere ez nuke ahaztu nahi: beteranoa da oso, baina Kroaziaren maila igotzen du. Azkenik, partida bakarra jokatu duen arren, Sergio Busquets aipatuko nuke». Bat aukeratzekotan, ez du zalantzarik: «De Bruyne litzateke onena».

ARBELA
Bosteko defentsaren alde

Eurokopan parte hartzen ari diren taldeetako askok hiru erdiko atzelari eta bi hegaleko sistemaren aldeko apustua egin dute lehendabiziko neurketa hauetan. Esaterako, Alemaniak, Herbehereek eta Belgikak jokatu dute bost atzelarirekin, besteak beste. Trantsizioetatik babestea eta hegaleko jokalariei askatasun gehiago emateko gogoa daude erabaki horren atzean: «Egungo futbolean trantsizioek berebiziko garrantzia dute. Lauko defentsarekin ari zarela baloia galtzen baduzu, min handia egiten dizute. Beraz, babesteko neurri bat da. Baina, aldi berean, hegaletako jokalariei askatasun handiagoa emateko baliatzen da. Izan ere, postu horietan ari diren jokalariak gero eta erasokorragoak dira», nabarmendu du.

Hala ere, badira arrakasta duten beste jokatzeko modu batzuk ere: «Frantziaren helburua golik ez jasotzea da. Hori lortzen badu, badaki aurreko jokalariek duten kalitatearekin golak egingo dituela. Espainia ere zurruna da bere sistema aldatzeari dagokionez».

LEHIA ALDE BATERA UTZITA
Eriksen, osatzeko bidean

Berdegunetik kanpo, Christian Eriksen izan da, eta izango da, Eurokopa honetako protagonista nagusietako bat. Lehendabiziko jardunaldian, Finlandiaren aurkako neurketan, Danimarkako jokalariak konortea galdu eta ospitalera eraman behar izan zuten. Egoera larria gaindituta, eta jokatzeko ez badago ere, zorionez, etxean osatzen ari da Milango Interreko erdilaria.

Espero zen moduan, COVID-19ak ere zeresana eman du. Txapelketa hasi aurretik ez ezik, txapelketa abiatuta ere atzeman dituzte kasu positiboak jokalarien artean. Azkenetako bat Billy Gilmour Eskoziako erdilaria izan da: Ingalaterraren aurkako partidan neurketako jokalaririk onenaren izendapena jaso eta biharamunean, positibo eman zuen.

Gainera, Hungariako Gobernuaren jarrera homofoboaren aurkako protesta egiteko asmoz, Municheko Udalak ostadarraren koloreekin argiztatu nahi zuen Allianz Arena estadioa Alemania eta Hungariaren arteko partidarako, baina UEFAk debekatu egin zuen. Azkenerako, Alemaniako beste zelai asko ostadarraren koloreekin argiztatu zituzten. Manuel Neuer Alemaniako selekzioko kapitainak, ordea, UEFAren baimena izan du ostadarraren besokoa janzteko.

Bihartik aurrera ekingo zaie Eurokopako final-zortzirenei, eta hor ere izango da zer kontatua, bai kirol arloan, eta baita hortik kanpo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.