Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Hegoak ebaki banizkio...

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Duela hilabete batzuk hitz egin nizuen Ekografiak hauetan, gaur egun, bizirik jarraitzen dutenen artean, nire telesail kutuna denaz: The Expanse (Amazon Prime Video). Euskaldunei egiten dizkigun keinuez harago, telesail borobila dela aipatu nizuen zutabe hartan. Eta, baita ere, hirugarren denboraldiak eskaintzen zuen aukera amaiezinez beteriko unibertsoak laugarren denboraldiari heltzeko irrikaz ninduela.

Ba azkenean, nahi baino gehiago kostatu zait, The Expanse-ren laugarrenari behar eta merezi zuen denbora eta arreta eskaini ahal izatea. Itxialdi honek ere baditu bere gauza onak, ez ukatu. Espektatibak oso altuak ziren, eta, Twitterren telesail horrek duen jarraitzaile samalda zoroak eginiko kritiken ostean, beldur apur bat ere banuen telesailari heltzeko, egia esan. Hortik, agian, hainbeste atzeratzea denboraldia ikusteari ekiteko unea.

Orokorrean, ez zegoen kritika suntsitzailerik, baina desilusio apur bat ere sumatu nuen hirugarren denboraldiaren amaierak sortutako espektatiba altu horien ondorioz. Ikusi ondoren, ulertzen dut hainbat ikusleren erreakzioa, baina ez dut ezer esateko telesailak hartu duen norabidearen aurka. Ukaezina da, hirugarrenaren amaieran, guztioi, Stargate kultuzko telesaila etorri zitzaigula burura. Baina The Expanse ez da Stargate, eta hori oso argi dute sortzaileek. Laugarren denboraldiak The Expanse izaten jarraitzen du, eta bertan hartu duten bidea oso argi dutela erakusten diguten hainbat pista eta bide erakusten zaizkigu. Badakite nora doazen, eta horrek itxaropenez betetzen nau. Aurreko astean, Altered Carbon telesailaz hitz egin nizuen, eta badirudi The Expanse-k ez duela Netflixeko ekoizpenak egindako akatsa errepikatuko. The Expanse-k The Expanse izaten jarraituko du, eta ez beste gauza bat. Eta eskerrak, horregatik baita hain ederra. Imajinatzen zein aspergarria izango litzatekeen mundua gure gustuko telesailetan guk nahi duguna eta nahi dugunean gertatuko balitz? Txoria, hegoak eta gauza horiek, badakizue. Hegoak ebaki banizkio... Stargate izango zen.

Bide batez, jakin laugarren denboraldian ere badira euskaldunoi eginiko keinuak. Beste batzuen artean, Primo eta Segundo Arriaga izeneko pertsonaiak agertu zaizkigu, azken aurrekoan zendu zen Iturbe doktorearen ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.