Donostiako Aste Nagusia

Bandera beltzak kaiaren jabe

Piratek Donostia abordatu dute, haizeari eta olatuei aurre eginez; 1.500 lagunek hartu dute parte, 203 baltsatan. Jendetza bildu da portutik Kontxako hondartzarako bidean ere, abordatzea ikusteko

Lurreratzea. Hondartzara iritsitakoek pozik jaso dituzte besoak. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun

Olatuekin dantzatu dira piraten baltsak Donostiako kaian; haizeak astindu ditu haien banderak eta aldarri koloretsuak. Oztopoak oztopo, hiria abordatu dute piratek Aste Nagusian. Portutik Kontxako hondartzarako bidea egin ohi dute jaietako astelehenean. Aurten, festa parte hartzaileen aldeko eta «kortsarioen» aurkako mezua lehorreratu dute.

Pasaiako (Gipuzkoa) lagun kuadrilla bat porturantz abiatu da. Eneko Lilly pirata jantzita doa, praka marradunekin eta kamiseta zuriarekin. «Beste txalupak abordatzeko asmoz gatoz, baina biolentziarik erabili gabe», azaldu du. Gainerakoek kamiseta horiak dituzte soinean, baita zapiak eta partxeak ere. Jon Sanzek esan duenez, denentzako tokia dago beren ontzian: «Herrian osatutako baltsa da; gogoa dugunok ateratzen gara».


Jolaserako eta elkar bustitzeko tartea ere hartu dute piratek abordatzean. J. C. Ruiz / Foku

Eider Villalva eta haren lagunak Kaimingaintxoko karparen ertzean daude. Gurpil itxurako flotagailuak dituzte gerrian; garagardoz betetako edalontziak, berriz, eskuetan. Donostiakoak dira gehienak, baina Madrilgo bizpahiru lagun ere badira taldean. «Guk lauzpabost urte daramatzagu. Hauek Madrilgoak dira; iaz atera ziren, eta gustatu egin zitzaien», azaldu du Villalvak.

Kontxara, nola edo ahala

Bertakoak eta kanpokoak; beteranoak eta hasiberriak; denak elkartzen dira abordatzean. Lehenengoz atera dira Mikele Albisu eta haren lagunak: «Antiguakoak gara, eta bederatzi laguneko taldea osatu dugu». Piraten bazkarian bete dute sabela, eta eguzkipean etzanda daude, itsasora sartu aurretik. Atseden hartu eta freskatu, bietatik egin dute: Jon Garitano ondokoa bustitzen ari da, ur pistolarekin. «Bizirik iristea da gure helburua, eta, ahal bada, baltsaren bat abordatzea», esan du Garitanok.

Garrasiak, kantuak eta jauziak dira nagusi portuko arrapalan. Itsasora sartzeko gogotsu daude han bildutako 1.500 piratak. Abordatzea hasi baino ordu laurden lehenago ireki dituzte hesiak peto horidunek; ontzien bila abiatu dira piratak. «Bustitzeko gogoa dutela dirudi!», esanez animatu dituzte esatariek bozgorailuetatik.


Kontxarako bidea egiteko, arraunak erabili dituzte askok, baita flotagailuak ere. J. C. Ruiz / Foku

Piraten zain daude baltsak uretan; kolorea eta aldarriak dira nagusi 203 ontzietan: ikurrinak, piraten bandera beltzak, euskal presoen aldekoak, Kukutza gaztetxekoa eta beste hainbat bandera astintzen ditu haizeak. Laster bete dira ontziak pirataz.

Ur ertzean daude Ezkila eta Matti: Traganarrua kofradiako kideak eta Donostiako lau gaztetxeetakoak, hurrenez hurren. Haien hitzekin hasi da abordatzea: «Goazen kortsario bihurtu den Donostia abordatzera!», esatearekin batera lehertu da suziria. Kontxarako bideari ekin diote ahal izan dutenek, flotagailu, arraun, beso eta zangoen laguntzarekin.

Uretara jaisteko eskailera batzuen buruan dago Kalepoza kofradiako Marina Estebanez, beste bi lagunekin. Ikusleei argibideak ematen ari dira. «Ostegunean hasi ginen guztia prestatzen, hesiak jartzen eta». Abordatzean ateratakoa da Estebanez, baina gaur lan egitea tokatzen zaio. «Kontxara bideratzen saiatzen gara, eta leher eginda daudenei ateratzen laguntzen diegu».


Hondartzara iritsitakoek pozik jaso dituzte besoak. J. C. Ruiz / Foku

Itsasoa ez ezik, jendez bete dira portuko eta pasealekuko bazterrak ere. Han dago Arantxa Urbieta; Errenteriakoa (Gipuzkoa) da, eta urtero joaten da abordatzea ikustera: «Senarra, koinatua eta ilobak ateratzen dira. Urtero iristen dira Kontxara; nola... hori beste gauza bat da!».

Kostata batzuk, errazago besteak, ordu erdi pasatxoan iritsi dira lehenengo baltsak Kontxara. Esku hutsik iritsi dira Ane Renteria eta Naroa Irigoien hondartzara: «Ez dugu aurkitu gure baltsa». Halere, pozik daude, Kontxara iristea lortu baitute. Martxel Lasa eta haren lagunek zorte hobea izan dute, baltsa ia osorik iristea lortu baitute: «Banbu adarrekin, okume xaflarekin eta flotagailuekin egin dugu». Baltsarekin ala gabe, Donostia abordatu dute piratek hamazazpigarrenez, eta haien bandera beltza astindu du haizeak hirian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.