'Fortnite' fite zabaldu da

'Fortnite' bideo jokoak milioika jokalari ditu mundu osoan. Euskal Herrian ere gaztetxo asko daude kateatuta; adingabeak dira jokalarietako asko. Doakoa izatea eta edozein gailutan lagunekin jolastu ahal izatea ditu gakoetako batzuk.

Munduko txapelketako finala jokatu zuten uztailean, New Yorken, eta 2,7 milioi euro eskuratu zituen irabazleak. JASON SZENES / EFE.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Uharte bat eta ehun jokalari. Ekaitzen eraginez, uhartea gero eta txikiagoa da. Jokalariak ere gero eta gutxiago dira, elkar hiltzen baitute. Bakarra gelditzen den arte. Hori da Fortnite Battle Royale bideo jokoaren oinarrizko dinamika, nahiz eta askotariko ñabardurak dituen. Munduan jokalari gehien dituen bideo jokoa da Fortnite—udaberrian Epic Games enpresako zuzendariak esan zuen 250 milioi jokalari baino gehiago dituela—. Euskal Herriko haurren eta nerabeen artean Fortnite jokoaren zale ugari daude. Horietako bat Xavi Serrano da: 10 urte ditu, Hernanikoa (Gipuzkoa) da eta denboraldi honetan 63 garaipen baino gehiago lortu ditu. «Munduko bideo jokorik onena da», esan du. Haren aita Isidro Serrano futboleko bideo jokoetan aditua da, eta begi onez ikusten du Fortnite: «Elkargune bat ere bada jokoa. Esate baterako, semeak ikastolako lagun batekin joka dezake Fortnite-ra, eta lagun horrek futbol taldeko beste lagun bat du, eta hura ere ezagutuko du. Beste herrialde batzuetako jokalariak ere ezagutzen dituzte tarteka».

Bideo jokoa doakoa da, plataforma askokoa, eta sarearen bidez toki askotako jokalariekin joka daiteke. «Argi dago horiek direla arrakastaren gakoak», azaldu du Serranok. «Dibertigarria ere izan behar du; doakoa eta plataforma askokoa izanagatik, jendeari ez bazaio gustatzen, alferrik da».

Jokoak zaletasuna sortzen du,eta badira oso serio hartzen dutenak. Valencia CF Esports bideo jokoen taldean (Herrialde Katalanak) Fortnite-ko jokalari ordezkari bat izendatu dute. Sare sozialetan deialdi bat egin zuten hautagaiek bideoak bidal zitzaten. Sergio Benet Valencia CF Esports taldeko kudeatzaile nagusia bideo jokoetan aditua da. Azaldu duenez, Fortnite-k ez du txapelketen egitura sendo bat, League of Legends-ek duen moduan. Edonola ere, uztailean munduko txapelketako finala jokatu zuten, eta Kyle Giersof irabazleak 2,7 milioi euroko saria irabazi zuen. Txapelketan 40 milioi lagunek parte hartu zuten.

AEBetan du egoitza Fortnite-k, eta bertan ari da lanean Beñat Miranda —Barakaldokoa (Bizkaia) da—. BERRIA harekin harremanetan jarri da , baina ezin izan du adierazpenik egin, enpresak hedabideekin hitz egiteko muga zorrotzak jartzen baitizkie langileei.

Lagunartean jolasteko

Beneti iruditzen zaio «ekaitz perfektua» gertatu dela Fortnite-rekin: «Jokoa iritsi zen Battle royale generokoak [bizirik irauteko batailenak] funtzionatzen hasi ziren unean. Bazegoen generoko joko indartsu bat, baina 30 euro kostatzen zen, eta soilik PC ordenagailurako zen». Aldiz, Fortnite-ra joka daiteke mahaiko ordenagailuan, kontsoletan eta sakelakoan. «Osagai berriak sartu zituzten; adibidez, eraikuntza. Eta Battle royale-n tiradizoa baliatu zuten. Plataforma askokoa izateak ahalbidetzen die gazte batek bere etxean kontsolan jolasten egotea, eta aldi berean partida berean Errusian dagoen lehengusu bat PC ordenagailuan jokatzea». Azken osagai horrek balio handia duela uste du adituak. «Jokoaren zabalpena ikaragarria izan zen, jende guztiak eta doan joka dezakeelako».

Benetek ez du argi datua benetakoa izango den, baina albiste bat irakurri du esaten duena munduan jokatzen diren hamar partidatatik zazpi Fortnite-koak direla —sakelako telefonoetako jokoak albo batera utzita—. «Zehatz-mehatz hala izango ez balitz ere, sektorea bereganatua du Epic Gamesek».

Bideo jokoa nahiko sinplea da, berez. Shooter generokoa da, hau da, tiro egitekoa. Era berean, osagai guztietan asmatu egin dutela iruditzen zaio Beneti: «Garatzaileek oso ondo egin dituzte gauzak. Objektuak erosi behar dituzu, baina horrek ez du gehiegi eragiten jokoan; orekatua da erosketa sistema. Edonork joka dezake partida bat. Eta partida bat galdu ostean, berehala sortzen zaizu beste bat jolasteko gogoa. Lagunekin jolasteko ere prestatua dago, eta horida ederrena». Isidro Serranoren semeak eskolako beste gelakide batzuk topatu ohi ditu partidetan. Irungo (Gipuzkoa) neska bat ezagutu zuen jokoan, eta elkar laguntzen zuten. «Gaur egungo bideo jokoen gauzarik zoragarrienetako bat da hori. Bestela sekula ezagutuko ez zenukeen norbait ezagutu dezakezu», esan du mutikoaren aitak.

Euskal Herrian Fortnite-rekin dagoen zaletasuna oso agerian gelditu zen abenduaren 6tik 8ra Barakaldoko BEC erakustazokan. Fun & Serious Game Festival jaialdia egin zuten bertan, eta eremu handi bat prestatu zuten Fortnite-ra jolasteko. 400 eserleku paratu zituzten, eta ilara luzeak sortu ziren hainbatetan.

BECeko jokalarien artean, Gasteizko Andrea Delgado neska egon zen. 12 urte ditu, eta «primeran» pasatzen du jokoarekin. Susana Martin amak azaldu du lehendik ere bideo jokoen zalea zela alaba. «Fortnite jokoarekin gertatu dena da zenbait lagun ordu berean gelditzen direla partidak jolasteko. Lagun berriak ere egin ditu jokoari esker. Ondo iruditzen zait». Neskak nabarmendu du «pertsona onak» topatzen dituela jokoan eta «dibertigarria» dela. Javier Delgado aitak ohartarazi du astegunetan ez duela jolasten, eta batez ere asteburuetan aritzen dela: «Bolada batzuetan zaletuago dago, eta beste batzuetan, gutxiago. Ni ere bideo jokoen nahiko zalea naiz, batez ere simulazioena. Etxean ordenagailu indartsu bat izateak ere erraztuko zuen alaba zaletzea». Munduko txapelketak egon arren, 12 urteko neskak eta haren amak helburu bakarra «ondo pasatzea» dela argi dute. Haren ikasgelan beste bost neska-mutikok jolasten dute Fortnite-ra. Amak nabarmendu du ingelesez mintzatzen dela beste jokalari batzuekin.

Serranok aitortu du semea kateatua dagoela bideo jokoarekin, baina ez duela denbora gehiegi jolasten pasatzen. «Eskolatik ateratzean, futbol entrenamenduak ditu, eskola kirolera joaten da, parkean aritzen da jolasten, eta etxeko lanak ditu, edo ikasi egin behar du. Ez du hainbeste denbora bideo jokoan aritzeko».

Munduko txapelketan dirutza irabazi izanak errealitatea den bezalakoa ez onartzera eraman dezake baten bat. Hala ohartarazi du Serranok: «Kasu bat egon zen, non aita batek semea eskolatik atera zuen Fortnite-ra modu profesionalean jolas zezan, oso ona omen zelako. Erokeria hutsa da hori; ez du ez hankarik ez bururik. Gainera, erabaki horrekin ez dago saririk ziurtatuta».

Adin txikikoak dira Euskal Herrian eta munduan Fortnite-ra jolasten dutenetako asko eta asko. Berez, 12 urtez gorakoentzat gomendatuta dago. Muga hori zalantzan jarri du Serranok: «Semeak 10 urte ditu, eta jolasten du. Telebistako eduki batzuetan erronbo bat agertzen zenean bezala da. Baina Fortnite marrazki bizidun batzuk bezalakoa da, eta ez dago odolik. Beste kontu bat dira Call of Duty bezalako jokoak; hori 18 urtetik gorakoentzat da». Badira gurasoak kezka handiarekin hartzen dutenak seme-alabek bideo jokoekin duten zaletasuna. Serranori iruditzen zaio gurasoek ezagutu egin behar dutela haurrek zertan eta zeinekin ari diren jokatzen. «Neska-mutilek errealitatea eta fikzioa bereizten jakin behar dute. Dena den, ikastetxean ikasten duten Historiako ikasgaian gerra eta indarkeria gehiago dago bideo jokoetan baino». Haurrek erreakzio txarrak badituzte, gurasoek adi egon eta zuzendu egin behar dutela aipatu du. «Hau joko bat baino ez da».

Fornite-k adikzioa sor dezakeela ohartarazi dute aditu batek baino gehiagok. Benetek ere hala uste du, eta jolasteko denboraren kudeaketa egokia egitea gomendatu du. «Gehiegikeria ez da ona ezertan, ezta Fortnite-an ere. Oreka bat behar da».

Benetek nabarmendu du Fortnite-k munduan izan duen arrakastak eragina izan duela bideo jokoen beste genero batzuetan. «E-sports jokoek bi urtez egin dute atzerantz, neurri handi batean Fortnite-ren erruz. Izan ere, Fortnite-k erakutsi du ez delae-sports bat izan behar munduko arrakastatsuena bilakatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.