Ikus-entzunezkoak

Istorioek ez dute hegan egiten

HBO Max plataformak 'Gone With The Wind' filma ezabatu du egun batzuez, arrazakeria bultzatzen duelakoan, eta hautsak harrotu ditu erabakiak. Zentsura itxura zuena propagandarako ekintza bat izan dela diote zinema adituek.

Gone With The Wind pelikularen irudi bat. BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk, HBO Max plataformak Gone With The Wind (haizeak eramana) pelikula baztertu zuen bere eskaintzetatik. Arrazoia: pelikula arrazista zelako jasotako kexak. Azken egunotan, berriz jarri dute ikusgai, baina hasieran pelikula desegokia delako ohar bat erantsi diote. Iraganeko edukiak ezabatzearen eta zentsuraren gaia berriz ere mahai gainean jarri du gertatutakoak. Pelikulak pelikula, bere horretan mantentzearen aldekoak dira zine munduko aditu gehienak, eta zentsura deitoratzen dute. Historia gertatu zen bezala kontatu behar dela diote.

Garaiak aldatu arren iragana ezin dela aldatu ohartarazi du Katixa Agirre EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak: «Pelikula hori garai batean egin zen, eta hartan gauzak beste modu batera ikusten ziren». Duela 80 urte egindako zerbait gaur egungo begiradarekin begiratzea ez dela zilegi uste du Agirrek. «Epaitu daiteke, baina kritikoak izanik». Halaber, iragana ezin dela ezabatu azpimarratu du. «Egungo garaia baino garai arrazistago bat egon bazen, hori ez dugu aldatuko garai horretan egindako obrak ezabatuz edo begien aurretik kenduz». Aitzitik, zineak beste hainbat gauzatarako bezala iragana ulertzeko ere balio duela nabarmendu du. «Pelikulak garaia ezagutzeko modu bat dira».

Iratxe Fresneda zinemagile eta zuzendariak azaldu du pelikulak garai batean egindako dokumentuak, testuak direla eta arrazista edo xenofoboa izan arren horrela dela. «Bestela testuaren modifikazio bat egiten geundeke». Ameriketako Estatu Batuetako identitatearen sorkuntzaren inguruan jendearen kontaketa eratzeko zer-nolako kontakizun ereduak sortu diren azaltzeko erabiltzen da Gone With the Wind pelikula, Fresnedak azaldu duenez. «Munduan arrazista, xenofobo, transfoboak diren ehunka kontakizun daude; batzuk ez dira horren agerikoak».

Testuinguruaren garrantzia

Pelikulak zer testuingurutan sortzen diren kontuan hartzea ezinbestekotzat daukate zinemagintzako adituek. Agirreren arabera, beste garai bateko pelikulak ikustean, ezinbestekoa da garai hori nolakoa zen ulertzen saiatzea. «Oso erraza zaigu antzinako produktuetan aurreiritziak edota diskriminazioak ikustea, baina askoz zailagoa egiten zaigu gure garaikideak diren produktu horietan aurreiritzi horiek ikustea». Garai bakoitzak bere «munstroak» dituela eta «munstro» horiek espresio kulturaletan agertzen direla azaldu du. «Laguntzen digu gure munstro garaikideei ere begiratzen edo hor daudela behintzat ohartarazten».

Joselu Blanco ETBko programazio arduradunarentzat, historia ez dute soilik historialariek kontatzen. «Historiaren ikuspuntuak beste hainbat modutan ematen dira», Gone With The Wind film moduan ona dela onartu behar dela dio Blancok, baina film horretan ematen den historiaren ikuspuntua ez dela jasangarria. «Ikuspuntu horrek gizarteko injustizia asko mantentzen lagundu du, baita arrazakeria bultzatu ere. Estatu Batuetako ideologia zuritzen da, eta hori gaur egun ezin da onartu. Pelikula testuinguruan jarri behar da». Angel Aldarondo zinemagileak ere iraganeko edukiak ez direla inolaz ere moldatu behar uste du. «Pelikulak gure historia dira; zinematografikoaz gain, gure munduaren ikuspuntuak dira. Beti izango dira askotarikoak, batzuk zilegi eta besteak ez. Hori beti izango da garaien moralen eta moden biktima».

Zentsura?

Pelikulak dauden bezala ez uztea zentsura eta iruzurra egitea litzakeela dio Agirrek, eta erabat aurka dago. «Geure buruari tranpak egitea da». Historian denetariko arrazoiengatik zentsuratu izan da ikus-entzunezkoen sektorean, batik bat garaian garaiko moralaren arabera. «Garaibakoitzak bere filiak eta fobiak ditu.»

Agirrek adierazi duenez, berriki Disney + plataformak Splash zentsuratu du, 80ko hamarkadan sirena bati buruz egindako pelikula. Hain zuzen, ilea luzatuz, ipurdia tapatu diote sirenari. «Hala, badirudi gaur eguna 80ko hamarkada baino puritanoagoa dela». Zentsura moralaren adibidea da Splah pelikularena.

Euskal Herrian ere izan zen zentsura. Fresnedak Ama Lur pelikularen adibidea ekarri du. Kasu horretan, pelikularen gidoiak pairatu zuen zentsura. «Horrek esan nahi du batzuetan guk ikusten ditugun pelikulak amaituta egon baino lehen bai gidoian eta bai editatzeko prozesuan zentsuratuak izaten direla, eta orokorrean ez dugu jakiten». Fresnedaren ustez, zentsuratzeko arrazoi garrantzitsuena dirua izaten da. «Ikerketa merkatuak egiten dira, eta badakite kontatzen denaren arabera pelikula batek zer jasoko duen edo zer ez duen irabaziko». Frankismoko zentsura gogorra ere gogoratu du Fresnedak. «Diskurtso ortodoxoarekin bat ez zihoan edozein mezu eta edozein irudikapen eromeneraino heldu arte zentsuratzen zen»

Fresnedak dioenez, zentsurak ez dauka mugarik, eta absurdoa izan da ia beti. Hala, Euskal Herriko kasuan zentsurak eragin politikoak izan ditu beti.

Sare sozialak seinalatuta

Sare sozialei egozten diote zentsura Agirrek, Aldarondok eta Blancok. «Garai histerikoak bizi ditugu. Itxurakeria asko dago, eta holako keinu handiekin ematen du asko egiten ari garela, baina benetan ez da ezer aldatzen ari», esan du Agirrek. Itxurakeria propagandistikoa dela dio. Halaber, batik bat, plataformen marketina egiteko eta sare sozialetan gehien komentatutakoa izateko asmoz egiten dituzten polemikak gailentzen direla uste du Aldarondok.Blancok zalantzan jarri ditu sare sozialetan sortzen diren eztabaidak. Hala dio: «Sare sozialen oihartzunak laguntzen du egokia ez dena plazaratzen, eta gizartean gero eta eztabaida gehiago daude, nahiz eta ez dakidan oso sakonak diren».

Dena zentsuratuz gero absurdokerian erortzeko arriskuaz ohartarazi dute adituek. «Horisaihesteko, izpiritu kritikoa landu behar da. Ikus-entzunezkoetan hezkuntza gehiago behar da orokorrean», uste du Agirrek. Geroz eta telesail gehiago kontsumitzen direla nabarmendu du, baina aldi berean horren inguruan pentsaera kritiko bat falta dela azpimarratu du. «Pantailaren aurrean bizi gara, baina pantailatik datorren guztia edaten dugu oso modu akritikoan».Kontzeptu oinarrizko batzuk edonork izan beharko lituzkeela uste du: «Are gehiago, eskolan bertan jorratu beharko litzateke».

Aldarondok, zentsuraren eraginez sortutako produktu absurdoei dagokienez, Mogambo pelikularen adibidea jarri du. «Frankismoan zentsura hain gogorra zenez, produktu askok momentu arraro edo absurdoak zituzten. Mogambo pelikulan, adibidez, protagonisten artean harreman sexual bat zegoen, eta, hori tapatu nahian, bikoizketarekin elkarren harremana aldatu eta anai-arrebak zirela esan zuten». Dioenez, askoz ere arraroago geratu zen, ez baitzen ulertzen zer harreman mota zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.