UDAKO SERIEA. Soldatak (III). Negoziatzeko artea.

Merkatu, prestigio eta indar kontua

Sindikatuei dagokie erabakitzea, besteak beste, zenbateko soldata igoera eskatu lan hitzarmen batean. Zeri erreparatzen dioten kontatu dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariek.

Alde bakoitzak negoziatzeko indarrak baldintzatzen du soldata. BERRIA.
Miren Garate.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Unibertsitateko ikasketak eskatzen zaizkio abokatuari. Badu arriskua eraikuntzan aritzeak. Nekagarria da zerbitzari izatea. Psikologikoki gogorra daehorztetxe batean lan egitea. Soziologoak, mekanikariak, ikerlariak, itzultzaileak, gasolindegiko langileak, telefonistak, arkeologoak, muntaketan aritzen direnak... Lanbide asko eta asko daude, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Edozein adibide hartuta konparazioa egiteko, zeinek merezi du soldata handiagoa, udaltzainak ala gizarte langileak? Marketineko langileak ala fundizioan aritzen denak? Zer hartzen da kontuan soldata bat erabakitzeko? Eta zer hartu behar litzateke?

Negoziazio kolektiboko arduradunak dira Pello Igeregi (ELA), Xabier Ugartemendia (LAB) eta Garbiñe Espejo (Euskadiko CCOO). Eguneroko lana dute enpresariekin sokatiran ibiltzea soldata ahalik eta onenak lortzeko. Eta esan dute negoziazio horietan funtzionamendua bestelakoa izaten dela, hau da, ez dela merezimenduen araberako hurrenkerarik egiten. «ELAko negoziazio kolektiboko arduradun moduan, nahiko nuke mahai batean eseritzea, soldata eskala guztiak hartzea, eta esatea: 'Justuena da kategoria honetakoek hau irabaztea', baina ez daukagu horretarako gaitasunik», onartu du Igeregik.

Haren iritziz, lehenik eta behin, soldata baldintzatzen duten bi faktore daude. Alde batetik, merkatuaren legea dago, hau da, zenbateko eskaera eta eskaintza dauden eta zenbat langilek dituzten lanpostu horretan aritzeko ezagutzak. Bestetik, gizarteak zer balio ematen dion lan bati, eta, armen ekoizleak eta zaintzan aritzen direnak adibidetzat jarrita, azaldu du balio horrek ez duela loturarik izaten gizarteari egiten dioten ekarpenarekin. «Gure eskuetatik kanpo dauden elementuak dira bi horiek. Gero sartzen gara gu, sindikatuak eta patronala. Eta negoziazio hori indar-harreman kontu bat da. Langileak antolatzeko dugun gaitasunaren mende dago: gai bagara langileak antolatzeko, soldata igoerak lortuko ditugu; ez bagara gai, ez».

Gutxieneko helburuak

Negoziazio kolektiboan CCOOk ildo nagusi bati jarraitzen diola azaldu du Espejok. «Kontua ez da izaten zenbat irabazi behar duen kazetari batek edo gidari batek. Gauza gehiagori begiratu behar zaie: nola dagoen sektorea, egoera ekonomikoa zein den...». Kategoria guztientzat portzentaje bereko igoerak eskatu beharrean, soldata txikiko kategorietan indar handiagoa jartzeko erabakia dute sindikatuan, eta helburu zehatz bat ere badute: gutxieneko soldata bat ezartzea sektoreko hitzarmen guztietarako, urtean 14.000 eurokoa. «Lanbidearteko gutxieneko soldata handitu egin da azken urteetan, baina oraindik guk eskatzen dugunaren azpitik jarraitzen du; horregatik, beharrezkoa ikusten dugu lan hitzarmenek gutxieneko soldata bat jasotzea».

Dirutan handiagoa da LABek negoziazio mahaietan egiten duen eskaera, lan guztiek hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatua izatea aldarrikatzen baitu. «Saiatzen gara egoera okerrena dutenentzat, hau da, lan baldintza prekarioenak dituztenentzat hobekuntza handiagoa lortzen soldatetan eta lan baldintzetan, haien egoera duinduz joateko», adierazi du Ugartemendiak.

Gainerakoan, sektoreko edo enpresako lan hitzarmen batean zenbateko soldata igoera eskatu nola erabakitzen duten galdetuta, kontatu du ordezkariekin elkarlanean irizpide orokor batzuk jartzen dituela sindikatuak. «Gero, negoziatu beharreko eremu bakoitzaren azterketa zehatza egiten dugu: kategoria bakoitzaren egoera aztertzen dugu, ikusten dugu ea zenbat dauden 1.200 euroren azpitik, eta horrekin erabakitzen dugu zenbateko igoera eskatu».

Sektore publikoan nahiz pribatuan dute ordezkaritza sindikatuek. Baina LABeko ordezkariak azaldu du enpresaren izaerak ez duela hainbeste baldintzatzen negoziazioa. «Negoziazio kolektiboan egiten ditugun eskaerek langileek enpresan duten egoerari erantzuten diete, eta ez enpresaren izaerari. Egoera prekarioak enpresa guztietan daude, eta sindikatuak egoera horiek ezabatzeari ematen dio garrantzia».

Batez beste, soldatak handiagoak izaten dira arlo publikoan—nahiz eta handik kanpo dauden soldatarik handienak—, eta pentsa daiteke zuzenagoak ere izan daitezkeela, besteak beste, lan kontratua ez delako izaten banaka negoziatutako zerbait baizik eta oposizio bat gainditu ostean hasten direlako lanean langileak, eta kategoria bakoitzari dagokion ordainsaria ikusteko modua ere badagoelako. Igeregik uste du ez dela guztiz horrela. «Teorian, tresna objektiboagoa da, baina administrazioak ere gauza batzuei ematen die balioa, gizarteak ere horiei ematen dielako». Adibidez, esan du lan karga fisikoa gehiago aintzatesten dela lan karga psikologikoa baino. «Eta horrek ere erantzuten dio genero inpaktua daukan balio eskala bati, zeren normalean lan fisikoa gehiago egiten dute gizonek emakumeek baino».

Era berean, estatistikek erakusten dutenez, enpresa handietatik txikietara ere egoten dira aldeak; hain zuzen, soldatak handiagoak izaten dira aurreneko horietan. «Gakoa da zenbateraino garen gai langileak antolatzeko. Oro har, enpresa handietan errazago izaten da langileak antolatzea, baina ez du zertan; txikietan ere badugu indarra. Greba egiteko dugun gaitasuna da soldata baldintzatzen duten faktoreetako bat».

Indar kontua

Puntu horren garrantzia aipatu du Espejok ere: «Sindikatuen presentzia egon edo ez, lan baldintzak ikaragarri aldatzen dira. Argi dago langileen artean zatiketa eraginez gero eta banaka negoziatuz gero patronalak irabazten duela». Alde horretatik, maiz leporatu izan diete sindikatuek enpresariei lan harremanak indibidualizatzeko ahalegina egitea. «Soldatak, gutxienekoak behintzat, hitzarmenetan jasota daude. Hitzarmen kolektiboak langile guztien lan baldintzak arautzen ditu era kolektiboan, eta hori langileen indargune bat da», uste du Ugartemendiak. Horregatik bakarka negoziatzeko hautua egiten duen langile bat «bere teilatuari harriak botatzen» ari dela dio, indargune hori galtzen ari delako. Enpresa bateko soldatek publikoak izan behar ote duten galdetuta, esan du bakarka negoziatzen diren soldatak direla isilpean gordetzen direnak, ez kolektiboak».

Langileek intimitaterako eskubidea izan behar dutela uste du Igeregik, eta bakoitzak zenbat kobratzen duen jakitea ziurrenik ez dela egokia, baina, era berean, ezinbestekoa iruditzen zaio langile guztiek aukera izatea jakiteko zeren arabera ezartzen dituen enpresa batek soldatak; besteak beste, diskriminaziorik dagoen ikusi ahal izateko.

Beste hitzarmen baten gainean egin ohi da negoziazio kolektiboa gehienetan; aurrez sektorean edo enpresan zegoen ituna hartu, eta igoera bat lortzea izaten da langileen ordezkarien ahalegina. Egoera hipotetiko batean jartzeko eskatuta, Espejok ez du hain argigauzak oso ezberdinak izango ote liratekeen baldin eta hitzarmen guztiak berriro hutsetik negoziatu behar balira. «Oraingo sistema eta kultura aldatuko balitz, bai, baina bestela, ez: pentsatzen badugu Bermeon antxoak ontzietan sartzen ari den batek tailer batean mekanizatzen ari den batek besteko balioa duela, aldatuko dira, baina bestela, ez».

Bihar: Balio bereko lanaren ertzak soldatetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.