BAKARRIZKETA

Erosleei eusteko Allen giltzaren bila

SASCHA STEINBACH / EFE.
Irune Lasa.
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
1. Ikea entzun eta dardarka jarri. Ez da hainbesterako izango.

2. Denda erraldoi horietako batean egon den askori gertatuko zaio gauza bera. Ez dakit, bada. Beste jende bati asko gustatuko zaio Ikeara joatea; suediar estiloko altzarien saltzailearen arrakasta ezin da-eta zalantzan jarri; 400dik gora saltoki ditu 52 herrialdetan. Ikearen arabera, 160.000 pertsona inguruk egiten dute lan taldearentzat, eta azken hamarkadan milioika apalategi, armairu eta halako saldu ditu.

3. Altzari merkeagoak nahi izanez gero, aukera bat da, ados. Arrazoiak asko izan daitezke. Prezioa, estiloa, tamaina... Hainbat erosleren beharrak edo baldintzak betetzen asmatu du. Adibidez, pentsatu, oinordekotzan jasotako aitona-amonen logelako altzaritzarrak nola sartu etxe ñimiñoko logela ñimiñoagoan. Etxeko altzari eta abarrak maiz aldatzea ere gustuko du jende askok. Hain zuzen, erosle mota horrentzat izan daiteke aproposa Ikearen azken ideia.

4. Apalategi berriren bat? Ez. Suitzan probatuko du zenbait altzari —aulki eta mahaiak eta agian sukaldeak— leasing bidez ere saltzea. Behin epea beteta, bezeroak produktua itzuli ahalko du, eta berria erosi, atzera leasing-ean. Erabilitakoa, beharrezko konponketak egin eta atzera salgai jarriko du Ikeak, mauken sailean. Taldearen arabera, ekonomia zirkularra bultzatzeko modu bat izango da, produktuen bizitza luzatuz edo haiek birziklatzea erraztuz.

5. Ekonomia zirkularra... Eta erosleak leasing-aren zirkuluan harrapatzea. Egia da azken urteetan Ikea, ohiko lan moldeez aparte, beste zenbait salmenta mota probatzen ari dela bezeroei eutsi nahian. Horren erakusle da online erosketak bultzatzeko apustua eta hiri handien erdiguneetan zabaldutako denda txikiagoak.

6. Suediar bati entzundakoa, bera Barakaldoko Ikeara izokin keztatua erostera soilik inguratzen zela. Izokina izango da, agian, Ikearen saltoki batean jatorriz suediarra den produktu bakanetako bat. Oro har, Ikeako altzairu eta abarren diseinu orokorra soilik egiten da Suedian. Ekoitzi, produktu gehienak beste herrialde batzuetan ekoizten dira. Hasteko, Ikearen egoitza nagusia Herbehereetan dago, ez Suedian.

7. Hara! Filial, konpainia eta fundazio sare konplexua da Ikearena. Hainbat salaketa izan dira —horietako bat Europako Parlamentuan— sare nahasi horren helburua ahalik eta zerga gutxien ordaintzea dela, Herbehereetako, Luxenburgoko eta Belgikako zerga sistema abegikorragoak baliatuz. Ikearen sortzailea bera ere —Ingvar Kamprad (1926-2018) — Suitzan bizi izan zen 1976tik 2014ra arte, ez zuelako Suediako zerga handiez ezer jakin nahi.

8. Ene, zenbat sekretu izango ote ditu gordeak Ikeak bere Pax armairuan. Batzuk atera dira: 80ko urteetan, Ekialdeko Alemanian presoen lan behartua erabili zuela, bere altzariek gas kaltegarriak isurtzen zituztela... Formaldehidoaren eskandalu horren harira hasi zen, neurri handi batean, Ikea ingurumenaren eta gizarte erantzukizunaren aldeko estrategiak eta irudia lantzen.

9. Irudiak irudi, leasing-aren ondorioa Ikeara gehiagotan joatea litzateke. Gauza okerragorik! Ikeako altzari gehiago muntatu behar izatea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.