BAKARRIZKETA

CCOO eta UGT, gutxieneko soldata igoerari muzin egiten

PROSEGUR.
xabier martin
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
1. Sindikatuak gutxieneko soldataren igoeraren aurka? Baina zer diozu? Sindikatu bi horiek eta USOk akordio bi egin zituztela joan den apirilean, Espainiako Servicios Securitasen eta Prosegurren, enpresa horietan eraginik izan ez dezan 900 eurora arteko gutxieneko soldataren igoerak. Alegia, beharginen lansariak kaltetzeko.

2. Baina non, nola, zergatik? CSIF sindikatuak akordio bi horiek auzitara eraman ditu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak enpresa zuzendaritzak eta CCOO, UGT eta USO kondenatu ditu, aldeek adostu zutelako gutxieneko soldataren igoerak islarik ez edukitzea langileen soldatetan. Horretarako, garraio eta jantzi plusak baliogabetu zituzten itunetan, legezko igoera egin zedin, baina, aldi berean, azken saria igo gabe.

3. Baina nola liteke sindikatuek legeak finkatzen duen gutxienekoari bizkarra ematea? CCOO, UGT eta USOko enpresa ordezkariei galdetu behar zaie enpresei horrelako oparia eginda zer lortzea espero zuten. Kontua da barregarri utzi dituztela sindikatuen zuzendaritzak, haiek paparra atera ondoren gutxieneko soldata igoera dela eta, enpresen lekaioen modura aritu direlako, nagusien esanak otzan-otzan betetzen.

4. Eta orain, zer? Bada, plusak baliogabetzeko egin zituzten akordio horiek baliogabetu dituela epaile batek, eta Prosegurrek eta Servicios Securitasek soldata igo beharko dizkietela beren langileei, legea betetzeko.

5. Tira, langile gutxiko enpresak izango dira akaso... CCOO eta UGTren lotsaren orbana ez da hain handia izango, ezta? Bueno, bakarrik 8.000 langile baino gehiagori eragingo die epaitegiek agindutako soldata igoerak. Segurua da Prosegurren orbana ez dela berehala ateratzen diren horietakoa.

6. Zergatik diozu? CCOOko eta UGTko egoitza nagusietan ere urduritzen hasi direlako eskandalua dela eta. Pepe Alvarez UGTko idazkari nagusiak esan du «kontrol mekanismoak» jarriko dituztela sindikatu osoak babes dezan irizpide bera gutxieneko soldataren igoeraren aplikazioan. UGT berriro barregarri geratzea ekidin nahi duela, alegia. Alvarezek dio sindikatuaren adar batzuk ez dutela «hain posibilistak» izan behar.

7. «Hain posibilistak»? Enpresarien hain zerbitzari otzanak, hain lotsagabeak beren pribilegioei eusteko praxian.

8. Eta CCOOk esan du zerbait? Isilik dago, ekainean martxan jarri zuen kanpaina eta gero, gertatutakoa irensteko kontzentrazio handia behar da eta.

8. Ze kanpaina? Gutxieneko soldata efekturik gabe uzteko hainbat enpresari baliatzen ari ziren trikimailuen aurkako kanpaina. Plusak kentzearen maniobra (antzinatasuna eta beste) ez baita bakarrik Prosegurren eta Servicios Securitasen egin. Baina haiek izan dira bakarrak lortzen (milaka behargineko lantaldearekin) sindikatuen adostasuna lan hitzarmena aldatu eta trikimailua legez jasoa gera dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.