BAKARRIZKETA

Zergak maite ez dituzten aberats handiak, agerian

G7ko agintariak, ostiralean, Kornuallesen. NEIL HALL / EFE.
xabier martin
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
AEBetako 25 aberats handienen errenta aitorpenen informazioa kaleratu dute ProPublica sareko kazetariek, eta txostenak argi utzi du gero eta aberastasun handiagoa pilatu dutela urtetik urtera, eta horrek ez diela eragin zerga gehiago pagatzea.

1. Noren lotsak jarri dituzte orain denen ikusgarri? Jeff Bezos Amazonen jabearenak, Warren Buffett inbertitzaile handiarenak, Elon Musk Teslaren fundatzailearenak (argazkian) eta AEBetako 25 aberats handienen zerrenda osatzen dutenenak. Eta lotsagorritzeko moduko informazioa da ProPublica kazetari sareak azaleratu duena, argi eta garbi erakusten baitu zenbat eta aberatsago izan orduan eta zerga gutxiago pagatu dituztela fortuna handi horiek.

2. Zer da informazio hori zehazki? Azken hamabost urteotako haien errenta aitorpenak lortu dituzte, eta 2014-2018 aroko zergen informazioa kaleratu dute lehen sorta batean. AEBetako IRS ogasunak ikerketa bat abiarazi du jakiteko nola egin duen ihes informazio horrek.

3. Noiztik da albistea aberats handiek pagatu beharko lituzketen zergak ez pagatzea? Albistea da pagatzen duten zerga maila ez dela igo haien aberastasuna handitu den arren. Eta nola lortu duten hori? Bada, milaka milioidun horien enpresen eta jabetzen balioa handituz joan delako urtez urte, eta, aldi berean, diru sarrera apalak aitortu dituztelako, ez dituztenez saldu balioa handitu duten jabetzen akzioak. Alegia, ez dute dirura pasatu akzioen balio handitze hori, eta ez dituzte zerga handiagoak pagatu behar izan, edozein partikularrek gehiago pagatzen ez duen moduan bere etxearen balioa handitzen denean.

4. Eta non dago trikimailua aberats horiek diru berria fresko-fresko goza dezaten? Maileguak dira trikimailua. Balioa handitu duten aktibo horien kontrako maileguak eskatzen dituzte dirua barra-barra mugitzeko. Ez dituzte aktiboak saltzen, eta ez dituzte plusbaliak ordaintzen. Eta, hiltzen direnean, jabetza horiek ez dira zergapetzen kapital irabazi gisa. Joe Biden hori aldatzeko ekinaldian hasi da.

5. Hitz egin dezagun zergadun zehatzez eta diru kopuru zehatzez... Jeff Bezozek balio dizu? Bada, 2014tik 2018ra 973 milioi dolar pagatu zituen, 4.220 milioiren diru sarrerak aitortu ondoren. Epe berean, ordea, Forbesen arabera, Bezozen aberastasuna 99.000 milioi dolar handiagoa bihurtu zen, batik bat haren enpresak burtsan izandako igoerarengatik. Horrek ez du islarik izan haren zergetan.

6. Beste adibideren bat jartzerik bai mila milioidunen lotsak hobeto ikusteko? Warren Buffettek 125 milioi dolar aitortu zituen 2014-2018 epean, eta 23,7 milioi dolar pagatu zituen zerga federaletan. ProPublicak kalkulatu du 24.300 milioi dolar hazi zela Buffetten aberastasuna lau urte horietan, eta pagatu duen zerga tasa erreala aberastasun horren %0,10 dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.