BAKARRIZKETA

Trumpen gainetik dagoen magnatea

Miriam eta Sheldon Adelson, Trumpen inbestidura ekitaldian. JUSTIN LANE/ EFE.
Irune Lasa.
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
AEBetako Propublica aldizkariak kontatu du: Donald Trumpek, jada AEBetako presidente zela, Japoniako presidente Shinzo Aberi eskaera zuzena egin zion: Sheldon Adelsoni baimena emateko Japonian kasinoz betetako turismo gune bat egiteko.

1. Adelson... Abizen hori... Madrilen Eurovegas eraiki nahi zuen Las Vegas Sands konpainiaren jabeak dira Sheldon eta Miriam Adelson senar-emazteak.

2. Ados. Eta haien alde egin du Trumpek? Ukatu egin du Japoniako Gobernuak, baina zenbait iturrik hori esan zuten bere garaian: Abe Mar-a-Lagon (Florida, AEB) bisitan zela Trumpek Adelsonen aldeko eskari zuzena egin ziola. Kasinoak orain gutxira arte debekatuta egon dira Japonian. Baina Abe-Trump bileratik hilabetera hiru baimen onartu ziren, eta hamahiru hautagai daude; tartean, Adelson.

3. Trumpek adiskidea du Adelson? 2015ean Adelsonek Marco Rubio babestu zuenean, Trumpek hala esan zuen magnateari buruz: «Uste izango du [Rubio] bere txotxongilo perfektu gisa tankeratu dezakeela». Alderdi errepublikanoaren hautagai bihurtu zenean, adelsondarrek hogei milioi dolarreko (17,2 milioi euro) dohaintza egin zioten Trumpen kanpainari, eta beste bost milioi dolar eman zituzten inbestidurarako. Orain, agintaldi erdiko bozetarako, 55 milioi dolarren (47,5 milioi euro) dohaintzak egin dizkiete errepublikanoen aldeko taldeei.

4. Hainbeste diru ez da doan izango. Adelson judua da, eta bere emaztea, israeldarra.AEBek enbaxada Jerusalemdik Tel Avivera aldatu zutenean, biak inaugurazioan zeuden, lehen lerroan eserita. H. R.McMaster Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako aholkulariaz «israeldarren kontrakoa» zela esan zuen Adelsonek. Orain kargu hori bere adiskide John Boltonek dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.