BAKARRIZKETA

Amazon sozialista bilakatu zenekoa

MICHAEL REYNOLDS /EFE.
Irune Lasa.
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Asteartean Amazonek jakinarazi du AEBetako orduko hamabost dolarrera (13 euro) igoko duela bere langileentzako gutxieneko soldata. «Kritikatu gaituztenei aditu diegu». Konpainiak, besteak beste, Bernie Sanders AEBetako senatari demokrata —eta hainbatentzat sozialista— zuen gogoan.

1. Sozialista? Ehem... Amazon? Gehitxo esatea da agian, baina, Sandersek Amazon bere erabakiarengatik goraipatu ostean, Jeff Bezos Amazoneko buruzagiak honela erantzun dio txio batean: «Eskerrik asko, Sanders jauna. Hunkituta gaude honekin, eta espero dugu beste batzuek ere honetan bat egitea».

2. Harrapazank. Langileentzako soldata igoeraren aldarrikatzailea da orain Bezos? Hala dirudi, ezta? Beharginentzako lan baldintza eskasengatik, ordutegi estu eta nekagarriengatik, sindikatuei jarritako oztopoengatik hainbat kritika jaso ditu Amazonek. Baina orain lider izan nahi du gutxieneko soldaten aldarrian.

3. Eta noiz erori da zalditik Bezos apostolua? Batek daki. Ez gaizki pentsatu: ziurrenez, jarrera aldaketa horretan zerikusirik ez zuen izango AEBetako langabezia tasa azken 48 urteetako txikiena izateak —%3,7 irailean— eta, ondorioz, hainbat enpresak zailtasunak izateak langileak erakartzeko. Eta, jakina, Amazon konpainiatzarrak bere neurriarekin estu hartuak dituen lehiakideei —handi eta txikiei— presioa areagotzea ere ez da izango Bezosen asmoa.

4. Albiste on batekin hedabide guztietan agertzea lortu du, behintzat. Amazoneko presidenteordeetako batek, Dave Clarkek, bideo bat zabaldu zuen Twitterren, biltegi bateko langileek gutxieneko soldataren igoeraren albistea txaloka nola hartzen zuten erakutsiz. Bai, oihartzuna nahi bazuten, lortu dute.

5. Beharbada egia da Bezosek esan duena, kritikak aditu, entzun dituela. Sandersek leporatzen zion zergapekoek ordaindutako janari bonuak eta laguntza publikoak behar zituztela bere langileetako askok bizirik irauteko, eta Bezos bera, aldiz, munduko pertsona aberatsena dela (150.000 milioi dolarreko ondarea). Bestalde, Amazoneko buruak orain gutxi iragarri du 2.000 milioi dolar emango dizkiola bere fundazioari, filantropia ekintzetarako.

6. Filantropia, aberatsen afizio horietako bat. Arantzaz jositako polemika da hori. Dena den, Amazonez aritzean monopolio eta filantropia izenak batzen dituen beste estatubatuar bat aipa daiteke.

7. Bota. John D. Rockefeller. Standar Oilen jabea (1839-1937). Standard Oilek Txinako merkatuan sartzeko egindako jokaldia ezaguna da: argitarako landare olioa erabiltzen zuten milioika nekazar txinatarri keroseno lanparak oparitu edo oso-oso merke saldu zizkien. Asmatu zein zen munduko keroseno ekoizle handiena... Filantropiarako Rockefeller fundazioa oraindik existitzen da.

8. Amazonen eta halakoen monopolio jokaeren inguruan badago kezka, egia. Baina gutxieneko soldata igotzea ona da, ezta? Langile horiek eskertuko dute gehiago irabaztea, ez dago dudarik. Eta, bitartean, Business Insider aldizkari digitalaren arabera, Jeff Bezosen ondareak handitzen jarraitzen du, orduko 8,9 milioi dolarreko erritmoan (7,7 milioi euro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.