BAKARRIZKETA

«Zerbitzari! Lata bat ardo, mesedez»

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ardoa lata txikietan saltzeko ohitura handitzen ari da. AEBetako upategiek egiten dute batez ere, merkatu anglosaxoira begira. Ez da AEBetako ardo salmenten %1era iristen, baina 2018an %68 handitu zen negozioa, 150 milioi euroraino.

1. Estatubatuarrak, ingelesak... Zer jakingo dute horiek ardoaren inguruan. Errespetu pixka bat, AEBak dira-eta ardo gehien kontsumitzen duen herrialdea, eta Erresuma Batua, seigarrena. Esaterako, biak Espainiaren aurretik daude litro kopuru orokorrean. Munduko upategi handienetako batzuk AEBetan daude, Kalifornian.

2. Tira, baina horiek ez dute gure tradiziorik. Euskal Herrian ezinezkoa litzateke ardoa latan saltzea. Berriz ere oker zabiltza: bada euskal upategi bat ardoa latan saltzen duena. Artazu upategia da; izen bereko herrian dago, Nafarroan. Ah so ardo gorria saltzen du latan.

3. Ardo gorri nafarraaaa... Dagoeneko txispatuta, ala? Bada, bai, eta batez ere AEBetara esportatzen du. Urteak daramatza, eta ondo doakio. Internetez ere eros daiteke: litro laurdeneko lau lata, 8,95 euro.

4. Orduan serio ari al zara? Noski. AEBetan 1936an hasi ziren ardoa latan saltzen, baina azken hamarkadara arte gutxi garatu da. Latarekin ardoa edateko modua aldatu nahi dute, eta kontsumitzaile gazteengana iritsi. AEBetan, ardo kontsumoaren %85 40 urtetik gorakoek egiten dute.

5.Prezioarekin zerikusia ere izango du. Besteak beste. Lata eramangarriagoa da, errazago garraia daiteke... Lata bera, edukiontzia, kristala baino merkeagoa da, eta gutxiago kutsatzen du. Tamaina ere beste faktore bat da. Botilak 75 zentilitro ditu, eta asko da pertsona bakar batentzat. Botilek 11 eta 22 dolar artean balio dute AEBetan; latak, berriz, ez dira iristen lau dolarrera. Oinarrian marketina dago, latak kontsumo patxadatsu iruditik aldentzen du ardoa.

6.Eta ardo ona al da? Normalean ardo gazteak dira, urtekoak. Eskailerapekoa esaten zaiona. Apardunak ere badaude, eta batez ere gorriak. Europako ardo sor-marka ezagun batzuek ez dute ametitzen. Esaterako, Errioxa sor-markako ardoa botilan sal daiteke bakarrik.

7. Normala. Bada ez, ardoa formatu askotan saltzen baita egun: kristalezko botilan, plastikozkoan, aluminiozkoan, tetra brikean, kutxetan... Eta gero estalkiak daude: kortxozkoak, plastikozkoak, silikonazkoak...

8.Bale, bale, baina kristalezko botila eta kortxo naturala bezalakorik ez dago. Adituek hala diote, baina laten teknologia asko hobetu da. Lehen okerrago eusten zioten tenperatura aldaketei, baina egun barneko geruza mota asko daude eta ez diote zaporea aldatzen. Oxigenazioa zailagoa da, baina trukean abantaila asko ditu garraiatzeko.

9. Zuk badiozu. Garagardo artisauek aspaldi egin zuten laten alde, zerbaitengatik izango da. Eta ez ahaztu euskal sagardoa ere badagoela latan.

10. Sagardoa latan! Zeraingo (Gipuzkoa) sagardotegi batek kaleratu zuen duela bi urte. 44 zentilitroko latak saltzen ditu.

11. Ez dakite zer asmatu. Ardo urdin azukretsu hura ere merkaturatu zutela ahaztu zaizula esango nuke.

12. Ez gogorarazi...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.