UDAKO SERIEA. Ni ez naiz hemengoa (V). Beatriz Txibite.

Nora ere doan, han da

Batxilergoa ikasteko atzerriratu zen estreinakoz, eta handik hona dabil ordutik. Poesian aurkitu du unean uneko bizitza jasotzeko bide bat, eta hizkuntzan etxea berekin eramateko forma bat.

Ia bizitza erdi darama kanpoan Txibitek; oraingoz, hala segitzekotan da. BEATRIZ TXIBITE.
itziar ugarte irizar
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ez, nik ez dut ihes egiten

bitxikeria baten bila nabil

noraezean,

errepide ertzeko soroen artean

indarrez besarkatu nindutenen

[buruetan

ongietorri eta agur malkoen

[artean

haurtzaroko zirku-istorioetan

noraezean».

Ez zuen alde egin. Ez du hala gogoratzen, eta gaurko egunez ere ez du horrela sentitzen, ez du horrela kontatzen. 16 urterekin utzi zuen jaiotetxea Beatriz Txibitek (Iruñea, 1991), eta handik hona dabil ordutik. Atenas, Jakarta, Pekin, Taipei, Katmandu, Vietnam, Londres. Askotariko gogoei eta zereginei jarraika heldu da batera eta bestera, eta, doan lekura doala, berekin darama sortzeko bulkada. Nora doan, bera da han. Poeta da, baina poesia idaztearekin batera beste hamaika lan egiten ditu. Unean uneko enpleguari dagozkionak, eta sormenari lotuta ulertzen dituenak, izan marrazkiak, izan artisau lanak. «Ez dut poesia nire beste sorkuntza edo interesetatik aldentzen. Egiten ditudan collage irudiak, belarritakoak, antolatzen ditudan ekitaldiak, irakurtzen ditudan liburuak... denak laguntzen dit nire bizitzari zentzu bat ematen». Idazketari lehentasun bat emateak, are ofizio bihurtzeko bideetan sartzeak, ez du gaur-gaurkoz gehiegi tentatzen. Gainontzeko zaletasunekin eta eginbeharrekin batera, «oreka bat» bilatu duela igartzen du, eta horrela sentitzen da gustura. «Ez dut uste idaztetik bizitzea inoiz lortuko dudanik. Zaila da, eta, gainera, nire beste munduetatik gauza askoren falta sumatuko nuke».

28 urte ditu orain Txibitek. Dagoeneko, bizitzaren erdia inguru igaro du atzerrian. Aurreneko urratsa Italiara egin zuen. Batxilergoa ikastera joan zen hara, Munduko Ikastetxeen Batasuna izeneko fundazioaren beka batekin. «90 herrialdetako lagunekin ikasi eta bizi izan nituen bi urte horiek funtsezkoak izan ziren», dio egun, hango etapa amaitu zenetik hamar urtera. Nepaldarra zuen orduko ikaskide bat, eta hara lekualdatu zen gero, ingelesa eta antzerkia irakastera.

Unibertsitateko ikasketak hautatzeko unea heldu zitzaion itzuleran: AEBetako unibertsitate batera joatekotan egon zen, nazioarteko politika eta diplomazia ikastera, baina norakoa aldatu zuen azkenean: Londresera egin zuen, Txinatar Filologia eta Ekialdeko Artearen Historia ikastera. Urte haietan, Pekinen eta Taipein bizi izan zen, txinera ikasten eta txotxongilo museo batean lanean. Han idatzi zuen bere lehen poema liburua: Pekineko kea. Iruñeko Udalak antolatzen duen egile berrientzako literatur lehiaketa irabazi zuen poema sorta harekin, eta bost urtera argitaratu zion lana Pamiela argitaletxeak. Bitarte horretan, Metro poema bildumarekin Arabako Foru Aldundiaren Ernestina Champourcin sariketa ere irabazi zuen.

Hurrengo geltokiak: Venezia eta Londres. Zenbait museo eta arte galeriatan atera zitzaizkion lanek eraman zuten hara. 2015ean ikasketei berrekin, eta Hong Kongera egin zuen, ikastera orduan ere. Ondotik heldu ziren Eslovenia eta, berriz ere, Italia. Venezian egon zen ordukoan, non garaiko prekaritatean ardaztutako poema lana idatzi zuen: Biennale (Erein, 2017).

«Hiriak musa bihurtzen dira»

Kartografia propio horretan, Indonesia izan du azken-aurreko bizitokia Txibitek, Jakarta, hain justu. Espainiako Enbaxadan kultur kudeatzaile lanetan aritu zen han, baina, «oinetan azkura» sentitzen hasi, eta Europara itzuli zen. Hainbat hiritan hasi zen lan bila, eta Londresen ireki zitzaion ate bat. Han bizi da orain, arkitektura erakunde batean lan egin bitartean. Lanez lepo dabilela dio, baina lagunez inguratuta, eta proiektu pila batekin buruan. «Hiria asko gustatzen zait; auzo bakoitzak bere esentzia berezia dauka, eta dibertsitate ikaragarria dago, proiektu kultural asko eta mugimendu geldiezin bat».

Batetik bestera eraikitako bizimodu horrek zer ondorio dakarkion egunerokoan, alor ugaritan, egonkortasunik eza aipatzen du Txibitek, eta, batez ere, maite ez duen monotoniarekin puskatu ahal izatea: «Erritmorik eza, hauxe da ezagutzen dudan erritmo bakarra. Nire bizitzan erritmo bat sentitzen dudan bakoitzean, aldatzea da nire gorputzaren lehen erreflexua».

Eta horrek, ezinbestez, badu isla egilearen testuetan. «Nik neuk ezagutzen, sentitzen eta ikusten dudanari buruz idazten dut; hortaz, kanpoan bizitzeari buruz; mugei, aldakuntzei, mugimenduei, distantziari, bakardadeari eta abenturei buruz hitz egiten dut». Bere olerkiak «eguneroko moduan» idazten dituela azaldu du, eta gai horiek jasotzen dituztela unean uneko eta tokian-tokiko bere errealitatearen markak. «Nahi gabe ere, hiriak eta lekuak bihurtzen dira nire musa».

Pekinen hasi zen olerkiak idazten; hasieratik, euskaraz. Kanpoan egonik, etxe-etxea hizkuntzan topatu izan duela aipatu izan du, jatorriarekin lotura bat mantentzeko modua izan duela euskaraz idaztea. Aitortzen du, ordea, kanpoan egoteagatik hizkuntzaren «herdoiltze bat» ere bizi izan duela. «Erdi herdoila dagoen fruitu bat da nire euskara».

Laburrak dira Txibiteren poemak, egunerokotasuneko irudien inguruan onduak. Olerki bateko hitz bakoitza «jaiotze prozesu bat» dela iruditzen zaio. Eta, horrekin bat, poema batek «perfume baten esentzia» bezalakoa izan behar duela. «Hizkuntza destilatuz lortzen dut nahi dudan sentimendua adieraztea». Hitzen lanketa horretan, euskaraz idaztean sentitzen duen «zailtasunari» buelta eman, eta bere alde erabiltzen saiatzen dela dio. «Erraztasunez idatzi nahiko banu, batzuetan hitz bat italieraz aterako zitzaidan, bestetan indonesieraz... Hizkuntza makarroniko batean idatziko nuke».

Hori eman baitio, beste askoren artean, gaztetatik batetik bestera ibiltzeko hautua egin izanak: hizkuntza eta kultura askotarako sarbidea. Hala, euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta txineraz hitz egiten du, gutxienez. Lagun min guztiak mundu osoan zehar sakabanatuta dituela aipatzen du, egin duen «bide eroaren» ondorio.

Ez doa ihesi, bila baizik

Erabaki kontzienteek eraginda baino gehiago, puntu batek bestera, eta hark hurrengora eraman izan dutela sentitzen du idazleak: «Naturaltasunez, ibaiak bere bidea aurkitzen duen bezala». Euskal Herria, «eta bereziki Iruñea», sorterritzat sentitzen ditu. Argi esaten du: «Beti egongo dira hor, ez dira mugituko». Are, ez du uste inoiz hartu duenik sorterria uzteko erabakia, hura atzean utzi nahi izanagatik, handik ihes egiteko beharragatik. Atzerrian jende eta proiektu tentagarriak ikusita heldu da haietara, haiek eskaintzeko izan zezaketenaren bila: «16 urterekin ikastera joateko erabakia ez zegoen lotuta Euskal Herria uztearekin, hango eskola zoragarri horretan egotearekin baizik». Bere «bizi bidaia pertsonala» orduan hasi zela iruditzen zaio, eta ez zaio inongo damurik nabari, alderantziz: «Beti pentsatu izan dut bizitza film bat balitz bezala bizi izan behar dugula, istorioz eta abenturaz beteta».

Gaur egungo gaitzik hedatuenetako bat aipatzen du Txibitek ere sortzerako traba gisa: denbora falta. Proiektuak esku artean beti dituela dio, «proiektu gehiegi». Haiei «forma emateko» astia da ez duena. Zailetan zailena hori dela dio. «Bulegotik berandu ateratzen naiz, eta ez zait gustatzen gauean ordenagailua irekitzea. Beraz, ideiak hor ibiltzen dira buruan, bata bestearen gainean, noiz aterako irrikan».

Baina ateratzen dira, ateratzen ditu. Udazkenean kaleratuko duen lan berria du froga. Mugi/atu deituko da, eta Pamielak argitaratuko du. Beste Hitzak programaren barruan, idazleak Eslovenian egonaldi bat egin zuen 2017an, eta mugaren inguruan pentsatzeko baliatu zuen; zehatzago, «mugen artean mugitzen diren pertsonen» eta «gizakiak naturaren aurka eraikitako muga eta ertzen» inguruan. Euskal Herria eta Yugoslavia izan zituen abiapuntu poemak idazteko, baina Mediterraneoa zeharkatzen saiatzen diren errefuxiatuak jarri ditu lehen lerroan gero. «Atenasen pasatu nituen aste batzuk, City Plaza hotelean bizi diren errefuxiatuekin. Baina ez nuen hitz egin nahi haiei buruz emakume zuri pribilegiatu baten ikuspuntutik». Horri izkin egiteko asmoz, bere «kontraesanak» agertu ditu poemetan. «Mugei eta mugimenduei buruzko liburu bat da».

Etxetik atzerrira abiatu zenean oraindik haur bat zela ikusten du atzera begiratzean, eta haur zenetik ikasi duela kanpoan bizitzen. Tarteka, Iruñera itzultzen den aldietan, gurasoen etxean hartzen du aterpe —idazleak dira biak, Fernando Txibite eta Isabel Ezkieta— eta berriro haur sentitzen dela dio. Oraingoz, ez du itzultzeko asmorik: «Nire haurtzaroaren memoriak hor daude, baina nire oraina, oraingoz, kanpoan dago».

«Marra bat zeharkatu

eta bat-batean

aske zara

haurren jolasetan bezala

jokoa irabazi duzu».

Bihar: Itziar Mendizabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.