Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa (II). Maroko.

Maroko: bost zentzumenekin gozatzeko herria

Maroko herrialde ezaguna da kultura ezberdinetako jende eta ohiturak aurki daitezkeelako bertan; besteak beste, arabiarra, europarra eta amaziga.

Maitane Usandizaga
2019ko abenduaren 26a
00:00
Entzun

Zerk egiten du leku bat berezi? Ez dago munduaren beste aldera joan beharrik toki zoragarriak ezagutzeko. Hemen bertan dauzkagu inoiz ahaztuko ez ditugun txokoak eta edonori ongietorria egiten dioten bizilagunak. Hori bera da, hain zuzen ere, Marokoren ezaugarri nagusia: kolorez betetako kaleez gainezka dauden herriak eta lurralde sinestezin hau zure etxea dela sentiarazten dizuten herritarrak.

Tolosatik hasi dugu Marokorako bidaia bederatzi neska-mutilez osatutako kuadrilla batek. Urduritasunez eta kezkaz betetako maletak hartuta, Madrilera abiatu gara. Bertan, hegazkina hartu, eta Tangerreko aireportura iritsi gara. Afrika kontinentea zapaldu dugu lehenengo aldiz, eta bertako klima epelak ongietorria egin digu. Bueno, giro beroak eta bezero bila dabiltzan taxi gidari guztiek. Batak besteari aurrekoak baino ozenago oihukatzen dio 700 dirhametik ez jaisteko prezioa, eta, azkenean, negoziatuz eta pazientzia guztia ia agortuz, lortu dugu akordio batera heltzea, eta gure lehenengo geltokirantz ekin diogu bideari.

Xefxauen

Xefxauenen egin dugu gure lehenengo geldialdia. XV. mendean fundatutako herri hori ezaguna da bere kale eta etxeen kolore urdinagatik. Xefxauen osoa erdi-erditik igarotzen duen Ras el Maa izeneko erreka baten inguruan eraikita dago, eta, ondorioz, eltxoak arazo larria izan ziren urte luzeetan. Egoera horri aurre egiteko, kale eta etxeak urdinez margotu zituzten duela 500 urte baino gehiago. Xefxauenera etorri ziren errefuxiatu juduek ekarri zuten ohitura hori; izan ere, batzuen ustetan, kolore urdinak eltxoak uxatzeko gaitasuna du, eta, oraindik gaur egun ere, ohitura horrekin aurrera jarraitzen dute biztanleek, turistentzat erakargarria baita.


Xefxaueneko xaboi denda bat. Maitane Usandizaga.

Ia agortuta dagoen arren, Ras el Maa erreka Afrika osoko ur jaiotza handienetako bat da, eta herriko tabernetako batzuk erreka horren gainean eraikita daude. Hori horrela, bertara gerturatzen direnek hankak bustitzen dituzten bitartean, bertan egiten dituzten laranja zukuez gozatzeko aukera dute. Bi mendiren arteko magalean kokatuta dago Xauen. Horren harira, herriaren izenak erreferentzia egiten dio ezaugarri geografiko horri, Xefxauenek «begiratu mendiko adarrak» esan nahi baitu arabieraz.

Aldapa baten gainean eraikitako herria bi zatitan bereiz daiteke: alde batetik, Medina edo Alde Zaharra delakoa, XVI. mendean eraiki zutena, eta, bestetik, herriaren zati modernoagoa. Alde Zaharra harresi batek bereizten du herriaren beste zatitik, eta tamaina ezberdinetako auzoek osatzen dute. Auzo bakoitzean ogia egiteko labe bat, meskita bat, iturri bat eta komun publiko bat daude. Lau elementu horiek dira auzo bat osatzeko oinarrizkoak.

Medina zaharra herritik bereizten duen harresi altua igaro bezain pronto, etxeetako leihoetatik irteten den janari usainak aurretik igarotzen den edonoren arreta bereganatzen du. Marokoko janari tipikoari milaka espezia berriren usainak nagusitzen zaizkio, eta, bidean aurrera jarraituz gero, kaleko saltzaileek euren postuetan duten frutaren usainak bisitari guztion gosea pizten du. Tabernetan, herritar nahiz turistek menta hostoak dituen te berde gozoa edaten dute, eta edari bero horrek mota guztietako erle eta liztorrak erakartzen ditu.


Xefxaueneko denda bateko koloreak. Maitane Usandizaga.

Dendetan saltzen dituzten larruzko produktu koloretsuek bizitasuna ematen diote herriari. Aitzitik, xaboi ezberdinen usainak leundu egiten du larruaren usain gogorra, eta Xefxaueneko kaleetan dabilen edonor erakartzen du dendaz denda galtzera. Buztina ere ederki lantzen dute herritarrek, eta irudikatu ezin daitezkeen formak ematen dizkiote material horri, edalontzi, plater edota hautsontzi koloretsuak sortuz.

Herritarren ogibide nagusia da merkataritza. Alde batetik, artisauek eginiko produktuak saltzen dituzte, eta, bestetik, nekazariek euren uztatik lortzen dituzten produktuak. Kalea bera da saltzaile horien guztien saltokia. Auzo bakoitzak ez du zerikusirik aurrekoarekin. Batzuetan, Pariskoak izan zitezkeen dendak daude: emakumezkoen ezkontza soineko dotoreak dituzte salgai, eta, aldiz, hurrengo kalean Txinako kale estu eta jendetsuak topa ditzakegu. Bidean aurrera jarraitzen badugu, sekula ikusi gabeak ditugun fruta eta barazkien azoka ezagutuko dugu.

Kaleetako giroa alaitzen duen musika entzun daiteke eguneko zein gaueko edozein ordutan. Sekula lehenago ikusi gabeko instrumentuak begiztatu ditugu, eta horien melodiei batu zaizkien abeslarien doinuekin gozatzeko parada izan dugu. Gran Mezquita izeneko meskita nagusi bat dago Xefxaueneko plaza nagusian, baina, aitzitik, auzo bakoitzak bere meskita du. Egunean bost aldiz meskitetatik ateratzen den imanaren errezoa ohiko bihurtzen da egunak aurrera joan ahala. Lehenengo gauetan, 05:00 inguruan, denon loa eten duen arren, ondorengo gauetan, nekearen nekez edo bertako ohituretan murgildu garelako, ez dugu sumatu ere egin.

Hala ere, apaizaren bozgorailuetako oihuek herriko biztanleen isiltasunarekin tupust egiten dute. Ia hotsik atera gabe hitz egiten baitute elkarren artean. Aldiz, kanpotarrak azaltzen diren bakoitzean oilategi bat bihurtzen da herri urdin hori. Bizilagun bakoitzak ondokoak baino ozenago hitz egiteko beharra sumatzen du, eta berehala asmatzen dute turista bakoitza nongoa den (eta, asmatzen ez badute, martxan jartzen dute galdetegia). Ondoren, baten batek erakutsi dizkien euskarazko hitz apurrak errepikatzen dituzte behin eta berriz: eskerrik asko, polita eta agur. Mundu oso bat eta elkarrizketa amaigabe baten hasiera kabitzen dira hitz horien artean.

Zoragarria da xefxauendarrek duten izaera lagunkoia. Ezagutu berri duten edonori irekitzen dizkiote etxeko ateak, eta otordu guztiak euren etxeetan egiteko gonbita egiten dute. Izugarri gustatzen zaie jendea euren etxeetara gonbidatzea, eta horren erakusle izan ohi dira egongeletan edukitzen dituzten eserleku luzeak. Belaunaldi ezberdinetako senide guztiak elkarrekin bizi dira, eta, hori horrela izanik, zaharragoek euren ohitura eta sinesmen guztiak erakusten dizkiete gazteagoei.

Iluntzean, meskitetako argiak piztearekin batera, zeru urdin ilunean, argitasunaren eta iluntasunaren arteko kontrastea sekulakoa da. Herri osoa goitik zaintzen duen Buzafar behatokia dago herriaren goialdeko puntura heltzean. Meskita txiki hori itsasotik 700 metroko altueran dago.


Akxur ur jauziaren ibilbideko putzu bat. Maitane Usandizaga.

Herritik 30 bat minutura daude Akxurreko ur jauzia eta Jainkoaren Zubia. Mendiko bide estuari hasiera emateko, ur presa handi bat igaro behar da, eta, aurrerantz jarraitu ahala, bide malkartsu eta aldapatsuaren gorabeheretan murgiltzeko aukera edukiko dugu. Pelikuletakoak diruditen eta ia erortzear dauden egurrezko zubiak daude errekaren alde batetik bestera igarotzeko. Animalia ezberdin asko ikusteko parada izango dugu, baina guztietan harrigarriena turistekin argazkiak ateratzeko prestatutako ostruka da. Ur jauzira gerturatzearekin batera, errekaren bi aldeak elkartzen dituen Jainkoaren Zubia topatuko dugu lurretik 30 bat metrora. Zerua estaltzen duen zubi horren ondorioz, egun osoan 30 minutuz bakarrik jotzen du eguzkiak. Bidearen amaierara heltzean, uraren ibilbideari hasiera ematen dion Akxurreko ur jauzia topatuko dugu, eta presara iristeko egiten duen ibilbide osoko putzuetan bainatzeko aukera izango dugu, nahiz eta ez den edonor ausartzen korronteak aurrera daraman ur hotzean sartzen.

Asilah

Asilah herrian egin dugu gure bigarren geldialdia. Autobus eta taxi artean bidaia luzea egin dugu kostaldeko herri horretara iristeko. Xauen baino herri txikiago eta turistikoagoa da oraingo hori. Asilah kostaldean dago, eta batik bat arrantzatik bizi da. Ogibide horren erakusle dira itsasertzean egoten diren ontziak eta iluntzeetan portuan saltzen diren mota guztietako arrain harrigarriak: gutxienez metro bat neurtzen duten ezpata arrain erraldoiak, besteak beste.


Asilahko ilunabarra. Maitane Usandizaga.

Herriaren beste ezaugarri famatu bat malekoia da. Eguzkia sartzen ikustera joaten direnak bat baino gehiago izan ohi dira. Asilahk duen hondartza bakarraren ondoan dago, eta, ilunabarra guztiz gozatu ahal izateko, beharrezkoa da malekoia osatzen duten forma arraroko harrien gainean saltoka ibiltzea, lehenengo ilarara iritsi ahal izateko. Zerumuga koloreztatzen dute eguzkiaren azken argi izpiek, eta ilargiaren argiak giroa koloreztatzen du paisaia guztiz iluntzen den arte.

Asilahko kaleetako hormek bizia ematen diote herriari. Auzo bakoitzean artista ezberdin batek margotutako koadro koloretsuak ageri dira. Koadro horiek kolore askotakoak eta forma ezberdinetakoak dira, eta herria ezagutzea erabakitzen duten turisten photocall bihurtzen dira. Horrez gain, badago bisitari bakoitzak bere arrastoa uzteko erabil dezakeen horma zuri handi bat.

Herritik hogei bat minutura dago Kobazuloen Hondartza. Bertan, ez da zaila gamelu eta zaldiak ikustea, eta horien gainean ibiltzeko aukera du bertara joaten (eta ausartzen) den edonork. Hondartzaren mutur batera joanez gero, ustez azalarentzat mesedegarriak diren lokatz putzuak daude. Beraz, ohikoa da goitik behera zuri-zuri eginda dauden pertsonak ikustea. Orduak igaro ahala, mareak gora egiten du, eta, ohartzerako, hondartza desagertu egiten da. Orduan, Kobazuloen Hondartzari agur esateko garaia da, eta berriro ere taxia hartuta Asilahra joateko ordua.

Bihar: Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa (III): Peñasanta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.