UDAKO SERIEA. Teknologia eta lanbideak (V). Musikariak.

Garaian garaikora egokituz

Teknologiak nabarmen eragin du musikaren lanbidean. Garai bateko biniloak, kaseteak eta diskoak alde batera utzi, eta klik batera dago munduko ia musika guztia entzungai.

J. Martina, musika taldea. J MARTINA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!» zioen Iñaki Garitaonandia Gari-k Hertzainak taldearen Kamarada abestian. Eta azken urteotan mundua aldatu da, musika entzuteko modua aldatu da, eta baita musikarien lanbidea bera ere. Teknologiak nabarmen eragin du sektore horretan. Biniloak, kaseteak eta CDak bata besteari lekua kentzen ibili izan dira luzaroan, baina, egun, formatu digitalak dira nagusi.

Musikaren industriaren bilakaera bertatik bertara ezagutu du Anjel Valdes musika ekoizleak. IZ diskoetxean hasi zen; Esan Ozenkiren sortzaileetako bat izan zen, eta, 1994az geroztik, Elkar diskoetxeko arduradun izan da. Joan den urtean erretiroa hartu bazuen ere, hiru hamarkadatik gora eman ditu Valdesek musikagintzari lotuta: «Urte hauetan guztietan aldaketa asko gertatu dira, onerako zein txarrerako, baina musikak hor dirau, eta hor egongo da beti».

Aldaketarik nabarmenena kontsumoan eman dela dio Valdesek: «Kontsumitzeko modua erabat aldatu da». Garai bateko biniloak, kaseteak edo diskoak alde batera utzi, eta sarean bertan streaming bidez entzunez kontsumitzen da musika gaur egun. Klik gutxira dago munduko musika ia guztia eskuragarri. Nagusiki, Spotify eta Youtube plataformetan. «Duela urte batzuekin alderatuz, askoz ere musika gehiago eta modu pluralagoan entzuten da gaur egun», dio musika ekoizleak.

Era berean, garai bateko «esklusibotasun hori» galdu duela iruditzen zaio: «Musika edonon dago, ohartu gabe ere kontsumitzen da, eta hori konpondu beharreko alderdia da». Eta, horren eraginez, diskoetxeen zein musika denden funtzioa ere bere horretan geratu da pixkanaka-pixkanaka: «Zoritxarrez, musika dendak desagertzen ari diren bezala, diskoetxeak, diskoetxe gisa, desagertu egin dira».

Kontsumoaren aldaketarekin batera etorri da kate osoaren aldaketa. «Ekoizpena kontsumo modu berrietara egokitu behar izan da, eta sorkuntzan ere eragina izan du horrek», azaldu du. Garai batean estudio batean grabatzen ziren diskoak, modu analogikoan. Gerora, teknologia digitalak erabiltzen hasi ziren, eta egun, asko eta asko dira autoekoizpena egiteko hautua egin dutenak: «Azkartasuna eta hurbiltasuna dira egungo merkatu berriaren ezaugarri nagusiak: orain azkarrago ekoizten da, eta publikoarengandik hurbilago egotea bilatzen da».

Ikuspuntu desberdinak

Izatez, ez da kontu berria autoekoizpenarena. Euskal Herrian 80ko hamarkadan hasi zen hauspotzen bide hori, baina urterik urtera, teknologia berriek asko erraztu dute nork bere diskoa grabatzeko, kaleratzeko eta zabaltzeko aukera izatea.

Horren aldeko hautua egin duen taldeetako bat da J Martina. Baseekin musika egiteko gogoak bultzatuta abiarazi zuten proiektua Kattalin eta Ane Barcena ahizpek, eta Javi Jorajuriarekin batera osatu zuten hirukotea: «Javiren etxean elkartu ginen hirurok, hark zituelako baseak sortzeko materiala eta ezagutza; eta, hala, muga argirik gabe, gustuko melodiak sortzen hasi ginen». Mundu zahar abestiarekin aurkeztu ziren jendaurrean, eta haren segidan iritsi ziren gainerako singleak ere. «Hautu naturala izan da singleak banan-banan ateratzea, abesti bakoitzari merezi duen denbora eskainiz; baina urte amaierarako album bat kaleratzeko asmoa dugu», azaldu dute taldeko kideek.

Taldekideak kontziente dira teknologiak musikan ekarri dituen aldaketez, baina beren kasuan, onuragarria izan da haren eragina: «Teknologiaren aurrerapenek aukera eman digute dirurik izan gabe nahi beste musika grabatu eta kaleratu ahal izateko». Egun, musika egiteko «aukera gehiago» daudela nabarmendu dute, eta haiei ere, aukera horien artean ibiltzea gustatzen zaie.

Era berean, baliabide gutxiren erabilera ere azpimarratu dute J Martinakoek: «Guk gitarra eta teklatua erabiltzen ditugu, baina, izatez, aski da ordenagailuz sortutako soinuekin». Horrek «autosufizientzia» eman die talde gisa, eta, aldi berean, musika ekoizteko «eskuragarritasuna» lortu dute. Hala ere, musika egiteko gogoaz gainera, jakintza izatea ere beharrezkoa da haien hitzetan: «Jakintza teknikoak zein esperientziazkoak izateak sortze prozesuan erraztasunak emateaz gainera, asko baldintzatzen du azken emaitza».

Mixel Ducau musikariak, berriz, bestelako ikuspegi bat du. Anje Duhalderekin batera, Errobi taldean egin zen ezagun 1970eko hamarkadan. Egun, 40 urtetik gorako esperientzia dauka musikaren munduan, eta hark ere lehen pertsonan bizi izan du teknologiaren eragina: «Ez nuen pentsatzen bilakaera hau ezagutuko nuenik; niretzat teknologia zientzia fikzioa zen».

Ducauk gogoan du Errobirekin grabatutako lehen diskoa: «1, 2, 3, 4 esan eta taldekide denok batera jotzen hasten ginen, zuzenean ariko bagina bezala; hori grabatu, eta akatsen bat egonez gero, errepikatu egiten genuen». Gerora, teknologiaren eragina «sekulakoa» izan dela nabarmendu du, eta egun, «milimetroki» egiten den lana da: «Gaur egun horren zehatza da dena, faktore asko hartzen direla aintzat». Hala ere, hark ere autoekoizpenera jo du zenbait kasutan. «Etxean musika programa bat dut, eta, horri esker, kantuak grabatu ditzaket», dio Ducauk. Dena dela, kantuak hala grabatzeak, sarritan, «freskotasuna» galtzen duela iruditzen zaio: «Autoekoizpenarekin kontuz ibili behar da, zuzenekoen bat-batekotasun hori galtzen duelako».

Hedapena ere digitalki

Egun, hala ere, ez da aski abestia sortzearekin soilik. Musikarekin batera, irudia eskutik helduta dator. «Gaur egun kanpoko eskakizun bat da irudia erabili behar izatea», diote J Martinakoek. Haien hitzetan, abestiaren eta irudiaren arteko harremana landu, eta «osotasun bat» sortzea da asmoa: «Irudiak argi eta garbi baldintzatzen du musika, baina baldintzapen horretan aritzea interesatzen zaigu».

Hedapenerako tresna gisa, berriz, sare sozialak erabiltzen dira. «Kontzertuez gain, publikoarekin harremanak izateko biderik nagusietako bat dira sare sozialak; etengabeko jarduera eskatzen dute, eta guk gure proiektua zabaltzeko erabiltzen ditugu». Ducau ere jabetu da eragin horretaz: «Belaunaldi berriek oso modu naturalean erabiltzen dituzte sare sozialak; zeharo aldatu da mundu hori». Baina desabantailak ere ikusi ditu: «Orain dena doa azkarrago, eta abestien moda ere azkar pasatzen da; jendea azkar aspertzen da, eta ez du baloratzen atzetik egiten den lana». Izan ere, garai bateko «ospea» galdu dutela uste du: «Euskal Herrian sekulako fenomenoa zen kontzertu bat; baina, egun, dena da normala, egunerokoa».

Garai batean, zabalkundea lortzeko, diskoa grabatu eta bira bat egiten zen Euskal Herrian. «Jendeak publizitatearen bitartez izaten zuen diskoen eta musika taldeen berri, baina hori atzean gelditu da», dio Valdesek. Hala ere, Ducauren hitzetan, bestelako bide batzuk ere bazeuden: «Guk ez genuen inolako promoziorik egiten: herrietako festetan jotzen genuen, eta, ahoz ahoko komunikazioari esker, beste herrietara joateko eskatzen ziguten».

Urte gutxian aldaketa asko gertatu dira musikarien lanbidean, eta aurrerantzean ere hala izango da. Egun, dena dago eskura, edozein musika entzun daiteke, edonon eta edonoiz. «Beste mundu bat da, eta, nahi edo nahi ez, horretara egokitu behar gara», argi du Ducauk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.