UDAKO SERIEA. Teknologia berriak eta lanbideak (VI) (eta VI). Diseinatzaile eta ilustratzaileak.

Arkatzezko diseinuetatik, birtualetara

Eskuz lan egitetik diseinuak ordenagailuaren bidez lantzera pasatu dira Javier Telleria arkitektoa, Estitxu Osa barne diseinatzailea eta Asisko Urmeneta ilustratzailea. Teknologiak erraztasunak eman arren, tresna berriak barneratzea exijentzia bihurtu dela adierazi dute.

Javier Telleria, arkitektoa. JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Lehen dena egiten genuen eskuz, bai marrazkiak, eta baita kalkuluak ere; gaur egun, hiru dimentsiotan kalkulatzen dugu, egitura osoa integratuta... dena ordenagailuko programen bidez». Hala aldatu da Javier Telleria arkitektoaren lanbidea, hasi zenetik hona. Mahai baten gainean, erregela paraleloa lagun, hasten zuen etxe baten egitura diseinatzeko prozesua. Paper baten gainean marrazten hasi, gainean paper begetal garden batekin, eta Rotring markako tinta erabilita, marraztutako planoa azpiko paperean kopiatzen zen, makina baten bidez.

Hamaika etxe diseinatu ditu modu horretan, 33 urteko ibilbidean. Gaur egun, ordea, lantokian ez dauka ez eskuaira, ez kartaboia, ezta erregelarik ere; ez behintzat neurketetan erabiltzeko. Ordenagailuek hartu diote lekua paperari, eta eskua, arkatzean ordez, saguan darabil. Diseinuko programa batean ikus daiteke esku artean daukaten proiektua: gelaz gela, prest du bezeroari erakusteko etxearen diseinua. Ordenagailuko lainoa du gaur egun biltegi, bulegoan gela bat izan arren garai batean funtzio hori betetzen zuena.

Teknologia berriek ekarritako aldaketen ondorioz, haren aburuz, proiektuetan «gehiago sakondu» daiteke: «Orain amaierako proiektua zehatzagoa da, hobetu egin da». Baina, era berean, lanbideak «gizatasuna galdu» duela dio: «Lehen, arkatza hartu eta paper batean marrazkiak egiten hasten zinen; orain, ordea, lehenengo pausoa etxea egin ahal izateko zer arau bete behar dituzun jakitea da».

Hain zuzen ere, prozesu burokratiko horrek lana asko oztopatzen diela dio: «Geroz eta gehiago, funtzionarioak ematen dugu; lehen hogei orri betetzen genituen proiektu bakoitzerako; orain, berriz, 200». Eta arautegi horien barruan aritzeak, era berean, sormenari espazioa kentzen diola azaldu du: «Hemendik ehun edo berrehun urtera inork ez du jakingo hemen zer arkitektura estilo egiten zen».

Lan baldintzek ere okerrera egin dutela azaldu du. Soldatek, esaterako, behera egin dutela, nabarmen. Izan ere, lehen, arkitektoen elkarteek langileek jaso beharreko gutxieneko ordainsariak zehazten zituzten;Espainiako lurzoruaren arloko neurri liberatzaileei eta elkargo profesionalei buruzko 7/1997 Legearen ondoren, ordea, ezarritako prezio hori gomendio huts bihurtu zen; eta, 2009an egindako zuzenketekin, gomendio hura ere kendu egin zuten. Horrek ondorio «oso txarrak» ekarri ditu, Telleriaren hitzetan: «Baliabide nahikorik ez daukan jendeak prezioak jaisten ditu; hala, gure lana merkeagoa da, eta baldintzak okerragoak».

Horregatik, presaka lan egin behar dutela adierazi du, administrazioaren baimenen zain egon bitartean: «Espediente bat lizentziaren zain egon gaitezke urte erdi bat, urte bat, bi... eta horrela ezin da; nik badauzkat proiektuak 2013an hasita, obra orain egiten ari direnak. Pentsa, zortzi urte!».

Baldintzak baldintza, ordea, azaldu du lanbide «oso polita» dela arkitektura, eta teknologiak teknologia, komenigarria dela oraindik eskuz marrazten jakitea: «Gaur egun ez da beharrezkoa marrazten jakitea arkitektoa izateko, baina laguntzen du gauza gehiagotan arreta jartzen, denbora eta espazioa hobeto analizatzen».

Birtualki, sukaldean oinez

Orri zuri batean, marrak, karratuak eta kodeak, goitik begiratuta sukaldeko elementuak non kokatu adierazteko; hala diseinatzen zituen sukaldeak duela hogei urte Estitxu Osa barne diseinatzaileak: «Ni hasi nintzenean, sukaldea goitik irudikatuta marrazten zen». Ondoren hasi ziren altxaera marrazten, paretik begiratuta sukaldea nola geratuko litzatekeen ikusteko. «Orduan, oraindik, koloreak-eta ez ziren gehiegi irudikatzen; batzuetan pinturarekin margotzen genuen», azaldu du.

Gaur egun, ordea, hiru dimentsiotan jasotzen dute bezeroek haien sukaldea izango denaren planteamendua: «Irudi horiek estatikoak izan daitezke, edo mugimenduan egon daitezke; ordenagailuaren barruan, pertsona bat espazioan kokatu, eta haren etxea ikus daiteke, oinez joango balitz bezala».

Bukaeran, hortaz, dena «oso zehatz» ikusten da: «Hornitzaileak ere askoz ere espezifikoagoak dira; sukaldeetakoek, adibidez, markak eta aparatuak sisteman sartuta dauzkate». Are, programa batzuen bidez, aurrekontuak automatikoki egitea ere posible da dagoeneko, altzariak sisteman sartuta edukiz gero.

Zehaztasunak, ordea, «lan handiagoa» dakar diseinatzaileentzat: «Hasieratik ahalik eta modurik errealenean txertatu behar dituzu altzariak, errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzeko». Eta proiektuan aldaketa txikiak egitekoan laguntzen duten arren —koloreak aldatzeko, adibidez—, aldaketa handiak egiteko zailtasunak ekartzen dituela dio.

Gainera, teknologiak ekarritako berrikuntzak «bai ala bai» sartu behar izan dituzte haien funtzionamenduan, eta horrek etengabe formatzen aritzea dakarkie: «Bi aukera daude: berrikuntza horietara egokitzen zara eta zeure egiten dituzu, edo merkatutik erabat kanpo geratzen zara».

Bezeroekin duten harremanaren garrantzia nabarmendu du barne diseinatzaileak, abiapuntua beti delako nolako sukaldea nahi duten ikertzea, ahalik eta gehien asmatzeko. «Zer elementu sartu nahi dituzten azaldu, eta eskaera horiek batzen dituen diseinua prestatzen dugu», azaldu du.

Harreman hori asko aldatu dela azaldu du: «Pandemiaren ondorioz ere bai, hein batean. Bilerak online egin ditugu, eta inpertsonalagoa bihurtu da dena». Ez du uste zuzeneko harremana guztiz galduko denik, baina hozten ari dela dio, garbi: «Materialak ere lehen ukitu egin nahi izaten zituzten, gaur egun nahikoa dute 3Dan ikusitakoarekin».

Marrazkilari ona izatea garrantzitsua dela azaldu du, nahiz eta beharrezkoa ez izan: «Egia da gaur egun eskuz abila ez izan arren diseinuarekin lotuta bazaude eta programak ezagutzen badituzu, diseinatzaile ona izan zaitezkeela». Dena den, bezeroen zalantzak argitzeko berak zirriborroak eskuz egiteko joera dauka: «Denek ez dute hain erraz ulertzen diseinu bat, eta marrazkiak askotan lagundu egiten die».

Aurrerantzean ere aldaketak etorriko direla aurreikusten du: «Hau geratzeko etorri da». Esate baterako, gertu ikusten du bezeroaren etxera joan, eta 3Dko betaurrekoekin edo beste tresnaren batekin, espazioan bertan mugituz joan eta diseinu berria ikustea: «Oso birtuala izango da, baina hori oso hurbil daukagu, hemendik gutxira egiteko moduan».

«Ezinezko orekaren» bila

Ordenagailuko taula grafikoan marraztu, ilustrazioa hasi eta buka, modu birtualean sortu, eta emailez bidali, paperik, arkatzik, ezabagomarik eta errotuladorerik erabili gabe. Eskuetatik pasatu gabe sortzera iritsi zen Asisko Urmeneta ilustratzailea, baina berriro ere pasatu da lanak paperean marraztu, eskaneatu eta ondoren tratatzera, testua gehituz. «Papera, arkatza eta borragoma; niretzat hori bezalakorik ez da; hori da nire bitartekoa», dio. Norbere gaitasunak eta teknologiak elkar ez zapaltzeko hartu zuen erabakia, elkarren osagarri izateko, eta ez elkarren etsai.

Abantaila nabarmenak ekarri ditu ilustratzaileentzat teknologiak: «Baten batek erran izan baligu eginen duzula marrazki bat, botoi bati sakatu, eta agertuko dela helburuko lekuan, segur aski ez genuke sinetsiko». Dokumentazio grafikoa bilatzeko ere baliagarria da, Internetik gabe, etxeko entziklopedia zaharretan bila aritzen zelako: «Orain bilatzaile bati eman eta baditugu 600 mila argazki gauza bakoitzarenak».

Sare sozialak ere aipatu ditu laguntza gisa, batez ere ilustratzaile gazteak ezagutarazteko. Leiho bat dira haientzat, lehen pausoak emateko laguntza bat. Lehen, ordea, ez zen hala: «Hasieran, karpetatxo bat osatu, autobusa hartu, eta argitaletxez argitaletxe joan behar izaten genuen; leku bakoitzean elkarrizketa eskatu, karpeta utzi...». Bestela, lehiaketa publikoak eta erakusketa kolektiboak baliatzen zituzten, ezagutarazteko.

Era berean, akatsak konpontzeko erraztasunak ematen ditu teknologiak: «Pasatu gara Photoshop eta Illustratorrera, eta zuzenean ematen diozu nahi duzun kolorea; ez bazaizu gustatzen, berriz, aski da Control Z sakatzea, eta beste kolore bat aukeratzea».

Gainera, esparru berriak esploratzeko balio izan dio hari: «Ni, adibidez, koloreak sartzen diseinuko programei esker hasi naiz; beste esparru batzuetara zabaldu naiz; egiten ez nuen horretara gerturatu naiz». Ez du argi, ordea, hori hautu bat izan ote den, ala teknologiak berak behartuta hasi den horretan.

Dena ez baita erraztasuna eta laguntza; hainbat karga ere ekarri ditu teknologiak, Urmenetaren ustez. Prekaritatea, esaterako; ilustratzaile batek beste hainbat funtzio ere bete behar izatea: maketatzaileena, adibidez. Horrek kapitalismoaren ikuspegitik «paradisua» ekarri duela dio, «hiru lanpostu atxiki beharrean, bakarrarekin aski delako». Ilustratzaileentzat, berriz, «exijentzia» bihurtu dela dio: «Exijitzen zaigu teknologia horren guztiaren jabe izatea, eta ohitu gara pixka bat, baina ni preteknologikoa naiz, eta gainera arte paleolitikoa defendatzen dut, labar artea eta abar».

Erritmoekin ere kontuz ibili behar dela azaldu du, makinen erritmoa ez delako gizakien erritmoa, horiek azkarregi doazelako: «Nire iritziz, ebolutiboki oraindik ere ez gaude prestatuta iraultza teknologiko honetarako». Eta arriskutsua ikusten du buru osasunerako: «Zeure burua kausitzeaz gain, lankideak, irakurleak, nagusiak... kausitu behar dituzu, eta oreka hori ere oso prekarioa da; nire lanbideko lagun gehienek pasatu dute fase bat antsietatearekin, krisi laboral indartsu batekin, eritasuneraino iritsita...».

Horregatik, berrikuntzak berrikuntza, kontuz ibili behar dela dio, bizi kalitatea ez galtzeko. «Ezinezko oreka hori» bilatu behar da: «Beste makulu bat da teknologia, ideiarik baldin baduzu, eta nola kudeatu eta zer kontatu baldin badakizu, tresneria hau guztia izan daiteke plus bat; baina, batzuetan, horretan ere bada gehiegizko erabilera bat». Oporretan ere poltsikoan darama telefonoa, eta, horren bidez egin du elkarrizketa: «Hori ere badakar teknologiak: errazten digu bizia, baina ez ote gaitu esklaboago egiten ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.