Estibalizko erromeria, egun lasairako aukera

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
San Prudentziok jendetza eta ospea eraman badu ere, Arabak badu beste patroi bat: Estibalizko Ama Birjinia. Maiatzaren 1ean ospatuko dute arabarrek Estibalizko erromeria. Gasteiztik hamaika kilometrora dagoen santutegirako bidea oinez egingo dute, han egun-pasa lasaia egiteko. Bidea antzinako Vasco-Navarro trenaren bidetik egingo da, egun bide berdea dena.

Estibalizen ez da bozgorailu ozenik, ezta musika talde handirik ere. Horien lekua hartzen dute arteak, dantzek, herri kirolek eta gastronomiak. Mila urteko tradizioa du erromeriak. Monasterioko zelaietan historikoki konpondu dituzte arabarrek irain eta ohore dueluak.

Goizean goizetik prest egongo dira oihal eta pintzelekin Estibalizko margo lehiakateko parte hartzaileak. Eurengandik hurbil ibiliko dira sukaldari saiatuak, Arabako patatan oinarritutako sukaldaritza lehiaketarako prestatzen.

Eguerdiko elizkizunak egin ostean, dantza eta kirolaren txanda izango da. Arabako XXIII. aurresku eta dantza solteko txapelketa jokatuko dute. Horrekin batera, herri kirol erakustaldia ikusi ahal izango dute erromesek. Aizkolarien banakako txapelketa eta harri-jasotzeen erakustaldia eskainiko dute. Hori guztia musika eta janari onez lagunduta, egun lasairako aukera bikaina da Estibaliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.