Berdintasuna. Sexu askatasunaren legea

Sexu askatasunaren legean onespena lehenestearen aurka jo du CGPJk

Aho batez onartu dute txosten kritikoa. Ebatzi dute onespenari buruzko definizioak «frogaren karga alderantzikatzea» ekar dezakeela. Berdintasun Ministerioak dio aurrera jarraituko duela legearekin

2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaiaren kontra egindako manifestazio bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak sexu askatasunaren inguruko lege aurreproiektuari buruzko txostena eztabaidatu zuen atzo, eta legearen kontrako hainbat ñabardura egin zituen. Oro har, kritikoa da txostena: Espainiako Berdintasun Ministerioak proposatutako erreforma nagusiak ez ditu beharrezkotzat jo, ez emakumeen onespena lehenestea, ez sexu abusuen eta erasoen arteko bereizketa ezabatzea. Txostena aho batez onartu zuten atzoko osoko bilkuran; idatzia ez da bete beharrekoa, baina aurrerapenak berak eztabaida ekarri du azken asteetan.

Berdintasun Ministerioak sustatu du sexu askatasunari buruzko legea, eta 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren epaiak eragindako eztabaidei heldu nahi die: besteak beste, Espainiako Zigor Kodea aldatzea planteatzen du, bortxaketa gisa hartzeko emakumeen onespenik gabeko ekintzak, sexu abusuaren eta erasoaren arteko bereizketa kenduta; hau da, onespena izango litzateke bortxaketa egon den ala ez ebazteko baldintza, eta ez larderia eta indarkeria. Lege aurreproiektuak honela definitu du onespena: «Ulertuko da onespenik ez dagoela baldin eta biktimak ez badu libreki azaldu, ezin eztabaidatuzko ekintza dudagabeen bidez, [...] baduela borondatea jarduera horretan parte hartzeko». Hala, legeak bere egin du aldarrikapen feminista, eta aurrerantzean «baietz bakarrik izango da baietz».

CPGJren ustez, baina, zehaztapen hori egitea ez da beharrezkoa. Txostenaren arabera, onespenaren arazoa ez dagokio kontzeptuari —zer den onespena—, baizik eta frogei —noiz dagoen onespena—: «Onespenik izan ez dela egiaztatzeko zailtasun prozesal posibleak ezin dira eraman [delituaren] tipikotasunaren eremura, elementu tipiko baten definizio normatiboaren bidez». Lege testuak onespenari buruz jasotako definizioak «frogaren karga alderantzikatzea» ekar dezakeela uste dute txostenaren egileek, defentsak frogatu beharko lituzkeelako onespena definitzen duten jardunak —sexu jardunean parte hartzeko borondatea adierazi izana, besteak beste—; eta horrek «errugabetasun presuntzioaren printzipioan eragiteko arriskua» dakarrela uste dute. Gainera, adierazi dute definizioa aldatzeak ez zuela eragotziko emakumeak berriz biktimizatzea.

Bereizketarik ez

Hiru adituk idatzi dute CGPJen txostena: Roser Bach Bartzelonako Probintzia Auzitegiko magistratuak, Juan Manuel Fernandez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuak, eta Pilar Sepulveda abokatu eta Sexu Erasoen Emakume Biktimen Fundazioaren sortzaileak. Onespenaren auziarekin ez ezik, kritiko izan dira legearen beste oinarrietako batekin ere: sexu abusuak erasotzat jotzeak «biktima babesik gabe uztea» ekar dezakeela jaso dute, delitugilearentzat ez duelako ondorio handirik izango portaera larriagoa izateak.

Lege aurreproiektuak proposatutakoaren arabera, baina, zigorrak lau eta hamabost urte bitartekoak izango lirateke, gertakariaren larritasunaren arabera. Hain justu, zigorretan ere aldaketak jaso zituen gobernuaren proposamenak. Bortxaketei dagokienez, erasotzaileek lau eta hamar urte arteko zigorra izango dute larrigarririk ez dagoenean; hamabi urte artekoa izan daiteke larrigarri bat dagoenean; eta hamabost urte artekoa bi larrigarri edo gehiago daudenean.

Espainiako Zigor Kodean delitu berriak ere sartu asmo ditu legeak. «Noizbehinkako jazarpena» izango da horietako bat: orain arte «kaleko jazarpen» gisa hartutako erasoak delitu arinak izango dira; kalean ez ezik, baita tabernetan, festa pribatuetan, kontzertuetan eta halakoetan gertatzen direnean ere, «biktimari objektiboki egoera umiliagarria, aurkakoa edo beldurgarria» dakarkiotenean.

Epaitegi espezializatuak

Laguntza integral espezializatuko zerbitzu sare bat osatzea ere nahi du legeak; delitu sexualak jasan dituzten biktimentzat «krisi zentroak» sortuko dituzte, eguneko 24 orduetan informazioa eta laguntza eduki dezaten, eta haiek artatzeko. Gainera, espezializatutako epaitegiak arduratuko lirateke kasu horiez. Bachek eta Fernandezek, nolanahi ere, ez dute justifikatutzat jo sexu indarkeriako delituetan espezializatutako epaitegi berriak sortzea; Sepulveda ez dator bat puntu horrekin, eta espezializazioa justifikatuta dagoela uste du. CGPJk Bachen eta Fernandezen jarrera babestu du; hots, ez du beharrezkotzat jo espezializazioa.

Hainbat pauso eman beharko ditu oraindik lege testuak. Kontsulta organoek aztertu ondoren, lege proiektu gisa onartu beharko da berriro Ministroen Kontseiluan, eta, ondoren, Kongresura pasatuko da. Kontsulta organo horietako bat da CGPJ; txostena ez da bete beharrekoa, baina pisua izango du eztabaida parlamentarioan. Hain justu, Berdintasun Ministerioak martxoaren 8rako bidali nahi zuen legea parlamentura, eta CGPJri egotzi dio txostenaren onarpena atzeratu izana. Irene Montero ministroak aurreratua zuen legea aurrera aterako dela epaileen gobernu organoak kontra egiten badu ere.

Bide beretik joan ziren atzo CPGPJren erabakiaren osteko erreakzioak. Victoria Rosell genero indarkeriaren alorreko gobernu ordezkariak gogora ekarri zuen genero indarkeriaren aurkako legearen eta sexu berekoen ezkontzaren kontra ere mintzatu zela CGPJ, baina «gobernuaren eta legea proposatu dutenen betebeharra» dela «aurrera jarraitzea, Istanbulgo Hitzarmena betetzea». «Badirudi CGPJ dela betetze hori sustatzen ez duen organo bakarra». Monterok ere txio adierazgarria idatzi zuen: «Baietz bakarrik da baietz. Lege izango da». Gobernu barruan, dena den, ahots guztiak ez ziren bat etorri. «Apaltasuna» galdegin zuen Margarita Robles Defentsa ministroak, «gabezia juridikoak» dituzten lege testuak egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.