Aitor Fernandez. Levanteko atezaina

«Futboleko bidea ez zela niretzat uste izan nuen»

Oso ona zetorrenez, Aitor Fernandezek gertu izan zuen 16 urterekin Athleticekin debutatzea. Baina aurten ezagutu du Lehen Maila, Levanterekin, 27 urterekin. Eibarren aurka ariko da igandean.
LEVANTE

Aitor Manterola -

2019ko martxoak 28
Aitor Fernandez (Arrasate, Gipuzkoa, 1991) atezaina izango dute parez pare Eibarreko jokalariek igande honetan, Valentzian (Herrialde Katalanak). Euskal Herriko atezainen harrobi oparoko beste ale bat da.

Zer itxura hartzen diozu Eibarren aurkako partidari?

Hasteko, berezia izango da, ni gipuzkoarra izanik baduelako zerbait ezohikoa. Bestelakoan, guk puntu beharra daukagu, eta dena eman beharko dugu irabazteko. Badakigu Eibarrek nola jokatzen duen: oso zuzena da haren jokoa, eta erdiraketa gehienak egiten dituzten jokalariak ondo lotu beharko ditugu: Jose Angel eta Peña. Charles eta Enrich geratzeko gai izan beharko dugu aldi berean.

Atezaina izanik, Eibarren aurka jokatzea nekagarria da, erdiraketa ugari ateratzen dituelako?

Estres puntua eragiten du, baina neurrian. Hala ere, Eibar aldatu egiten da Ipuruatik kanpo jokatzen duenean, eta ez du hainbeste itotzen aurkaria. Hala ere, ez du jokatzen beste taldeek bezala, eta uste duzunean mendean hartua duzula, azkar asko heltzen zaizkizu zure atera, joko zuzena eta azkarra egiten duelako.

Zenbateko garrantzia du zuentzat Eibarrek etxetik kanpo partida bakarra irabazi izanak?

Espero dezagun hemen ez irabaztea bigarrena [barrezka]. Ipuruan gusturago ibiltzen da, zelaia txikiagoa baita. Zelaiko neurriak eta zulo guztiak ondo ezagutzen ditu, eta han zerbait ateratzea zaila izaten da. Etxetik at irabaztea talde guztioi kostatzen zaigu, hala ere.

Ipuruan, lehen itzulian, 4-4 egin zenuten. Aulkitik ikusi zenuen, eta gozatu ere bai, halako gol festarekin?

Ikusleentzat polita izan zen, baina entrenatzaileentzat ez hainbeste. Lehen zatian, gu askoz hobeto ibili ginen, eta, bigarrenean, Eibar izan zen nagusi. Galdutzat ikusi nuen 3-1ekoarekin, baina azken unean berdindu eta gero, oso pozik bukatu genuen.

Levantek behera egin du azkenaldian, baina ezin da esan denboraldi balekoa ez denik, ezta?

Azken partidetan emaitzak ez dira onak izaten ari, baina ondo jokatzen ari gara. Realaren aurkako lehen zatia izan zen aspaldiko eskasena, baina beste partidetan ondo aritu gara. Epaileak ere ez dabiltza gure alde egiten, baina hau beste kontu bat da. Jokoaren aldetik, balantzea oso ona da.

Mailari eusteko puntu batzuk gehiago atera beharko dituzue, ezta?

Bai. 31 puntu dauzkagu, eta 42 baino gutxiago beharko direla ematen badu ere, badaezpada ere, atera egin behar ditugu 42 puntuak, eta gero gerokoak.

Joko onari heltzen diozue emaitza txarrengatik ahuldua egon daitekeen konfiantzari eusteko?

Bai. Aurkariak baino askoz aukera gehiago ari gara izaten, eta lasai gaude alde horretatik. Aukerak sartzen ditugunean helduko zaizkigu emaitza onak. Jokatu dugun partidaren bideoa ikusten dugu hurrengo egunean, eta partida askotan, zati handienetan behintzat, gu gai izaten ari gara gure jokoa egiteko, eta emaitza onak helduko dira.

Zuk, adibidez, partidan bizi edota pentsatu izandakoa berresten duzu bideoa ikusita, ala aldatu egiten zaizu iritzia?

Ez ditugu partidak osorik ikusten, zati batzuk baino ez, ondo egin duguna eta gaizki egindakoa ikusteko. Aldatu egiten zait batzuetan partidetan pentsatu izandakoa: adibidez, partidan golen batean ezin nuela geratu pentsatu eta gero, bideoan konturatu naiz geldi nezakeela leku onean jarrita egon izan banintz. Oso tresna ona da bideoa.

Otsailaren 2an jokatu zenuen lehen aldiz ligan Levanterekin, eta egun handia izan zen zuretzat, debuta izan zenuelako Espainiako Lehen Mailan.

Ematen zuen oso gazte igoko nintzela Lehen Mailara, Athleticen nengoenean 16 urterekin egin nuelako lehen entrenamendua talde nagusiarekin. Luis Llopis zen lehen taldeko atezainen entrenatzailea, eta askotan aritzen nintzen haiekin. Baina gero, begira, 27 urterekin etorri zait debutatzeko aukera. Oso luzea izan da bidea, baina garai onean heldu zait, eta lanean jarraitu behar dut lorturikoari eusteko ez ezik, aurrera jarraitzeko.

Lehen Mailara heltzea hainbeste kostatu izana nekagarria izango da buruarentzat, ezta?

Barakaldora joan nintzen Athleticek utzita, eta igo berria zen Bigarren B Mailara. Orduan pentsatu nuen futbolaren bidea ez zela, agian, niretzat izango, eta ikasten hasi nintzen: entrenatzaile ikasketak, masajista ikasketak... Ikusi nuen futbolaren munduan dena ez dela erraza izaten. Athletic utzi eta Vila-real B-ra joan nintzen, Athleticen egin nahi nuen bide bera egitera. Beti izan dut konfiantza neure buruarengan. Han ere gertu ikusi nuen Lehen Maila, baina ez zen gauzatu. Handik Numantziara joan nintzen, eta Bigarren Mailan nengoen; beste gauza bat zen niretzat. Han kosta egin zitzaidan titular izatea, baina bigarren denboraldia oso ona izan zen niretzat eta taldearentzat, eta horri esker fitxatu ninduen Levantek aurreko udan. Beste egoera honek ere izango zuen eragina, dena dela: Paco Lopez, orain Levanten entrenatzaile dudana, Vila-real B-n ere izan nuen entrenatzaile.

Athletic utzi eta Euskal Herritik lehen aldiz ateratzeko erabakia hartu zenuen. Nola bizi izan zenuen?

Jokalari profesionala izan nahi bada, pauso hori eman egin behar da. Garbi neukan hori. Lehen hilabeteak Vila-realen ez ziren errazak izan, lagunak eta etxekoak falta nituelako. Aitarekin beti izan dut lotura berezia, hura ere atezain izan baitzen, eta entrenamendu batera edo bestera eramateko beti prest baitzegoen. Oso lotuta nago familiari, eta ez zen erabaki erraza izan kanpora joatea.

Etxetik datorkizu, orduan, atezain izatearena?

Aitak ez zuen nahi, baina badakizu, nahikoa da gurasoek gauza bat eskatzea guk kontrakoa egiteko [barrez].

Nolako atezaina zara?

Ez naiz oso garaia gaur egun ikusten diren atezainekin alderatzen banaiz [1,82 metro luze da], baina atezain baten maila ez dut garaierarekin neurtzen. Ikusi behar da baloiak geratzen dituen, ona den oinarekin, azkarra den edo ez... Ez naiz geldiketa ikusgarriak egiten dituena, gustatzen zaidalako geldiketa horretara heldu baino lehen jardutea.

Jauzi handia dago Bigarren Mailatik Lehen Mailara?

Bai, batez ere abiaduran. Gauzak azkarrago gertatzen dira, eta ligan bertan ere aldea dago goiko taldeen eta besteen artean abiadura aldetik. Teknikan, kontrol guztiak onak egiten dituzte Lehen Mailan, eta atera ere askoz jaurtiketa gehiago botatzeko gai dira. Bigarren Mailan leku gutxiago dago jokatzeko.

Zein zenuen idolotzat umetan?

Asko ikusten nuen Buffon. Urte asko daramatza, eta sekulako geldiketak egiten ditu. Baina horren gainetik hau gustatzen zitzaidan: egoerak gertatu aurretik jardutea du gustuko, eta horretan badut italiarraren antza. Dida brasildarra ere gogokoa nuen, erraz ibiltzen zelako. Victor Valdes ere gustukoa nuen.

Lau denboraldirako tratua duzu Levanterekin, eta alde horretatik lasai zaude, ezta?

Levanteren egitasmoa ona da, Lehen Mailan egonkortu eta gorago ere ibili nahi duelako. Baina gu nomadak gara; diru asko mugitzen da mundu honetan, eta, bestalde, gerta daiteke taldeak esatea ez nauela nahi. Kontuak kontu, oso gustura nabil hemen, eta ez dut beste ezertan pentsatzen.

Ez duzu buruan Euskal Herrira itzultzea jokatzera?

Etxean eta Lehen Mailan jokatzea denon ametsa izaten da, baina urte asko daramat Euskal Herritik kanpo, eta oraingoz gustura nabil.

Realak nahi izan zintuen fitxatu udan?

Ez daukat arrastorik ere.

Nola dago Euskal Herriko atezainen harrobia?

Ondo. Athletic atezain asko ari da ateratzen azkenaldian, oso onak, gainera. Hemen, bi gaude euskal herritarrak: Oier Olazabal eta ni. Euskal Herriko atezainen harrobiak maila onean segitzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna