Robin Le Normand. Realeko jokalaria

«Urte oso polita dugu aurretik, eta gure onena eman nahi dugu»

Robin Le Normandek esan du taldeak «ilusio handia» duela hastear dagoen sasoiari begira. Erdiko atzelari bretainiarrak bigarren sasoia du segidan lehen taldearekin, eta «arlo guztietan hobetzea» du helburu.

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Gelditzeko astirik ia batere izan ez duten arren, berriz abian jartzear da futbolaren errota. Hastear dagoen sasoia azken boladako itxaropentsuena da Realarentzat, garaikurrak izango baititu jokoan, eta sari horien bila ariko den taldean izango da Robin Le Normand erdiko atzelaria (Pabu, Bretainia, 1996). Jokalari txuri-urdinak dio «ilusio handiz» ekingo diola denboraldi berriari. Igandean Valladoliden (Espainia) hiru puntuak irabaziz hasi nahi du.

Igandean ekingo diozue Espainiako Ligako denboraldiari. Nola dago taldea lehiari ekin aurreko egunetan?

Taldeak gogor egin du lan Zubietan, beti bezala. Egia da taldekide batzuk min hartuta daudela, eta beste batzuk koronabirusak jota, baina talde guztietan daude horrela. Hala ere, ondo gaudela uste dut. Gogotsu gaude lehiari ekiteko.

Zenbait jokalariren osasun gorabeherek baldintza dezakete sasoiaren hasiera?

Ezohiko egoera batean gaude, mundu osoan, gainera, zalantza askokoa. Guk ere baditugu, noski. Garrantzitsuena da ezarritako neurri guztiak betetzea arriskua gutxitzeko. Zaintzen saiatzen ari gara ahalik eta gehien.

Estreinaldian Valladolid izango duzue arerio. Garrantzitsua da ondo hastea.

Bai, baina partida gogorra izango da, beti bezala. Talde guztiak zailak dira ligan. Taldeak ondo hasteko irrika du, ordea, eta neurketa irabaztera joango da hara.

Denboraldi-aurreko azken norgehiagoka irabazita helduko zarete, Osasunaren aurkakoa, Euskal Herria Txapelako finalean. Oro har, nolako sentipenak izan dituzue prestakuntza aldian?

Lan ona egin dugula iruditzen zait. Opor gutxi ere izan ditugu, eta fisikoki ez dugu horrenbeste galdu. Halere, entrenatzaileek asko exijitu digute, eta konfiantzarekin ekingo diogu ligari.

Bost lehiaketatan ariko zarete denboraldi honetan: Espainiako ligan, bi kopatan eta superkopan, eta Europako Ligan. Nola egingo diozue aurre?

Ilusio handiarekin. Txapelketa asko ditugu, partida asko, eta kitzikagarria izango da. Ahalik eta ondoen egin nahi dugu, nahiz eta oraindik zail den zer gertatuko den jakitea. Taldeak ahalik eta ondoen egin nahi ditu gauzak, eta txapelketa guztietan lehiatu.

Alde horretatik, liga apur bat zaildu daitekeela iruditzen zaizu?

Ez dut uste txapelketa bat bestea baino gogorragoa izango denik. Denetan egongo dira egun zailak, eta asko exijitzen dutenak. Horrela hartu behar dugu guk ere.

Joan zen sasoian 31 neurketa jokatu zenituen Espainiako ligan, eta zazpi Kopan. Gehien jokatu zutenetako bat izan zinen. Pozik egoteko arrazoiak dira, ezta?

Bai, gustura nago jokatutako partida kopuru horrekin eta zelaian eman nuen denborarekin. Alde horretatik, oso pozik nago.

Imanol Alguacilek zuganako konfiantza erakutsi zuen aurreko denboraldian.

Bai, entrenatzaileak niregan konfiantza duela uste dut. Nik ere badut harengan eta klubarengan, eta horri eutsi behar zaio.

Arlo pertsonalean, zer helburu dituzu sasoi honetan?

Lehenik, ahalik eta gehien jokatu nahiko nuke. Bestetik, zelaian aurreko denboraldian baino lan hobea egin nahiko nuke.

Taldean modu jarraituan egingo duzun bigarren sasoia izango da hastear dena. Realean finkatzeko urtea izango da?

Uste dut futbol jokalari batentzat bigarren urtea zailagoa izaten dela arlo pertsonalari dagokionez. Prest nago horretarako, eta nire mailarik onenean aritu nahi dut zelaian, klub honetan hazten segitzeko.

Iragan ekainean 2024. urtera arte luzatu zenuen Realarekin duzun kontratua. Nolako balorazioa egiten duzu?

Oso pozik nago. Kontratua berritzean klubak nigan duen konfiantza igarri dut.

Orain artean zer mailatan aritu zaren ikusita, zertan hobetzen segitu nahi duzu kirol esparruan?

Lehen esan duzun moduan, bigarren sasoia hastera noa lehen taldean, eta alde horretatik badakit zer hobetua dudala. Gainera, arlo guztietan segitu nahi dut hobetzen, lehentasunik eman gabe. Atzelari batean dena da garrantzitsua, eta, oro har, nire mailan hobetzen segitzea dut xede.

Iragan sasoian, Europa ligarako sailkatu zineten, baita Espainiako Kopako finalerako ere. Denboraldi honetarako zer helburu dituzue?

Txapelketa asko izango ditugu, eta haietan guztietan ahalik eta ondoen aritzea da kontua: ligan, kopatan, [Espainiako] Superkopan... Txapelketa bat ez da bestea baino garrantzitsuagoa, eta denetan gure onena eman nahi dugu. Partida guzti-guztietan lehiatzeko asmoz hasiko dugu denboraldia.

Zer eskatzen dizue Imanolek zelaian egiteko?

Gu geu izan gaitezela, gure jokoa egin dezagula. Lan asko egiteko eskatzen digu, eta intentsitate handiz aritzeko.

Martin Odegaardek taldea utzi du, eta David Silva heldu da. Taldearen bizkarrezurra, ordea, aurreko denboraldiko berbera da. Gaitasun handiko taldea du Realak?

Baietz uste dut. Bai indibidualki, bai talde gisan, iruditzen zait oso maila ona dugula. Hori baliatu nahi dugu denboraldi honetan ere.

Joan den sasoiko emaitza onek oraingo exijentzia maila igo dezaketela iruditzen al zaizu?

Ez dakit. Mundua guztia exijentea da talde barruan, eta, alde horretatik, uste dut geure buruari ere eskatuko diogula. Oraingoz, horri helduko diogu, eta ziur naiz exijentzia maila handi bati eutsiko diogula. Gauza asko gerta daitezke denboraldian zehar, eta taldeak beti bere onena ematen saiatu behar du une oro.

Bost garaikur izango dituzue jokoan. Biderik zailena eginda dago gehienetan, iazko kopako finalean, kasurako. Oso denboraldi motibagarria duzue aurrean.

Jakina, dudarik gabe. Taldeak gogo izugarriak ditu lehiaketa horiei heltzeko. Urte oso polita dugu aurretik, eta gure onena eman nahi dugu emaitza politak lortzeko.

Koronabirusa dela eta, modu arraroan amaitu zenuten sasoia, eta denboraldi honetan ere ezer argirik ez dago. Halako emaitzak lortu eta zaleekin ezin ospatzeak amorrua ematen dizu?

Ez bereziki. Kontuan hartu behar da nolako egoera dagoen mundu mailan. Gure urtea ona izan zen, bai, baina ligako agintariek erabaki zuten ezin zela zaleekin jokatu, koronabirusa dela eta. Guztientzat hobeto zelako egingo zuten. Osasuna da garrantzitsuena, eta, nire aldetik, ez dut amorrurik edo penarik horri dagokionez. Gai oso garrantzitsua da osasuna, eta ahalik eta gehiena egin behar dugu osasun neurriak betetzeko. Errespetatu besterik ezin dugu egin alde horretatik.

Zer lorpen nahiko zenituzke sasoi amaierarako?

Galdera zaila da hori, ez baitakigu zer gertatuko den. Ahalik eta partida gehien irabazi behar ditugu. Hori lortzen badugu, ondo ibiliko gara.

Garaikur bat lortzea ona litzateke ordea, ezta?

Realarekin garaikur bat lortzea litzateke politena, noski. Horren dudarik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.