Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Nire lana ondo egiten daukat arreta osoa. Beste guztia ez dago nire esku»

Altunak bigarrenez jarraian jokatuko du buruz buruko finala. Igandean da partida, baina oraindik ez daki noren aurka ariko den: Artola edo Rezustaren kontra. Artola izatea nahi du: «Hark jokatzea litzateke justuena, baina hark erabaki behar du».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Aldaketen txapelketa izan da buruz buruko hau. Berdin dio. Jokin Altunak tinko eusten dio (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta nagusitasunez kanporatu ondoren, bigarren aldiz jarraian ariko da finalean; hirugarren aldiz azkeneko lau ekitaldietan. 2018an irabazitako txapelari bigarrena gehitu nahi dio: «Oso pozik» dago finalean egonda, eta «ziur» dago bere lana eginez gero «aukera» izango duela txapela irabazteko. Baina baditu bi baina: bata, ez dakiela Iñaki Artola laguna jokatzeko moduan izango den: «Pena litzateke Iñakik ez jokatzea. Merezi du finala bizitzea»; eta bestea, horren ondorioz, ez dakiela Artola edo Beñat Rezustaren aurka ariko den: «Oso ezberdina da bataren edo bestearen aurka jokatzea». Halere, dioenez, kontu horiek guztiak «bazter batean utzita» entrenatu da. «Ez dit mesederik egiten beste kontuei bueltak ematen aritzeak».

Nola daramazu finala astebetez atzeratu izana?

Ondo daramat. Erabakiaren berri eman zutenean, zalantza batzuk izan nituen, ea noren aurka jokatuko nuen. Baina bigarren egunerako jada buru-belarri ari nintzen lanean. Sentipen onekin iristea da garrantzitsuena, eta horretan ari naiz. Gustura ari naiz entrenatzen.

Uste duzu justuena Artolari itxarotea dela?

Nire iritzia da finalera iritsi direnek merezi dutela jokatzea. Gero, lesioak eta lesioak daude. Lesio luze batek egutegi osoa aztora dezake, baina Iñakiren kasuan ez dakit zehazki lesioa zer gradutakoa den edo zenbat denbora behar duen osatzeko. Ez dute esan. Nik Iñakik jokatzea nahi dut, justuena baita. Baina ez dakit jokatu ahalko duen edo ez. Medikuek gauza bat esan dezakete, baina hark erabaki beharko du jokatu ala ez. Ez da erabaki erraza izango. Ni haren tokian egongo banintz, asko pentsatuko eta hausnartuko nuke.

Hari itxaroteko prest zinateke?

Bai. Nik araudiak dioena betetzen dut, eta enpresek edo Enpresen Ligak esandakoa beteko nuke. Astebete eman diote. Ea iristen den. Ez dago nire esku.

Hiru aste pasatuko dira txapelketako azken partidatik. Denbora asko da?

Ezohikoa da. Baina ez dit ezertarako balio horri bueltak emateak. Ez dit inolako mesederik egiten atzerapenak kalte edo on egingo didan pentsatzeak. Hala tokatu da, eta kito.

Zer da gehien kostatzen ari zaizuna?

Nire lana ondo egitean dut arreta osoa: beste guztia ez dago nire esku. Baina azkenaldian badirudi denok bihurtu garela mediku, eta badakigula Iñakik jokatuko duen edo ez. Hark bakarrik daki benetan nola dagoen, eta nahikoa zalantza izango ditu. Ni final bat jokatzeak dakarrenaz gozatzen jarraitu nahi dut. Gustura ari naiz, eta horrela jarraitu nahi dut.

Alde handia dago Artolaren edoRezustaren aurka jokatzearen artean?

Bai: bata, aurrelaria da, eta eskuina; bestea, ordea, atzelaria, eta ezkerra. Sakatu ere ezberdin egiten dute, baita errestatu ere. Baina ez nago entrenatzen aurkaria bata edo bestea izango dela pentsatuta. Gainera, pilotan, denok oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta sekretu gutxi dago. Nahiko nukeena da entrenamendu bat egin finalean noren kontra jokatuko dudan jakinda. Okerrena ez da atzerapena, baizik eta ez jakitea zeinen aurka jokatuko dudan.

Argi utzi duzu Artolak jokatzea nahi duzula. «Artolaren aurka finala jokatzeak baino gehiago, Artola finalean ikusteak poztu nau», esan zenuen Zabaletari irabazi berritan.

Eta halaxe da. Sekulako ilusioa egiten dit Iñaki finalean ikusteak. Gogo handia zuen hor egoteko, eta, azkenean, lortu du. Merezi du finala bizitzea.

Erik Jakari bezala, hari ere kostatu zaio iristea.

Lehen pazientzia handiagoa izaten zen pilotariekin. Gero, oso onak izan ziren pilotariak adin batetik aurrera hasi ziren irabazten. Bakoitzak bere denbora behar du, eta gaitasun handia duten pilotariekin pazientzia izan behar da; eta Iñakik gaitasun handiak ditu. Ziur nago hemendik aurrera maila handia emango duela eta pilotari oso arriskutsua izango dela.

Nola ikusi duzu txapelketan?

Oso ondo aritu da. Partida bakoitzak eskatzen ziona egin du. Ez ditu bi partida berdin jokatu. Horrek agerian uzten du zer-nolako gaitasuna duen modu batera edo beste batera jokatzeko. Oldarkorrago ere ikusi dut. Oldarkortasun horrek min handia egin die aurkari guztiei.

Ziurra dena da zuk jokatu egingo duzula finala. Hamar egun barru beteko dituzu zazpi urte profesionaletan, eta ordutik jokatu dituzun banakako hamalau txapelketetatik bederatzitan iritsi zara finalera; zazpitan azken hiru urte eta erdian. Zer pasatzen zaizu burutik hori entzuten duzunean?

Zenbaki ederrak direla. Eta horrek poz handia eragiten dit. Urtean zehar hiru txapelketa nagusi jokatzen ditugu, eta oso pozgarria da horietan guztietan goian borrokatzen aritzea. Nire ametsa da hurrengo urteetan hala izaten jarraitzea. Aukera polita da final hau jokatzea. Ea nire lana ondo egiten dudan.

Pilotariek behin eta berriro diozue oso zaila dela urte osoan gorabeherarik ez izatea. Zuk, hala ere, nekez izaten duzu txakalaldirik. Inoiz behera egitekotan, binakakoan egin izan duzu: ez duzu inoiz finala jokatu.

Emaitzei bakarrik erreparatuta, pentsa daiteke binakakoan behera egiten dudala, baina, nire ustez, oso maila ona eman izan dut. Faktore asko daude tartean, eta aurten, gertatu zitzaidana izan zen hilabete batean justu ibili nintzela, eta, zoritxarrez, binakakoaren azken txanpan izan zela. Pena izan zen, baina pilotan hasi nintzenean sinatuko nuke urtero txapelketa guztietan horrela ibiltzea.

Iaz ere finala jokatu zenuen, baina bestelako sentipenak dituzu aurten?

Ez daude bi txapelketa berdin; denak dira ezberdinak, eta, beraz, sentipenak ere ezberdinak izan ohi dira. Iaz, finalera iritsi nintzen, baina kostata aritu nintzen txapelketan: finalerdietan, adibidez, asko kostatu zitzaidan Dariori irabaztea [22-15]. Aurten, ordea, sentipen hobeagoekin iritsi naiz finalera. Baina horrek ez du esan nahi gero finalean dena ondo aterako zaidanik. Nire helburua da nire esku dagoen guztia ondo egitea.

Iaz, galdu egin zenuen finalean Erik Jakaren aurka. Orduan bizitakoak ikasteko balio izan dizula esan izan duzu askotan. Zertan lagundu dizu?

Orain, askoz garrantzi handiagoaematen diot eguneroko lanari. Astelehenean jada asteburuko partidan pentsatzen bazaude, zertarako balio dute aste barruko egun horiek? Gure lana, noski, asteburuko partidan maila ona ematea da, baina egunerokoan egin beharreko hainbat gauzez ere gozatu beharra dago. Egunerokoa gehiago bizitzen dut orain, gehiago disfrutatzen dut, eta horrek mesede egiten dit finalari heltzeko orduan.

Indartsuagoa zara buruz?

Gertatzen zaizkigun esperientzia guztiek zerbaiterako balio izaten dute; guztietatik ahal duzu atera ikaskeketaren bat. Nik ez dut asko sinisten kasualitateetan. Pilotan gertatu zaidan guztiak gertatu beharra zuen, gauza onek zein txarrek. Hazteko balio izan didate denek. Baina oso argi dut hobetzen jarraitu behar dudala. Eta horixe da helburua: ahalik eta pilotari hoberena izatea.

Eguneroko lanaz gehiago gozatzeari esker iritsi dira azkenaldian lortu dituzun emaitzak?

Zalantzarik gabe.

Zenbateko garrantzia izan du txapelketa honetan Joseba Ezkurdiari final-laurdenetan irabazi izanak?

Handia. Sekulako konfiantza eman zidan Josebari irabazteak. Nik lehen partida nuen. Hark, berriz, bat zuen jokatua, eta ikusgarri aritu zen, Peñaren aurka [22-6 irabazi zion]. Horregatik, errespetua ematen zidan Josebaren aurkakoak. Baina horretaz ahaztu, eta nire lana ondo egiten jarri nuen arreta osoa. Zorionez, helburua lortu nuen, eta Joseba kanporatu nuen. Konfiantza handia ematen du Joseba bezalako pilotari handi bati irabazteak. Garaipen horrek indar handia eman zidan Jose Javier Zabaletaren aurkako partidarako.

Ikusgarri ari zen Zabaleta, baina aukerarik ez zenion eman: 22-8. Espero baino lehia gutxiagoko partida izan zen.

Agerikoa da Josebari baino errazago irabazi niola. Partida oso zaila espero nuen: ikusgarri ari zen Jose, aurkari guztiei egurra emanda. Baina hasierako tanto batzuetan asmatu egin nuen hari aurrean pilotak aukeran ez uzten, eta, hura, gero, irten egin zen partidatik. Gero, bere onera itzuli zen, eta jokatu egin zuen pilotan: 12-0koa izan zen lehen partziala, baina bigarrena 10-8koa izan zen. Bistan dago hark behetik gora egin zuela, eta bete-betean sartu zela norgehiagokan. Baina ni aurretik jarri nintzen partida hasieratik, eta hura ez zen egon egoera horretan aurreko partidetan: oso erraz joan zen guztietan. Eta, noski, atzetik joanda, aldatu egiten dira gauzak. Horregatik, zenbait momentutan neurketatik irtenda ikusi nuen.

Hirugarrenez jarraian iritsi zarete Tolosaldeko bi pilotari banakako final batera. Behin kasualitatea izan daiteke, baita bitan ere, baina hirutan gauza bera gertatzeak gutxi du kasualitatetik.

Ez, eta oso seinale ona da. Tolosaldean badago jendea urte asko daramana pilotaren alde lan pila egiten. Haiekin gogoratu nahiko nuke, eta haien lana eskertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.