Victor Laguardia. Alaveseko jokalaria

«Alavesen erretiratu nahiko nuke, eta klubaren historian arrastoa utzi»

Defentsa sendoa, aurrelarien joa eta talde barruko giroa. Horiek dira, Laguardiaren aburuz, egun Europako postuetan dagoen Alavesen oinarriak. Atzelariak bosgarren sasoia du taldean, eta bertan bidea egiten segitu nahi du: «Dena dut hemen».

ALAVES.
enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Abelardo Fernandezen planetan ezinbestekoa da Victor Laguardia. Denboraldi honetan Espainiako Ligan partida gehien jokatu duen Alaveseko jokalaria da (23), baita minutu gehienetan aritu dena ere: 2.070. «Pozarren» dago, baina ez du «bertan goxo» gelditu nahi. «Hobetzen jarraitu nahi dut. Ia 30 urte ditut, baina futbolak beti irakasten dizkizu gauza berriak».

Zer aho zapore utzi dizue Betisen kontrako berdinketak?

Puntua ontzat eman dugu. Aurkari indartsu baten aurka jokatu genuen, zelai zail batean, eta, partida nola joan zen ikusita, pozik egon gaitezke emaitzarekin. Asko estutu gintuzten bigarren zatian, baina duin eutsi genien. Puntuari balio handiagoa ematen saiatuko gara larunbatean, Celtaren aurka.

Hamalau jardunaldi falta direla, 36 puntu dituzue jada. Soilik salbazioaz hitz egin duzue orain arte, baina, martxa honetan, laster aldatu beharko duzue diskurtsoa.

Ea hala den. Mailari eustea bermatzen dizuten 42 puntuak lortu ditugun seinale litzateke. Hortik aurrera, ahalik eta urrutien iristen saiatuko gara. Talde hau oso langilea da, eta anbizio handia du.

Krisi txiki bat izan duzue orain gutxi, hamabitik puntu bakarra batuta. Ordea, bide onera itzuli zarete azken bi partidetan. Nola kudeatzen dira halako egoerak?

Aurrez garbi edukita uneren batean iritsiko direla. Bolada onak beti amaitzen dira, munduko talde guztiek dituzte beheraldiak, eta gu ez gara gutxiago. Uste dut modu egokian egin diogula aurre bolada txarrari, lanari eta sakrifizioari helduta, eta betiko apaltasunez. Gauzak gaizki direnean ikusten da benetan nolako taldea garen. Suspertzeko gaitasun handia dugu, eta hori askotan erakutsi dugu.

Defentsako sendotasuna berreskuratu duzue azken bi lehietan, eta taldeak asko igarri du hori. Sendotasunik gabe ezin da ulertu Alavesen arrakasta, ezta?

Hala da. Gure moduko talde batek zimendu sendoak izan behar ditu. Funtsezkoa da defentsa oso landua izatea. Horretarako teknikari aproposa dugu. Izan ere, Abelardok hasieratik eman dio garrantzi berezia defentsako lanari. Abiapuntua hori da, eta, gero, badakigu erasoan kalitatezko jendea dugula.

Zer beste sekretu dago Alaves osatzen ari den denboraldi txundigarriaren atzean?

Taldearen batasuna. Hein handi batean, horregatik eutsi genion mailari iragan sasoian. Abelardorekin bat egin genuen denok, eta giroa itzela da gaur egun ere. Asko edo gutxi jokatu, jokalari guztiok goaz norabide berean. Gure jokamoldean sinesmen osoa dugu, eta hori zelaian islatzen da.

Zer nabarmenduko zenuke Abelardoz?

Pertsona oso arrunta da. Futbolaren munduan geroz eta ezohikoagoak diren horietakoa. Ez du ezer asmatu nahi. Ez da esperimentuak egin zalea. Nahiago du arreta oinarrizko gauzetan jarri. Gainera, jokalari guztien konpromisoa lortzeko gaitasuna du. Hala, arrakasta talde osoarena dela sentitzen dugu.

Oraindik ez du datorren sasoirako kontratua berritu. Uste duzu Gasteizen geldituko dela?

Hala nahiko nuke. Abelardo ezagututa, ez dut uste oztopo handirik jarriko duenik kontratua berritzeko. Badakit pozarren dagoela Gasteizen. Lehenik, jokalari gisa aritu zen, eta, orain, lan itzela ari da egiten entrenatzaile gisa. Klubak aitortzen dio lan hori, eta espero dut bi aldeak aurki ados jartzea. Abelardo entrenatzaile ezin hobea da klub honentzat. Urte askoan hemen egotea nahiko nuke.

Taldeari erreparatuz, erasoko bi jokalari garrantzitsu galdu zenituzten neguko merkatuan, Ibai eta Sobrino, eta, haiek ordezkatzeko, Inui, Alex Blanco eta Rolan iritsi dira. Talde hobea edo okerragoa duzue orain?

Hemen emaitzek agintzen dute, berdin dio nor joan den eta nor etorri. Hainbatek zioten falta zirenengatik izan ditugula emaitza txarrak azken hilabetean, eta, gezur bat behin eta berriro errepikatzean, egiatzat hartzen da. Zorionez, dinamika hori irauli dugu, eta jada isildu dira falta zitzaizkigun jokalarien inguruko iruzkinak. Ez du merezi joan direnei buruz hitz egitea. Hiru jokalari on iritsi dira, eta pozik gaude.

Defentsan, laster jokatzeko moduan egongo da Rodrigo Ely. Luxuzko fitxaketa izango da, ezta?

Garrantzi handia du zelaian nahiz zelaitik kanpo. Guretzat funtsezkoa zen hura behar bezala osatzea. Jada normal ari da entrenatzen. Oso sasoiko ikusten dut. Behin erritmoa hartuta, gauzak oso zail jarriko dizkigu Maripani eta bioi. Lehia horrek mesede egingo digu, estutu egin beharko baitugu hamaikakoan jarraitzeko.

Alaveseko atzelariak ez zarete abilenak baloiarekin, baina ez duzue parekorik aireko jokoan. Esan daiteke eroso sentitzen zaretela aurkariek erdiraketen bidez setiatzen zaituztetenean?

Ezaugarri ezberdineko defentsak daude futbolean. Gure indargunea ez da baloia oinetan izatea; erosoago sentitzen gara atzean sartuta gaudenean, eta aurkariek areara erdiraketak bidaltzen dizkigutenean. Horrez gain, jokalari azkarrak gara, eta ez dugu arazorik lerroa aurreratzeko. Oreka aurkitzea da garrantzitsuena, eta hori lortzeko egiten dugu lan.

Gainera, beti izango da lasaigarria atepean Pacheco edukitzea atezain. Esan izan duzu «20 gol sartzen dituen aurrelari baten pareko balioa» duela.

Ehun partidatik gora jokatu ditut haren alboan; ondo ezagutzen dut. Titulu hori denboraldi hasieran eman nuen, udako merkatua itxi berritan. Azkar esan nuen, eta, jardunaldi askoren ostean, berretsi egin dezaket. Ia partida guztietan ematen dit arrazoia.

Estiloen eztabaida mahai gainean dago berriro. Batzuek jokoaren distira ia emaitzaren pare jartzen dute, eta beste batzuek pragmatismoa lehenesten dute. Zein da zure ikuspuntua?

Bakoitzak nahi duen bezala eta, batez ere, ahal duen bezala jokatzen du. Niretzat, errespetua da oinarria. Estilo guztiak dira errespetagarriak; nola Bartzelona edo Betisena, hala Leganesena, Getaferena edo gurea. Jokalari gisa, oso harro nago gure jokamoldeaz. Preseski, sentipen hori eragiten du estilo bat kritikatzeak. Adibidez, Leganeseko zaleak are harroago sentituko dira beren taldeaz Setienen hitzak entzun eta gero [Leganesen jokatzeko modua kritikatu zuen Betiseko entrenatzaileak].

Etzi, Celtaren aurka neurtuko dituzue indarrak. Aurkaria oso bolada txarrean dagoela ikusirik, nola helduko diozue partidari?

Umiltasunez, exijentziaz eta arduraz. Egoera zailean dago Celta, eta ez du jokatuko haien izar nagusiak, Iago Aspasek. Alabaina, jokalari onak dituzte. Berdin dio zein dinamikatan dauden. Orain dela gutxi Sevillari irabazi zioten etxean. Oso aurkari zaila da, eta dena eman beharko dugu irabazi nahi badugu.

Alde izango duzue Mendizorrotza faktorea. Ikusgarria da etxean egiten ari zaretena.

Bai, eta ez da denboraldi honetako kontua soilik. Zale oso bereziak ditugu: gure onena ematen laguntzen digute, eta une zailenetan beti daude alboan. Haien babesa zelaian eskertzen jarraitu nahi dugu.

Ematen du harmailek itxura hobea izango dutela etzi, azken bi partidak astelehen gauean jokatu eta gero. Bat zatoz zaleen amorruarekin?

Erabat. Umetan esan izan balidate ordutegiaren ondorioz ezin nitzela futbola ikustera joan, ez nintzatekeen pozik egongo. Ados nago zaleen kexekin, baita ezinegona adierazteko duten moduarekin ere. Zoritxarrez, futbola negozioa da gaur egun, eta negozio horren logikaren barruan daude ostiral eta astelehen gaueko partidak. Ea norbait zentzatzen den, eta ordutegi horiek kentzen dituen. Entzun egin behar zaie zaleei, haiengatik baita futbola horren handia.

Alor pertsonalean, pozik egoteko moduan zaude. Izan ere, Getaferen aurkakoa ez beste partida guztiak osorik jokatu dituzu.

Pozarren nago. Taldeari dena ondo doakionean, errazagoa da norberak gozatzea. Abelardok sekulako konfiantza eman dit belauneko lesiotik osatu nintzenetik, eta hori funtsezkoa da futbolari batentzat. Orain, hobetzen jarraitu nahi dut. Ia 30 urte ditut, baina futbolak beti irakasten dizkizu gauza berriak.

Zure ibilbideko boladarik onenean al zaude?

Denetariko uneak izan ditut. Nik orainaldian bizi nahi dut; iraganak ez du ezertarako balio, eta, etorkizuna oparoa izan dadin, lan asko egin behar dut. Dena ondo doakit gaur-gaurkoz, baina ez dut bertan goxo gelditu nahi.

Garai oso zailak bizitakoa zara; azkena, 2017an belaunean izandako lesio larria. Ahazturik duzu erabat?

Halakoak ez dira sekula ahazten. Zorionez edo zoritxarrez, hainbat lesio larriri egin behar izan diet aurre. Nik erronka gisa hartu ditut. Hiru izan ditut guztira, eta hiruetatik aurretik nintzena baino indartsuago atera naiz. Sufritzen eta oztopoei aurre egiten irakatsi didate.

Zure izena hainbat talderekin lotu da, baina 2022ra arte luzatu duzu kontratua. Zergatik?

Ate guztiak ireki dizkit Alavesek urte hauetan. Pertsona gisa asko hazten lagundu dit. Eta, gainera, Europako postuetan egonik, zergatik pentsatu behar dut beste norabait joateko aukeran? Dena dut hemen. Kontratua betetzea gustatuko litzaidake, eta ez hori bakarrik: Alavesen erretiratu nahiko nuke, eta klubaren historian arrastoa utzi, Martin Astudillo, Antonio Karmona eta halako jokalarien zenbakietara iritsita.

Bost sasoi daramatzazu Alavesen, eta garai on asko bizi izan dituzu. Zein izan da onena?

Bat aukeratu beharko banuke, 2017ko Kopako finalerdietako itzuliko partida izango aukeratuko nuke. Egun ahaztezina izan zen: emaitzagatik eta Mendizorrotzan egon zen giroagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.