Aitor Elizegi. Athleticeko presidente izateko hautagaia

«Ez dugu informaziorik zer egiten ari diren Athleticen, gure enpresan»

Alberto Uribe-Etxebarria eta Aitor Elizegi ofizialki dira jada Athleticeko presidente izateko hautagai. 3.972 eta 2.942 sinadura baliagarri lortu dituzte, hurrenez hurren. Beraz, hauteskundeak egingo dira hilaren 27an. Haiei begira ilusioz beteta dago Elizegi.

haritz gallastegi
<i>Bilbo</i>
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Aitor Elizegi (Bilbo, 1966) duela 11 urte hasi zen Athleticeko presidente izateko prestatzen. Ordutik hona, hauteskunde kanpaina guztietan izan da protagonista, modu batean edo bestean. Oraingoan, berak hartu du proiektu baten lidergoa. Sukaldari moduan arrakasta lortu ondoren, Ibaiganen agindu nahi du.

Athleticeko presidente izateko hautagaia zara jada. Beraz, helburuetako bat bete duzu. Hauteskundeak egingo dira.

Inguruaren errespetua eta sinesgarritasuna lortzea zen lehen pausoa. Bestalde, edozein bazkidek hautagai izan ahal duela erakutsi dugu. Askok ez dute euren proiektua plazaratzeko aukerarik ikusi, eta hori ez da ona klubarentzat. Sei egunean Bizkaia guztia zeharkatu dugu.

Bi mila bazkideren babesa behar zenuen. Zu bezalako pertsona ezagun batentzat ez dirudi lan gaitza. Zuen hautagaitzaren estrategia izan al da azken unera arte laguntza eskatzea? Marketina al dago horren atzean?

3.000 berme lortu ditugu [2.942 izan dira azkenean]. Prozesu deserosoa da bazkideentzat. Lehenik, euren bazkide zenbakia eskatu diegu. Horrekin nahikoa ez, eta nortasun agiri zenbakia ere bai. Bi aldiz eskatu behar zaio bazkide bakoitzari bere konfiantza. Eta, hirugarrenez, euren sinadura eskatu diegu. XXI. mendean, aro digitalean, askoz errazagoa izan beharko luke bideak. Bermea ematea ezin da konpromiso bat izan behar bazkideentzat.

Zure eszenaratzea bitxia izan zen. Hasteko, hautagai izateko asmoa agertu zenuen. Hurrengo egunean, atzera egin zenuen, eta handik ordu gutxira berriz ere prest azaldu zinen. Zer gertatu zen bi egun horietan?

2018 guztian gertatu zen gauza bera. Urtarrilean, lauzpabost hautagai geunden. Urrian, berriz, Javier Aldazabalek, Jose Angel Corresek eta Jose Antonio Jainagak baztertu egin zuten aurrerapausoa ematea... Nola ez du, bada, Santutxuko bazkide batek zalantza egingo? Ez geneukan emaitzen beldurrik. Kontua da abenduan gaudela, eta taldea dagoen moduan dagoela.

Horrekin diozu ez dela hauteskundeak egiteko garaia?

Zuk zein iritzi daukazu?

Nik galdetu egiten dut. Hautagaia zu zara.

Argi dago ez dela eztabaidan hasteko unea. Udan beste patxada batekin ariko ginateke. Athletic bizi dago, eta ona da proiektu ezberdinak mahai gainean jartzea. Baina taldea lehiatzen ari den bitartean, Gaizka Garitanori eta Patxi Ferreirari errespetua zor zaie. Ez da elegantea Albertok [Uribe-Etxebarria] eta biok kirol lehiarekin zerikusirik ez duten kontuez jardutea.

Aurkezteko izan dituzuen zalantzek kalte egingo dizute?

Zalantza egitea ez da txarra. Lehenik eta behin, norberaren inguruari entzun behar zaio, eta, lagunek argi ikusi zutenez, aurrera egin genuen. Ondoren, gainerako bazkidei jarri behar zaie arreta. Sei egunean mila bazkiderekin hitz egin dut. Espero dut beharko ditudan 10.000 bazkideen babesa izatea datozen lau urteetan bazkideen eskaerei erantzun ahal izateko. Ea euren konfiantza lortzen dudan.

Ibaiganen ikusten al duzu zeure burua hilaren 28an?

40.000 bazkideri kasu egiteko gai ikusten dut neure burua, bai.

Zergatik gura duzu presidente izan?

Kozinatzen eta Athleticen inguruan hitz egiten baino ez dakit. Sasoi onean nago. Daukadan onena eman gura diot klubari. Ez dut berandu ailegatu gura, eta ez daukat luzaroan egoteko asmorik. Ametsak egia bihurtzeko, sarri egin behar da amets.

Zortzi urte nahikoa da karguan egoteko?

Jendeak entzuten ez dizunean utzi behar da. Norbera konturatzen da lehenengo.

Orain arte gauza zehatz gutxi esan duzue bi hautagaiek.

Hautagai izan aurretik ezin dut gehiago esan. Bazkideari errespetua zor zaio. Gaur, nire lantaldearen berri emango dizuet. Balio handiko pertsonak dira, berritzaileak. Klubaren eskariei aurre egiteko ezinbestekoa da talentu handiko jendez inguratzea.

Hemeretzi milioi euro bildu behar izan dituzue hautagai izateko. Diru asko da.

Kopuru handia da, bai. Bitxia da, baina Athleticeko ia bazkide guztiok diru hori behar genuen, eta bakar batzuek ez. Baldintza beretan ari al gara lehiatzen? Hala ere, ez daukat kexarik. Ligak proiektuari aurre egiteko gai garela eskatzen digu, eta egingo dugu. Aurrera.

Urrutia presidente ona izan da?

Urrutia ehun punturekin sartu zen klubean, eta ehun punturekin aterako da. Klubaren enbaxadorea izango da betiko. Kapitaina izan da. Beti egongo da Athletici laguntzeko prest. Urrutia ezin dugu epaitu klubean egin duen denbora tarte batengatik.

Baina tarte hori oso garrantzitsua izan da. Klubeko agintari nagusia izan da. Erabaki oso garrantzitsuak hartu ditu.

Zenbait proiekturen gaineko informazio gehiago izatea gustatuko litzaidake: fundazioan egin dutenaz, Lezamaz eta beste hainbat egitasmoz informaziorik ez daukat. Ez dakit klubaren errua den, Urrutiarena, Uribe-Etxeberriarena... Nik ez dut informaziorik zer gertatzen den nire enpresan, Athleticen. Hilaren 28tik aurrera informazio gehiago izango dugu esku artean, eta erabaki landuagoak hartzeko aukera izango dugu. Zenbait konturen gainean ezin dizut erantzunik eman. Ez dakit zer adostu duten Berizzorekin. Ez dakit zer hitz egin duten Garitanorekin, ez daukat San Mameseko Vip eremua kudeatzeko duten proiektuaren berri, ez epe laburrera, ez ertainera. Ez dut ezagutzarik gabe iritzia eman gura. Zergatik ez daukadan ezagutzarik? Akaso, Santutxuko sukaldari bat ez da gai mahai gainean jarri dituzten kontuak behar den moduan ulertzeko. Oraindik ez dakitzuzendaritza berriak zergatik ez daukan denboraldi honetan taldea utzi duen Kepa Arrizabalagarengatik eskuratutako diruaren erdia erabiltzeko ahalmenik.

Etete klausularik gabeko kontratuen alde zaude?

Bai. Nik ere gisa horretako klubarekin egiten dut amets. Kontratuak eskua emanda lotzen diren egoera bat izango litzateke onena. Athleticeko gizonezkoek zein emakumezkoek sinatutakoa errespetatu behar badute, abiapuntu ona da. Hala ere, ez dut ulertzen nola jokalari batek daukan kontratu era bat eta gainerakoek beste bat. Nire langileei antzeko baldintzak eskaintzen ahalegintzen naiz.

Ametsa egia bihurtu bitartean taldea utzi gura duen jokalariak etete klausula guztia ordaindu beharko du?

Bai. Baina bi norabideetan eskatzen dut jarrera bera. Athleticeko presidente gisa, etete klausula bada araua, eta horrek balio badu, ez dut ulertzen nola joka daitekeen beste era batean beste talde bateko futbolari bat fitxatzeko interesa dagoenean. Ez dut ulertzen zergatik errespetatu behar den Athletic eta ez Betis, Reala, Osasuna, Alaves... Ez dut ulertzen nola eska daitekeen norberarentzat bestearentzat gura ez dudana.

Beraz, zu presidente baldin bazara, jokalarien etete klausula ordainduko duzu.

Ez. Ni futbolariaren klubarekin jarriko naiz harremanetan. Beti.

Zuen kudeaketa txarra bada, jarri duzuen dirua galdu aurretik futbolari bat saltzeko tentazioa izan dezakezue. Hori ez da ona klubarentzat.

Athleticen beti izan da horrela. Guri gerta dakiguke, eta baita beste hautagaitzari ere. Uribe-Etxebarriaren lantaldeak kudeaketa txarra egiten badu, zer? Albertok hutsegiteak egin ditu. Ziur naiz Athleticen ondarea handiagoa izango dela irteten garenean sartzen garenean baino. Serioak gara.

Zeintzuk dira zure aurkariak egin dituen hutsegite nagusiak?

Hauteskundeetako egutegiarekin jokatu izana da nagusia. Bazkide guztiek gauza bera esaten didate. Guk irabazten badugu, hurrengo bozak 2022ko udan egingo dira. Esana geratzen da. Indar eta freskotasun handiagoa duen lantalde batek beste era batean egingo lioke aurre kirol krisiari. Halaber, beste era batean begiratuko lieke kontratua amaitzen duten futbolariei: Balentziaga, Iturraspe, Rico... Gure zain daude. Ez da serioa.

Zein iritzi duzu filosofiaz?

Bide bakarra dago. Nahiago dut etxekoekin galtzea, kanpokoekin irabaztea baino. Bi proiektu egon daitezke: Athletic edo PSG dago, Athletic edo Manchester City, Atheltic edo Real Madril... Nik ez daukat dudarik. Ez dut aldatuko.

Proiektuetan edo izenetan sinesten duzu?

Hautagaiek ez dute fitxatzen. Hautagai batek klub baten izenean berba egin aurretik ondo pentsatu behar du. Hautagai izanda, ezingo nuke profesional batekin negoziatu.

Hitz egin duzu Ibai Gomezekin edo Fernando Llorenterekin?

Ni kirol arloan ez naiz sartzen. Horretarako, lantalde bat osatu dugu. Futbolean baino gehiago, Athleticen naiz aditua.

Lantalde horrek fitxatzeko premia ikusten du?

Ezer egin aurretik, taldeko kapitainekin hitz egin gura dute. Patxi Ferreirarekin ere [bigarren entrenatzailea] elkartuko dira. Prozesu honetan garrantzitsua da. Gaizka Garitanoren proiektua gustuko dut. Oraingoz, ez digu telefonoa hartu. Buru-belarri ari da. Lezaman lagun asko ditugu. Eurekin elkartuko gara.

Esan duzu Lezama itxuraldatzea gura duzula. Nola egingo duzu?

Talde lanarekin, talentuaren alde eginda. Lagunik ez inguruan laguna baino ez delako. Onenak jarriko ditugu.

Zer egin behar duzue San Mameseko giroa hobetzeko?

Otsailean, Anfield Roadera joango naiz bosgarrenez. The Kop-en antzeko harmaila bat sortu gura dut. Futbolaz gozatzeko prest dauden lau mila lagun aurkituko ditut.

Zein proiektu dituzu emakumezkoen taldearentzat?

Keinuei emango diegu garrantzia. Teresa Herrerako argazkia ezin da errepikatu. Bi garaikurrak berdinak ez badira, ez ditugu hartuko. Bestalde, aspaldi idatzita utzi nuen emakumezkoek liga bat irabaziz gero gabarra atera behar zela. Berdin zait 5.000 edo 100.000 lagun elkartuko bagina. Lezaman, bestalde, azpiegitura ona dugu. Hogei euskal jokalarirekin lehiakorrak izan gaitezke Europan.

Zerekin egiten duzu amets?

Athleticek Anfielden partida ofizial bat jokatzearekin.

Bada, egun, gertuago dago Bigarren Maila.

Ez da pasatuko. Eta gertatuko balitz, ez genuke bazkide bakar bat ere galduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.