Egiaz eta begiaz

Miranderen liskar suminak (hastapenak)

Koldo Mitxelenak Txomin Peilleni 1972an, Salamancatik Parisera gutunez: «Mirande hasi zitzaigun lehenik, gerla ondoan, bide berriak urratzen», nahiz ez zuen erraz izan. Batzuek eta besteek zepoz estekatu nahi izan zuten Jon Mirande Aiphasorhoren pentsamendua, kateaz lotu Pariseko olerkari zuberotarraren espiritu librea.

Miranderen hilobia Parisko Thiais hilerrian. JOSU MARTINEZ.
Miel Anjel Elustondo
2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
1950. urtea da. Jon Mirande Aiphasorho euskaraz idazten trebatzen ari da. Gogo onez idatziko luke gure hizkuntzan, baina «ez baitarabilt aski ondo, ez naiz ausartzen. Itzulpen labur batzuk egiten ditut noiztenka ene mintzairaren trebatzeko». Esaterako, Edgar Allan Poeren hitz lauzko poema luzexka bat itzuli nahian ibilia da, «baina zail da, zail!», Miranderen oihu min bizia.

Gutuna, 'Gernika'

Artetan, zerbait gogoeta frantsesez idatzi, eta Buenos Airesen argitaratzen den Gernika aldizkarira bidali du.Alabaina, Isidoro Fagoaga zuzendariak ez du Miranderen artikulua ametitu, onbeharrez. Aldizkarira heltzen diren gutunei amaierako orrialdeetan erantzuteko ohitura zintzoa dute Gernika-n, ordea, eta halaxe zuzendu zaio, Fagoaga ere frantsesez, Miranderi: «Duda egin dugu luzaz, zure gutunari erantzutea erabaki baino lehen. Uste dugu egiaz eskertu beharko zenigukeela [zure idazkia ez argitaratzea]. Osorik argitaratu izan bagenu, horixe nahi baitzenuen zuk, aspaldi zinatekeen kartzelan, eta argi ibili gu geu ere. Tamalgarria da zure moduko adimen ireki eta landuak ezagun du, zure gutuneko zenbait pasarte irakurririk, atsegin hartzea lan triste eta antzu horretan, zeina baita guztiaren eta guztien kontrako kritika negatiboa egitea. Guk erabat errespetatzen dugu Frantzia, haren hospitalitate noblea, ez goaz zure iritzi inkontsekuenteekin bat egitera, ezta izendatu dituzun herrialdeen kontrako bizantinismo politikoaren jokoan sartzera ere. Baina, salbuespena eginez, aferak zuzenean jotzen baikaitu, zure gutunaren buruko bizpahiru paragrafoak kopiatu ditugu hona». Eta, hitz horien ondotik, Mirandek idatziak diren batzuk ezarri ditu Gernika gidatzen duen Fagoagak: «Halaber, emankorrago zatekeen egiazko euskal kultura sortzea, eta oroz lehen, literatura hizkuntza eraikitzea. Era horretara ez ginateke eskandalu horretaz ariko, hizkuntza propiorik gabeko nazio batez, hitzaldiak euskaraz egiten hasi arren, gero arrotzaren hizkuntzan segitzen duen lehendakari batez. Groteskoa da, gutienik, baina hainbat ilargi igaro dira euskal abertzaleak euskal abertzale ez baina, besterik gabe, politikero antifaxista baizik ez direnak, inolako arazo kulturalari hertsirik bizi direla. (Beren aurpegia garbitzeko, aski izanen dute noizetik noizera zenbait poema guztiz prosaiko edota emakume garbien gainekoak euskaraz argitaratzea: adibide da zeure aldizkaria bera). Jakina, askoz errazago da, eta arrisku txikiagokoa, planetaren oraingo nagusien morroi jardutea, era horretara lekua irabaziz izan daitezkeen oturuntza demokratiko guztietan, Lake Succesetik hasi eta Estrasburgoraino. Haatik, on litzateke zuk jakitea izan litekeela euskaldun, eta are, euskal abertzale, eta horren ondorioz, eta oroz lehen, oka egitea oraingo egunean 'euskal nazionalismoa' deitua den kristau demokrazia, judukeria eta framazoneria nahaste hori guztia. Ez dakit nire gutuna argitaratzeko ohorea eginen didazun edo, aldiz, erantzunez sarituko nauzun». Horraino Miranderen gutunetik Fagoagak argitaratzea ametitu duena. Eta segidan, Fagoagaren erantzuna: «Ikusten duzunez, Jon Mirande jauna, biak egin ditugu: kopiatzen ahal dena kopiatu dugu, eta erantzuten ere dizugu: eta erantzun, oroz gain, gure kolaboratzaileen izenean, zeintzuk baitira gure euskal poetak, zuk hain zuzengabe erasotzen dituzunak. Egia handia da Arrese, Orixe, Zaitegi, Aramendy, Iratzeder, Larramendi, Basarri, Aldabe, Basurco, Abenderri eta gainerakoek ez dutela zure iritziaren beharrik poeta izan ahal izateko, euskaldun izan ahal izateko eta gizon izan ahal izateko. Zeuk ere hobeko zenuke, gibela zaintzeaz batera, haiek imitatu. Quod is in votis!». Horixe espero zuela, latinez, Fagoagak.

Miranderen gutunak ez zuen Fagoagaren muga igaro. Ezin jakin dugu odolak inori gainez egin ote zion, baina ez dirudi odol gaizto egin zutenik, zeren hurrengo urtean Gernika-n bertan, uztaila-iraileko alean, argitaratu baitzituen Gernika-n bi poema Mirandek: Ametsetarik, eta Neskutsak. Eta hasi ondotik, segi, Fagoagaren aldizkariak iraun zuen artean idatzi zuen han Jon Mirande Aiphasorhok.

'Liburu lizunetaz',Euzko Deya

Gernika-ra igorritako gutunak ez bezalako zoria izan zuen Miranderen artikulu batek. Kasu hartan, Elizarekin egin zuen talka gogorra.

Espainiako Gerra Zibilaz geroko erbestean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak Euzko Deya hilabetekaria publikatu zuen Parisen, Euskal-Orriya izeneko gehigarria barne. Euskaltzaleen plaza, inondik ere.

1952ko hazilaren 10eko alean, Andima Ibiñagabeitia ari da euskararen alde jokatzean, bakarrik beti garbi dabiltzanak aintzatetsi behar ote diren, edo «noizik behin ez bada ere» lizunkeriara jotzen dutenak ere onartu behar ote diren. «Eta orain dator gogorrena: eta idazti lizunak (pornografia) eurak ere euskaraz egingo balira? Zer? Ikaratu? (...) Ziur naz, gai horiek euskaraz erabiliko balira, milaka eta milakari sarraraziko geniokeela euskara». Eta alde batzuk, kontra bestetzuk. Eta iritzia eman du Euzko Deya-n bertan Zeferino Xemein Abandotarra-k, eta erantzun dio Jon Mirandek 1953ko urtarrilaren leheneko Euzko Deya-n, oraingo euskarara ekarririk: «Euskarazko 'liburu lizunei' buruz Bizkaiko bi euskaltzalek [Andima Ibiñagabeitia eta Zeferino Xemein Abandotarra] Euskal-Orriya honetan eman dituzten iritziak artaz irakurri ditut, garrantzi bat ez tipia baitauka auzi horrek euskararen problematikan. (...)

»Kristar zintzo batentzat, hitz dorpeen erabiltzea eta idazki pornografikoen irakurtzea bekatu handi dela, baliteke... Bekatua, ordea, hizkuntza batean edo bertzean egonik ere, berdin handi da nik dakidanez. Zergatik ez dugu, beraz, geure hizkuntzan eginen, gure arimari kalterik gehiago eragiten ez zaiolarik?

»'Euskaraz ez dago biraorik eta birao egiten duten euskaldunek erdaraz egiten dute'... aspaldiko lelo hori, euskaldunez erran ohi diren pseudo-egia anitzetarik bat baizik ez da. Nik segurik euskara jatorrezko zazpi birao gotor eta bertze hainbat kantu zikin, ene Zubero herrian ikasiak, ezagutzen ditut, baita piadoski erabiltzen ere, nire aiten aitengandikakoak direla-eta. (...) Zergatik eta zertako euskaldunen wuldbe-berezizaiki bat asmatu nahi duten zenbaitek, ez dakusat.

»Abandotarren hitzetarik, euskaltasunak soilki kristartasuna edo, hobeki erran, katolikotasunaren begiratzeko bide izan behar lukeela dirudi. (…) Bera katoliko dela agiri baitu, haren joera hau entelegatzen dut, baina gogoan har beza, arren!, oro ez garela hain katoliko sutsu. (…) Eta oraiko euskaltzale eta abertzaleen artean, panteistak, neopaganoak bai eta ateistak ere bagaude, edota kristarteistak egon arren bera bezain Vatikanozaleak ez garenak, herri orotako inteligentzian bezalaxe. (...) Odolak, hizkuntzak, bai eta nahiak ere, egiten dute euskaldun. Ez baptismak.

»(...) Gure euskalduntasunak ez luke bihotzarekikoa izan behar, maizegi denez, baizik gure izaki-alde guztiekikoa, onak eta txarrak. Euskara maita? Zergatik? Hizkuntzalariek edo literatur idazleek ezik, gizonek ez dituzte hizkuntzak maite edo higuin: haietan hitz egiten dute edo ez dute egiten. Guk, euskaldun izaki, euskaraz hitz egin nahi dugu, eta euskaraz geure olde, irrits, gogorapen eta ametsak oro agertu, aratz ala likits izan daitezen aburuz.

»Katoliko zurrean mintzatu dela, ez euskaldun zurrean, aitor du Abandotarrak: 'Ludi honetan bizi izateko eta betiko atsedena lortzeko euskara bide ona da, garbia delako, baina zikina eta txarra balitz, aldi horretatik bertatik nik euskara lagako nuke'. (...) Garbizaletasun mota horrek ere, ordea, zer kalte eragin eta eragiten dion euskarari, aski nabari da. Nola izan liteke bertzera? Frantsesezko liburuetarik katolikoek zeinen irakurtzea zilegi zutenen index bati so nintzaion aspaldi ez duela: literaturaren eretzean balio zerbait zuten guztiak eragotzirik zeudela ohartu nintzen.

»Gure oraiko idazkuntza gehiena hain idor bada, ez da beraz harrigarri. Euskal idazleak Mariaren Alabentzat baizik ez lukeela idatzi behar badirudi... Gure lehen autoreak ez ziren hain herabe, eta biziaren egia gordinak ere azaltzen zituzten, behar-orduan; baina egungoek, apezek baino apezago izan nahi dute!

»Jahvehren bigarren herri hautetsia egin gura lukete zenbaitek Euskal Herritik, baina hortakotz ez gara oraino aski judu... Euskaldunen herri izan dadin aski izan bekigu, otoi».

Chabagno - Piarres Lafitte

Esan dugu gorago: Mirande liburu lizunen gainean «Bizkaiko bi euskaltzalek» Euzko Deya-n idatziari arrapostu eman nahirik ari da, auziari inportante iritzirik. Eta galanki eskandalizatu ditu zenbait bazter. Oroz lehen, Elizarenak.

Pariseko Atzerriko Misioetako aita Jean Chabagnok ezin izan dio eutsi. Irakurri du Miranderena, eta abade euskaltzale handitik abade euskaltzale handira, frantses garbian idatzi dio kalonjeari zeina baitugu Piarres Lafitte, urak eta suak harturik: «Badakit ardurarik ez duzula argitalpen horren [Euzko Deya] edukiari dagokionean, baina badakit, halaber, influentzia handia duzula haren inguruan. Hargatik galdegiten dizut artikulu horri arreta emateko. Egilearen sinadura ikusirik, ez nau harritzen, baina penagarri zait Euzko Deya-n argitaratua izan dela ikustea, zeren uste baitut ez zegoela horretarako lege-betebeharrik».

Eta handienak iruditu zaizkionak aletzen dizkio aita Chabagnok Lafitte kalonjeari.

Eta hizkuntza batean edo bestean bekatu egiteaz ari, adibidez, Miranderen hitz hauek azpimarratu dizkio Chabagnok aita kalonjeari: «Zergatik ez dugu, beraz, geure hizkuntzan eginen, gure arimari kalterik gehiago eragiten ez zaiolarik? ez genuke euskaraz egin behar?»

Chabagnori eskandalagarri zaio, biraoen gainean ari, Mirandek esatea Zuberoan zazpi birao gotor eta beste hainbat kantu zikin ikasiak dituela, «eta piadoski erabiltzen ere» dituela.

Eskandaluzkoa, Mirandek euskaraz egitea bere pentsamenduak oro, «aratz ala likits izan daitezen aburuz».

Eskandalua, Mirandek, katolikoek irakurtzea zilegi duten liburuen index bat azterturik, dudatu gabe esatea: «Literaturaren eretzean balio zerbait zuten [liburu] guztiak eragotzirik zeudela ohartu nintzen».

Eta Chabagnoren azken fin eta koroa: «Ez harritu, bada, guztiz dolu banaiz ikusirik gisa honetako orrialde bat gure euskal aberkide maiteei zuzenduriko egunkari batean. Zuk Euzko Deya-ren zuzendarien artean duzun influentziak eragotzi ote lezake gisa honetako artikulua berriz agertzea? Hala ez bada, komeniko litzateke Euzko Deya bera ezartzea Mirande jaunak irakurri duen index horretan.

»Egokiera baliatu nahi nuke zuri urte berri on bat desiratzeko, bai eta erakusteko ere, kalonje jauna, nire sentimendu erlijiosoak Jesusekin eta Mariarekin bat eginik».

Hurrengo, kalonje jaunak bat egin du Chabagno apez lagunarekin: «Zikinkeria dariogula izkiriatuz, ba omen genuke arrakasta biziki gehiago, eta eskuarazko liburua bizkotxa bezala sal omen liteke... Holakorik gogoratzea bada zerbait, aipatzea ez da gutiago: mozkor batek, ez dakienean zer mintzo den, atera ditzake gisa horretako arrazoin ahulak; harrituak gaude nola odol hotzean norbaitek izkiriatu ahal dituen eta agerkari batek argirat eman». Miranderen idatziaren kontra beti, bistan dena.

Eta hasi ziren batzuk eta besteak Jon Mirande Aiphasorhoren izen ona zikintzen, lohitzen, narrasten.

Eta segitu zuen Mirandek bere iritzia plazaratzen, itzalik handienaz beti edo gehienean, eta bere baitakoak idazten, idazleari dagokionez.

Eta etorri ziren liskar sumin eta gogorragoak ere, gure poeta zilar kristalezko finaren inguruan zirkulua hertsi eta Mirande hein handian ito zutenak, bizia egiten den mendrena lagundu ez ziotenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.