Zuriñe Frutos

«Urte osoa daramat motibaziorik gabe»

Unai Ugartemendia.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hirugarrenez jarraian izan da Euskal Herriko mendi duatloietako txapeldun Zuriñe Frutos (Artziniega, Araba, 1986). Iaz bezala, ordura arte jokatutako lasterketa guztiak irabazita azaldu zen Zeanurira (Bizkaia), eta, beste behin, ez zuen hutsik egin. Hala ere, motibazio falta nabaritzen hasia da denboraldia amaitzerako.

Hain erraz irabaztea espero al zenuen?

Ez zen hain erraza izan. Aurreko duatloiak nahiko erraz irabazita joan nintzen, eta horrek lasaiegi ibiltzera eraman ninduen. Ez nekien ziur sasoiko nengoen ala ez, ezta nola erantzungo nuen benetan estutuz gero ere.

Ez duzu aurkaririk?

Aurkariak badira, eta aurten, bereziki, bat bazen irteeran. Ez zegoen ezer argi, eta estutu ninduen, nahiz eta iruditu erraz irabazi nuela. Agian, datengatik ez dut aurkari gehiago: ez dira data onak, ez mendiko lasterkarientzat, ez mendiko bizikletan ibiltzen direnentzat. Denboraldi luzea egin baduzu, orain da atseden hartzeko garaia; beste askorentzat, ordea, alderantziz, orain hasten da urtea, bai ziklo-krosean, bai krosean.

Gustuko ibilbidea al zen?

Ez zitzaidan asko gustatu, eta horrekin ez dut esan nahi itsusia zenik. Niretzat oso urte arraroa izan da aurtengoa, motibazio faltagatik. Nahiz eta iruditu ez naizela gelditu eta asko entrenatu naizela, ez da hala izan, eta hori ikusten eta nabarmentzen da. Ibilbideak pista asko eta igoerak zituen, pedalei asko eragin behar zitzaien, eta, ez bazara ondo entrenatu, asko nabaritzen da.

Mendiko bizikletan egin zenuen tartea. Gustura ibili al zinen?

Abantaila hori azken kilometroetan eta maldan behera zelako atera nuen. Azken kilometro horietara arte ez nintzen gustura ibili. Igoeretan hortzak estutzea tokatu zitzaidan; jaitsieretan, berriz, argi neukan dena eman beharko nuela irabazteko. Hori da nire indargunea, jaitsiera teknikoetan ateratzen dudan aldea.

Gero, tartea kudeatzea besterik ez zen. Beldurrik izan al zenuen ez zenuela irabaziko?

Izan nuen beldurra, bai. Mendiko bizikletan, Enara Oronoz, txapeldunordea, ni baino gehiago zen eta batzuetan bistatik galdu nuen. Orduan pentsatu nuen horrela jarraituta ez nuela irabaziko. Argi neukan zer egin behar nuen, ez utzi abantaila handia ateratzen, eta azken jaitsieran estutu.

Orduan, ez zenuen zeure burua txapeldun ikusi amaierara arte.

Pentsatzen nuen denbora guztian atzetik joango nintzela. Korrikako lehen zatian harrituta nengoen, ondo bainindoan, eta oso segundo gutxira sartu nintzen bizikleta hartzera. Bizikletan denbora asko ez galtzea zen helburua, eta hiru kilometroko azken jaitsierari itxarotea. Nahiko abantaila hartu nuen amaieran, eta horrek azken zatian lasaixeago ibiltzeko aukera eman zidan.

Iaz bezala, zirkuituko lasterketa guztiak irabazita iritsi zinen Zeanurira.

Bai. Iaz, gainera, zirkuituko proba guztiak irabazi nituen.

Aurten, txapelketan, behintzat, bederatzi emakumek parte hartu zenuten; parte hartzaileen %13 izan zineten.

Iruditzen zait oso datu positiboa dela. Pentsa daiteke txapelketa izanda jende gehiagok parte hartuko duela, baina, aurtengora arte, kontrako efektua sortzen zuen txapelketak, eta neska askok atzera egiten zuten. Baina duatloietan dena ez dago norberaren esku, bizikletan matxura bat izan dezakezu, eta horrek ez amaitzera eraman zaitzake.

Zirkuituan izan dituzue bi parte hartzaileko lasterketak.

Pena handia da. Irabaztea gustatzen zait, baina estutzen nautenean, nire onena ematera behartzen nautenean edo askoren artean onena izan zarela ikusten duzunean. Uste dut gogoeta egin behar dela zirkuituaz, edo galdetu egin behar dela zer gertatzen den hain emakume gutxi izateko. Ez emakumeetan bakarrik, gizonetan ere behera doa parte hartzaileen kopurua. Egia esan, ez dut asko ulertzen zergatik gertatzen den, ikusita zein ondo pasatzen dugun eta zenbat gozatzen dugun.

Lasterketa guztiak irabazi dituzu aurten, bat izan ezik. Oraindik ere ba al duzu motibaziorik?

Urte osoa daramat motibaziorik gabe. Nuen gutxia duatloiek ematen zidaten, oso gustuko baititut, korrika gutxi egitekoak baitira eta bizikletan ere ez baita denbora asko izaten. Aurten hori falta dut, distantzia luzeagoak eta ordu gehiagoko probak egiteko gogoa. Baina, behin duatloietan hasita, hemen ere gogoa galdu nuen, ikusita oso emakume gutxi zebiltzala eta hobetzeko aukera gutxi izango nituela. Getarian, azken duatloian, irabazi egin zidaten, baina orain berandu da berriro ere motibazio bila hasteko. Orain ezin da miraririk egin, eta are gutxiago horrelako aurkari gogor baten aurka [Maria Gomez Ijalba].

Orain gutxi esan duzu jada nekea nabaritzen hasia zarela. Hala al da?

Esango nuke batez ere buruko nekea dela. Urte osoa daramat zerbait egiten, baina batere gogorik gabe, helbururik gabe eta motibaziorik gabe. Beste urte batzuetan asko lehiatu eta entrenatu naiz, oso gogor, baina aurten, ez. Fisikoki ez nago gaizki, baina ez nago hain entrenatuta goian ibiltzeko. Beraz, gorputza ez dut asko nekatu, ez nago itolarrian.

Hala ere, zirkuitu osoa egiteko asmoa al duzu?

Proba guztiak amaitu nahi ditut hirugarrenez. Hori da oraintxe bertan motibatzen nauen gauza bakarra. Egia esan, ez nintzen gogoratzen zein gogorra den astero-astero lehian aritzea. Askotan, lasterketetatik atseden hartzea gustatuko litzaidake, berriro ere dortsala jartzeko gogoa izateko. Baina urtetik urtera ahazten zait [barreak].

Duatloietan bakarrik ez, mendi lasterketetan ere ibiltzen zara. Nola joan da denboraldia?

Ez dakit zer esan. Esan beharko nuke balorazio orokorra ona izan dela, podium askotan egon bainaiz. Hala ere, aurreko denboraldiak aintzat hartuta, oso urrun nago, lehen lasterketa garrantzitsu asko egin bainituen eta aurkari oso gogorrei irabazi bainien. Lasterketa askotara behartuta joan naiz, ez gogoa nuelako edo helburu bat nuelako. Datorren urtea, agian, geldirik pasatuko dut, egoera honi buelta ematen ez badiot, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.