Hitza, sendatzeko giltza

Gutxi aztertu da, oro har, hizkuntza aukeraketak zer eragin duen gaitz psikiatrikoak dituzten pazienteengan. Alta, azken urteotan egindako ikerketa batzuek argi pixka bat eman diote gaiari, eta zera ondorioztatu dute: ama hizkuntzaren erabilera onuragarria izan daitekeela paziente horien artarako.

Adineko emakume bat eta langile bat, zahar etxe batean. DAVID FERNANDEZ /EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Euskara eta osasuna; osasun sistemaren erabiltzaileak eta hizkuntza eskubideak; osasun sistemako langileak eta euskararen ezagutza. Euskal Herrian arnasa luzea du eztabaida horrek. «Zer duzu nahiago, mediku ona ala euskalduna?» galdera sarri entzun dute euskaldun askok, osasun arta egokia balantzaren alde batean eta hizkuntza bestean jarriz, elkarren artean zerikusirik ez balute bezala. Baina hainbat ikerketaren arabera, balantzako bi pisuak ez daude elkarrengandik hain urrun: euskaldunek maiz aldarrikatu dute mediku ona euskalduna ere badela, eta hala egiaztatu dute Euskal Herrian eginiko azterlan batzuek.

Gai horixe aztertu du Maritxu Goihenetxek. Ergoterapeuta da zenbait zahar etxetan; eri kognitibo, psikiko edo fisikoen autonomia lantzen du. Eta, hain zuzen ere, gaitz psikiatrikoak dituzten egoiliarrei beren ama hizkuntzan, kasu honetan euskaraz, mintzatzeak haiengan eragin positiboagoa duela ondorioztatu du, iaz egindako ikerketa batean. Zuzeneko esku hartzea aztertzeaz gain, bertako langileen iritzia ere izan du kontuan: haien esanetan, egoiliarren ama hizkuntza erabiltzeak parte hartzaileagoak bilakatzen ditu, eta haserrealdiak baretzeko tresna erabilgarriagoa ere bada lehen hizkuntza.

Izpurako (Nafarroa Beherea) Luro fundazioaren adinekoen egoitzan egin zuen ikerketa, alzheimerra duten lau egoiliarrekin: bi multzotan banatu zituen, eta batzuei frantsesez eta besteei euskaraz egin zizkien garbitze denborak; hilabetera, aldiz, alderantzizko prozesua egin zuen. «Bazegoen erabiltzaile bat, frantsesez hitz egitean euskaraz erantzuten zidana askotan. Aldiz, euskaraz egin niolarik, ez zen behin ere frantsesera lerratu, eta askoz gehiago mintzatzen zen bere biziaz. Harremana sortu zuen euskaraz hitz egiteak».

Egoitzako langileak bat datoz berarekin. Euskara parte hartzea bultzatzeko eta egoiliarren haserrealdiak baretzeko tresna egokiena dela diote, frantsesaren aurretik. Goihenetxek aurretik ere espero zuen euskaraz azaldutako ariketetan parte hartzea eta motibazioa altuagoa izatea, «sinpleki kontsigna ulergarriagoa izango delako pertsonarentzat». Haserrealdia baretzeko baliagarria izatea, aldiz, langileek beraiek ondorioztatu zuten: «Haserretzean, euskarazko hitzak errazago erranen ditu egoiliarrak: frogatua izan da elebidun batek bere ama hizkuntza arinago erabiliko duela alzheimerra duelarik. Printzipio horretatik joanez, euskara erabiltzean errazago aipatuko ditu bere sentimenduak, bere beldurrak, haserrealdiaren arrazoiak eta beste».

Goihenetxek kaleratutako ondorio bera atera dute Leire Erkoreka, Naiara Ozamiz, Onintze Ruiz eta Javier Ballesteros psikiatriako adituek. Galdakaoko ospitaleko (Bizkaia) Psikiatria saileko langileak dira, eta EHUko neurozientzia sailean eta BioCruces ikerketa institutuko buru osasuneko sailean ere aritzen dira, besteak beste. Beren eremuan hizkuntzarekin lotuta, ikerketa bat abiatu dute: gaitz psikiatrikoen diagnostikoa egiteko duten tresna ia bakarra hizkuntza dela oinarri hartuta, horren hautuak diagnostikoaren kalitateari nola eragingo liokeen aztertzen ari dira. Erantzun bila, nazioarteko lurralde elebidunetan egindako zenbait ikerlanera jo dute, eta zera ondorioztatu dute: ama hizkuntzan egiten denean, diagnostikoa zehatzagoa izan daiteke, pazienteak sintoma larriagoak azaltzen dituelako bere lehen hizkuntzan.

Ikuspegi zientifikotik elebidunen burmuina oraindik ilunpetan dagoen arren, zenbait ikerketak proposatu dute, gaitasun linguistikoaz gain, balitekeela horrek zerikusia izatea pazientearen identitatearen eraikuntzarekin, lehen emozioak ama hizkuntza horretan bizi zituelako: «Pazientea ulertuago sentitzen da bere hizkuntzan mintzatu daitekeenean. Hainbat emozio eta bizipen hobeto adieraziko ditu bere hizkuntzan. Bai bere ama hizkuntza delako, bai bere burua azaltzeko hitzak errazago aurkituko dituelako, emozioak hizkuntza horretan bizi izan baitzituen», adierazi du Ozamizek.

Oraindik azterketa propiorik kaleratu ez badute ere, horretan dabiltza, eta datozen hilabeteetan emaitzak jasotzea espero dute. Dena den, beste lurraldeetan jasotakoa Euskal Herrian ere aplika daitekeela uste dute: «Beste herrialde batzuetan egin diren ikerketek erakutsi dute elkarrizketak ama hizkuntzan egitean hobeto diagnostikatzen direla pazienteak. Gure ikerketak ere erakutsiko du elkarrizketa psikiatrikoak euskaraz egitean diagnostiko hobeak egiten direla».

Ongizate integrala

Izan ere, pazienteak jaso behar duen arta ez da soilik fisikoa. Pazientearen ongizate integralaren ideia du abiapuntutzat EHUk eskaintzen duen graduondoak: Hizkuntzen kudeaketa osasun arretan: euskara komunikazio klinikoan. Jon Zarate graduondoaren zuzendari eta EHUko Euskara errektoreordearen ustez —asteon utziko du kargua, errektoretza talde berria lanean hastean—, arreta eredu integral hori bultzatzeko, pazientea jarri behar da erdigunean: «Pazientearen ongizatea integrala izan behar da: fisikoa, psikikoa eta soziala. Eta, noski, arreta pazientean ardaztu behar denez, pertsona horren hizkuntzak, kulturak eta bizipenek garrantzia handia dute».

Arretaren inguruko ikuspegi hori normalizatzea du helburu graduondoak, pazienteentzat irisgarria eta ulergarria izan dadin. «Arretak pazientearen beharrizanetara egokitu behar du». Horretarako hizkuntzaren normalizazioa «ezinbestekoa» dela iritzi dio Zaratek. Osasungintzako profesionalei hori helarazi nahi dio graduondoak, hain zuzen, eta hizkuntzaren eta arretaren normalizazioa bermatu ahal izateko erremintak ematea du helburu, langileek eguneroko praktikan erabil ditzaten. Hori horrela, euskarazko terminologia lantzeaz gain, sare informatikoa eta neuronala euskarara itzultzeko tresnak eta baliabideak ere eskaintzen dituztela azaldu du Zaratek.

Tresna horiek etorkizuneko osasungintzako hizkuntza planetan txertatzea espero du Zaratek:«Hizkuntza planak egitean, zaila da erakunde horietan praktika profesionalean ari direnen ikuspegia txertatzea. Hizkuntza eskakizunetan zentratzen gara, eta askotan prestakuntzaren barruan ez gara heltzen profesional horiek izan beharko luketen formaziora». Hizkuntza planek tresna horiek eskaini behar dizkiete profesionalei, haren ustez, pazienteak lehen lerrora ekarriko badituzte.

Ildo horretan, erien protagonismoa handitzearen adibide «interesgarritzat» jo du pazienteen lehentasunezko hizkuntza hautua: «Kontua ez da eremu soziolinguistiko euskaldunetan jartzea soilik indarrak osasungintza euskaratzeko. Ez dago posta kodeari lotua: eremu soziolinguistiko euskaldun bateko paziente batek besteko eskubidea du erdaldunekoak euskaraz aritzeko».

Euskarazko tresna falta

Hizkuntzak gaitz psikiatrikoak dituzten pazienteengan nola eragiten duen gutxi aztertu da, oro har. Nazioartean badaude auzia ikertu duten zenbait aditu, baina, euskarara etortzean, ia ezdeusa da ikerketen zerrenda. «Oraindik, doktoretza tesi gutxi daude honen inguruan, zehazki hizkuntzen garrantzia eta osasun arretaren kalitatea lotu dutenak»; iritz hori du Zaratek.

Goihenetxeren ikerketa da, hain zuzen, euskarazko artari buruzko lehenengoetariko bat, baina aitzindari izatea ez da garrantzia ematen dion faktore bakarra. Izan ere, bere azterlanak hainbat sari jaso ditu; besteak beste, IkerGazteren 2019ko jardunaldietan, osasun zientzietako posterrik onena izendatu zuten. Baina Euskal Herrian soilik ez, Belgikan ere saritu diote ikerketa, paziente bakoitzari egokitzeko beharra adierazten duela argudiatuta. «Haientzat zinez garrantzitsua da bakoitzari moldatzea, egokitzea; pertsona gisa ikusi behar ditugula azpimarratzen dute, ez eri gisa. Eta euskaraz edo ama hizkuntzan mintzatzea pertsona horren premietara egokitzeko modu bat da».

Hain zuzen ere, ergoterapia ikasketak Belgikan egindakoa da Goihenetxe, eta han eleaniztasunarekin duten harremana Frantziako Estatuan dutenaren oso bestelakoa dela dio: «Han, hiru hizkuntza ofizial badira, eta, nire ustez, pentsatzeko manera bati lotua dago beren jarrera hori». Erantsi du ez dela kasualitatea gaiaren inguruko ikerketa gehienak Belgikan egindakoak izatea: «Frantziako Estatuan oso gutxi antzeman ditut, eta hori, nire ustez, hizkuntza ofizial bakarra izatearekin lotuta dago».

Hego Euskal Herriko mundu akademikoan ere ikerketa eta jarraibide falta nabaritu du Zaratek. Hain zuzen, EHUren graduondoak horretarako ere balio izatea espero du, bertan aritutako ikasleek gai hori ikertu eta tesiak argitaratu ditzaten. Itxaropentsu azaldu da, izan ere, aurreko urteko edizioan jada doktoretza tesi baterako proposamena egin zuen ikasle batek. Orain, beren lana ikasleek egindako ikerketetan bozgorailu zeregina jokatzea dela uste du Zaratek.

Goihenetxeren eta Zarateren gabezia berak aurkitu dituzte Ozamizek eta bere lankideek ere. Ikerketa falta soilik ez, euskaraz diagnostiko psikiatrikoa egiteko tresnarik ere ez dagoela konturatu ziren. Eta hitza diagnostiko egokia egiteko giltza dela ondorioztatuta, horretarako tresnak euskaratu dituzte, hala nola antsietatea, depresioa, estresa eta horrelako gaitzen atariko sintoma psikotikoak neurtzen dituzten test psikologiko eta psikiatrikoak. Aldaketarik sumatu dutela berretsi dute. «Igarri dugu jendea ulertuago sentitzen dela euskaraz erantzuteko aukera duenean. Hona etortzen direnak paziente elebidunak dira, eta askok beren sintomak hobeto adieraziko dituzte euskaraz», Ozamizen arabera.

Mutur batean eta bestean jarri izan dituzte zenbaitek hizkuntza eta osasun arta, batik bat euskarazko arretari lotuta, baina hastapenetan diren ikerketa horiek askoren aldarria berretsi dute: ez ote diren balantzaren oreka mantentzeko ezinbesteko bi pisuak. Bata bestearen osagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.