Pello Bilbao. Bahrain McLaren taldeko txirrindularia

«Inoiz baino ezuste gehiago egongo dira Tourrean»

Bigarren aldiz arituko da Pello Bilbao Frantziako Tourrean. Konfiantzaz gainezka dago, eta lehiatzeko gogoz. Mendate gogorretan Mikel Landari laguntzea du helbururik behinena.

SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Erlojupeko Txapelketa irabazi berri du Pello Bilbaok (Gernika, Bizkaia, 1990). Denboraldi «nahasi» honetan, sasoiko lasterketarik garrantzitsueneanlehiatzeko prest dago: Frantziako Tourra. Mikel Landaren esanetara egongo da, eta hark sailkapen nagusian postu on bat lortzea du xede.

Beste urte batzuetan baino beranduago, baina iritsi da Frantziako Tourra. Lehiatzeko gogoz?

Bai, lehiatzeko gogo handia dut. Ez gaude egoera onenean, eta etxean ere ez gara lasai-lasai egon. Taldeak Dauphinetik etxera itzultzeko baimena eman zigun, eta Espainiako Erlojupeko Txapelketa egiteko. Etxean bakartuta egon naiz neska lagunarekin hona etorri arte. Egunerokoarraroa egin dugu orain arte, bakarrik entrenatzen eta horrela... lasterketa barruan egoteko gogo handia dut.

Espainiako Erlojupeko Txapelketa irabazita, konfiantzaz gainezka egongo zara, ezta?

Bai, garrantzitsua izaten da garaipenak lortzea. Gogo berezia neukan erlojuaren aurkako txapelketa bat irabazteko. Helburua betetzea eta pixkanaka sasoiko jartzen ari naizela ikustea pozgarria da. Zalantzak uxatzeko ere ondo etorri zait.

Zein da zure helburua aurtengo Tour honetan?

Helburua sinplea da: Mikelekin [Landa] egotea berak behar duenean. Mendiko etapetako azken kilometroetan berarekin eusten saiatuko naiz. Hasieran, pentsatzen dut beste talde batzuk arituko direla lasterketa gogortzen. Helburua, bestela, argi dago, hirugarren astera lehiatzeko aukerekin iristea.

Aurreko edizioko Giroan bi etapa irabazi zenituen. Aurten Tourrean irabaztea tokatzen al da?

Lortzeke daukadan zerbait da Tourrean etapa bat irabaztea. Halere, ez dut uste aurtengoa Tourrik aproposa denik etapa bat irabazteko, indar guztia sailkapen nagusian ahalik eta postu hoberena lortzean jarriko baitugu. Kasualitatez, irabazteko aukeraren bat izaten badut, saiatuko naiz aprobetxatzen.

Etaparen bat begiz jota al daukazu?

Ez daukat inongo etaparik markatuta niretzat. Erlojupekoa ondo egitea gustatuko litzaidake, indarrez helduz gero. Hogeigarren etapa izango da, eta ez da soberaindar izaten ordurako. %100 eman, eta noraino iristen naizen ikustea gustatuko litzaidake erlojupeko horretan.

Gainera, lehen mailako mendate batean amaitzen da erlojupekoa. Etapa hori irabazteko gai ikusten al duzu zure burua?

Ibilbide nahiko aproposa da niretzat, ea zenbateko indarrarekin iristen naizen. Liderrak bete-betean joango dira, dena jokatuko dute azken egun horretan. Hamar onenen barruan edo irabazteko lehian egotea polita izango litzateke arlo pertsonalean. Irabaztea asko esatea da; azken finean, mundu mailako espezialista gehienak Tourrean egongo dira, eta zaila izango da. Garaipenetik hurbil egotea meritu handikoa izango da niretzat.

Igotzaileentzako ibilbide aproposa da aurtengoa. Zure gustukoa al da?

Ibilbidea guretzako oso aproposa da. Lehen egunetik zailtasunak aurkituko ditugu. Guretzako ibilbide on bat da. Bigarren astea badirudi ez dela besteak bezain zaila mendate aldetik, baina etapa gogorrak espero dira, haizeko pare bat etaparekin. Denetarik edukiko dugu.

Lehenengo astean hasiko zarete aurten mendiko etapekin.

Lehenengo bederatzi etapetatik bost mendiko etapa bezala har daitezke, eta denek dituzte zailtasunak. Lehenengo etapatik adi ibili beharko dugu; ez dauka desnibel handirik, baina mendate txikitxo bat eta jaitsiera tekniko bat ditu. Ikusita Dauphinen nolako tentsioa egon den, hemen ere hasieratik adi ibili beharko dugu.

Zein da gakoa hirugarren astera sasoiko iristeko?

Sasoi gorenean iristea zaila izaten da. Uste dut batzuek lehen astean eginiko esfortzuaren ondorioak pairatu ditzaketela. Ikusi da beste lider eta talde batzuk oso fuerte daudela Dauphinetik, eta lasterketa osoan bete-betean izatea ez da erraza izango. Puntu horrekin asmatzea izango da gakoa: lehenengo astean denbora ez galtzeko ondo egotea, eta hirugarren astera sasoi betean iristea.

Tour honetan 64 mendate igo beharko dituzue guztira.

Ez dira gutxi. Nik uste dut, beste urte batzuekin alderatuz gero, besteetan baino mendate kopuru gehiago daukagula aurten. Taldean aurkezpen txiki bat egin digute, eta, oker ez banago, mendate puntuagarri gehiago daude. Desnibel handiagoa pilatuko dugu, eta horrek, azkenean, eskalatzaileoi mesede egiten digu.

Azken urteetako Tourrik gogorrena dela uste duzu?

Bai, batez ere arlo psikologikoan. Bizitzen ari garen egoera honek ez du laguntzen, eta tentsio gehigarri bat esan nahi du horrek. Izatez tentsioa izaten da Tourrean, eta egoera honekin, beti egongo da birusaren gerizpe hori gure gainean. Zalantza eta beldur horiek, beste hainbat faktorerekin batera, oztopoak izan daitezke liderrarekin Parisera heltzeko.

Nola ikusten duzu Frantziara joan zareten zortzikotea?

Oso talde orekatua dela uste dut. Hiru txirrindulari dauzkagu etapa lauetan, haize etapetan eta mendateen kokapenean lagundu dezaketenak. Horiez gain, Mikel eta beste lau txirrindulari mendiko etapa gogorretarako. Esperientzia handia daukagun txirrindulariak gara; baina gure urterik onenetan gaude, eta horrek beste lasaitasun bat ematen du. Gainera, denok ideia eta lider argi batekin gatoz, eta horrek lana asko errazten du.

Talde handien parean egoteko taldea duzuela uste duzu?

Ez da erraza izango Ineosen eta Jumboren parean jartzea. Beraiek beste edozein taldetan liderrak izango liratekeen txirrindulari asko dauzkate, eta Tourrera oso bideratuta daude. Orain arte erakutsi dute eurak direla indartsuenak beste guztien gainetik, baina guk gure bidea egin dugu, eta gure aukeretan sinesten dugu. Ikusiko dugu lehen edo bigarren astean euren gainetik egon gaitezkeen.

Zeintzuk dira lasterketa irabazteko hautagai nagusiak?

Ineosen eta Jumboren liderrak ikusten ditut faborito. Talde sendo batez inguratuta daude, eta nik uste dut taldea Tourra bezalako lasterketa baten oso garrantzitsua dela. Bai Bernal, baita Roglic eta Dumoulin ere dira irabazteko hautagai nagusiak.

Tourra irabazteko moduan ikusten al duzu Landa?

Bai, gure aukeretan sinesten dugu, eta hori oso garrantzitsua da. Esperantza hori gabe ez goaz inora, eta guk gure liderrarengan konfiantza osoa daukagu. Irabaztea oso zaila da, baina gu irabaztera goaz. Oinak lurrean izango ditugu momentu guztietan, eta hirugarren astean ikusiko dugu ea irabaztearen inguruan hitz egiteko moduan gauden.

Zer esparrutan ikusten duzu Landa gainerako lehiakideak baino indartsuago?

Mendiko etaparik gogorrenetan. Desnibel handia pilatzen den etapa horietan, alde handiak ateratzeko ziklista gutxienetako bat dela uste dut. Erasokorra da, eta ez du atzera begiratzen. Ez da besteen zain geratzen, eta konfiantza daukanean erasoa jotzen du. Gaur egungo txirrindularitzan ohituta gaude mendaterik gogorrenetan ere segundo gutxiko abantailak ikustea eskalatzaileen artean, eta Mikel bezalako txirrindulari batek aldea ateratzeko aukerak ditu. Mendiko etaparik gogorrenetan abantaila hori aprobetxatzea espero dugu.

Ezustekorik egongo al da Tourrean?

Nire ustez, inoiz baino ezusteko gehiago egongo dira Tourrean. Nahiko nahasia izango da ziur aski Tour hau. Aurreko urteetan baino irekiagoa izatea espero dugu, eta Ineosen kontrol lan hori ez izatea hain nabaria. Beste talde batek aurre egiten badie, lasterketa gehiago zabalduko da.

Denboraldiko lehen itzuli handia da Tourra. Ondo prestatu zaretela uste duzue ala azkarregi iritsi zaizue?

Esango nuke momentu onenean heldu dela Tourra. Ikusi dugu orain arte ez garela sasoirik onenean egon. Bai Burgosen, baita Dauphinen ere aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu. Pixkanaka gure sasoia egokitzeko aukera izan dugu. Beranduago etorriz gero, psikologikoki gogorra izango zen; kontuan izan behar da hogei eguneko egonaldi bat egin dugula altueran, lasterketa batzuetan lehiatu garela, eta denbora asko daramagula helburu honekin.

Zer iruditzen zaizkizu antolatzaileek koronabirus kasuak kontrolatzeko hartu dituzten neurri zorrotzak?

Ikusiko dugu ea nahikoak diren. Nik uste dut neurri horiekin nahikoa izango dela segurtasun aldetik birusari aurre egiteko, zaila baita gehiago egotea. Egin daitekeen gauza bakarra ikusleak mugatzea izango zen, baina horrek lasterketari asko kenduko lioke. Gauden egoera ikusita, nik uste dut neurriak egokiak direla.

Etxekoen eta zaleen animoak urrutiagotik entzungo dituzue aurten. Lasterketan hori nabarituko duzue, ezta?

Bai, seguru baietz. Jende asko ez da Tourra ikustera etorriko, etaaskori etxetik ikustea baino beste erremediorik ez zaio geratuko. Animoak hor egongo direla badakigu. Etxekoen berotasuna seguru sentituko dugula, sakelako telefonoaren beste aldetik bada ere. Urte berezi honetan, Tourra aurrera doa, eta ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.