Euskal taldeak ligari ekiteko prest: Athletic

Pizgarri baten faltan

Athleticek erronka erakargarriak ditu hastear dagoen denboraldian. Hala ere, jarraitzaile zuri-gorrien artean ez dago aparteko ilusiorik. Gauzak horrela, klubaren zuzendaritzari eta taldeari dagokie sua piztea.

Iñaki Williams, denboraldi-aurrean Lezaman egindako entrenamendu batean. ATHLETIC.
haritz gallastegi
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Athletic beste urtebetezlehiatuko da onenekin. Inoiz ez du kale egin. Espainiako Lehen Maila sortu zenetik urtero egon da gorengo mailan. Real Madril eta Bartzelona dira maila inoiz galdu ez duten beste bi taldeak. Futbolak izan duen bilakaera aintzat hartuta, ez da gutxi. Begi bistakoa da klubak kontrarioei aurre egiteko aukeratu duen bidearekin gero eta nekezagoa dela onenen maila berean aritzea. Baina Athleticeko jarraitzaileentzat ez da nahikoa. Klub zuri-gorriak, bide luzea egiteaz gain, lorpen handiak eskuratu ditu. Horregatik, asko eskatzen duen inguru bat dauka. Ez da edozerekin konformatzen. Espainiako Kopako finalerako sailkatzea eta azken jardunaldira arte Europarako sailkatzeko lehian egotea ez zen nahikoa izan aurreko sasoia ontzat emateko. Klubaren arduradunei zein taldeko kideei gehiago eskatzen zaie. Horregatik, hastear dagoen denboraldia mugarri izan daiteke Aitor Elizegi presidentearentzat zein Gaizka Garitano entrenatzailearentzat.

MUGIMENDU GUTXI IBAIGANEN

Txikitatik zale izan zaren kluba zuzentzea amets bat egia bihurtzearen parekoa da. Baina bulegoan sartu eta egunerokoan dauden traba eta zailtasunei aurre egiteak buruko min dezente eragin ditzake. Athleticeko presidente izatea ederra da, baina gogorra ere bai. Hasteko, zuzendaritzako kide izateko dirua jarri behar delako. Klubaren kudeaketa txarra izanez gero, mahai gainean jarritakoa galtzeko arriskua dago. Hortaz, ematen diren pauso guztiak ondo neurtuta eman behar dira.

Hala ere, Athleticeko zuzendaritzak duen zailtasun nagusia da ez daukala jarraitzaileen artean ilusioa sortzeko baliabide handirik. Gainerako klub guztiek udako merkatua baliatzen dute denboraldi berriari ikusioz ekiteko. Zaleen artean zirrara sortuko duen jokalariekin indartzeko. Berritasunak beti izaten dira ilusio iturri jarraitzaileen artean. Baina, horretan, Athleticek muga handiak ditu; ondorioz, kanpora begira, ez dago aukera handirik zuzendaritzaren ekarpena era nabarmenean erakusten duen aukerarik baliatzeko. Bestalde, Lezaman egindako ahaleginak fruitua eman aurretik urteak pasatu daitezkeenez, ezin izaten da bulegoetan egindako lanaren isla gisa erabili.

Horri guztiari mundu osoko pandemiak eragin dituen zailtasunak gehituz gero, ez du erraza izan behar San Mameseko besaulkian esertzeak. Baina hori guztia jakina da kargua hartu aurretik. Beraz, zuzendaritzak zirt edo zart egin beharra dauka. Garitanok kargua hartu zuenetik ez diote taldea hobetuko duen futbolaririk ekarri. Eta harrobiko jokalariekin bakarrik ezinezkoa da taldeari eskatzen zaiona betetzea. Eskatu ahal izateko, eman egin behar da.

JAVI MARTINEZ ETA ALEX BERENGUER, AGENDAN

Javi Martinez eta Alex Berenguer daude Athleticen udako txutxu-mutxuen erdian. Entrenatzaileak erasoan ikusten ditu gabeziak. Hortaz, bere esku balego, Berenguerren fitxaketari eman beharko lioke lehentasuna. Italiako Turin taldean ari den jokalariak bi hegaletan joka dezake: defentsan eta zelai erdian. Sakontasuna eta golak eman diezazkioke taldeari. Ez da punta-puntako jokalaria, baina teknikariak eskertuko luke haren fitxaketa. Eskarmentua dauka, eta elastiko zuri-gorria jantzi bezain laster maila onean aritu daiteke.

Javi Martinezen fitxaketak, berriz, ilusioa sortuko luke. Komunikabideetan zein jarraitzaileen artean zeresan handia emango luke. Kirol ibilbide bikaina osatzen ari da. Talde handi batean pisua izan duen futbolari bat da. Baina azken sasoian oso gutxi jokatu du. Sasoiko baldin badago, asko eman diezaioke taldeari erdiko atzelari edo euskarri postuan, baina asko daude nafarra fitxatzearen kontra ere. Zale horiek ez dute ahaztu gurago izan zuela bere kirol ibilbidea Athletic ez zen beste klub baten jarraitu. Eta Bilbo era mingarrian utzi zuen: egun batetik bestera joan zen Munichera (Alemania). Tartean, Lezaman gauez sartu zen, baimenik gabe. Gainerakoan, jakinekoa da zer dagoen Athleticen baratzean: goi mailako jokalari gutxi, eta daudenak, oso garestiak.

GARITANO, BIDEGURUTZEAN

Taldea egoera zail batetik atera ostean, bigarren urtez jarraian sasoi hasieratik hartuko du taldea Garitanok. Deriokoak (Bizkaia) Athletic lehiakorra izatea lortu du. Aurkari ezerosoa bihurtu da txapelketako gainerako taldeentzat. Defentsako lana da zuri-gorrien bertute nagusia. Baina ez da nahikoa Europarako sailkatzeko. Horretarako, erasoan hobetu beharra du. Zuri-gorriek sormen arazoak dituzte, baina, batez ere, ate aurrean daukate gabeziarik handiena. Atzean erakusten duten sendotasunari erasoan alaitasun eta ausardia gehiago gehituz gero, gogobeteta leudeke jarraitzaileak. Talde orekatua izatea da arrakastaren gakoa. Baina ikusteko dago hori lortzen lagun diezaiokeen taldea duen ala ez.

WILLIAMSEK GEHIAGO EMAN BEHAR DU

Talde batek egoki funtzionatzeko, ezinbestekoa da teknikariaren jakituria, baina jokalarien ekarpenik gabe ez dago zereginik. Horregatik, gehiago eskatu behar zaie erasoko ardura duten hiru zutabeetako biri. Iker Muniain ondo aritu zen aurreko sasoian, baina goi mailako erdiko aurrelari batek bost gol baino gehiago sartu behar ditu ligan. Bestela, ezin da izarren multzoan sartu. Iñaki Williams, berriz, ate aurrean eskas eta jokoan konfiantza barik aritu zen. Arlo guztietan dauka hobetu beharra. Gainerakoan, Oihan Sancetek, Iñigo Cordobak eta enparauek erasoko jokoan pisu handiagoa izan beharko dute. Guztien ardura izango da Aritz Adurizek utzitako hutsunea betetzea; Raul Garciari, aldiz, ezin zaio eskatu orain arte eman duena baino gehiago.

MORCILLO ETA ZARRAGA AUKERA BALIATZEN ARI DIRA

Fitxaketen faltan, harrobira begiratu beharra dago. Athleticentzat lehentasuna izan behar du, gainera. Hala ere, gazteekin pazientzia izan behar da. Denbora eman behar zaie gorengo mailan lehiakorrak izan daitezkeela erakusteko. Bada, teknikariak denboraldi-aurrean egin dituen proben artean Oier Zarraga eta Jon Morcillo nabarmendu dira. Zarraga erdilaria da, eta Unai Vencedorrekin batera epe ertainean Athleticen birika izateko aukera du. Morcillok, berriz, ilusioa sortu du zelai erdiko ezker hegalean erakutsi duen ausardiarekin eta gol senarekin. Hasieratik joka dezake estreinakoan, Granadaren kontra.

KOPA ETA SUPERKOPA

Taldearen bueltan giro ezkorra izan arren, ezin da ahaztu Athleticek Espainiako Kopako finala jokatuko duela. Ia lau hamarkada pasatu dira zuri-gorriek azken Kopa irabazi zutenetik. Beraz, nahikoa erronka garrantzitsua da sasoiari indarrez ekiteko. Espainiako Superkopa ere oso erakargarria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.