Levante 2-2 Eibar

Eibarren bigarren poza

Berdindu egin du Levanteren zelaian, eta laugarren puntua du ligako lehen bi partidetan. Thembiren akabuko golak eman dio puntua

Eibarreko hainbat jokalari eta entrenatzaile atzoko berdinketa ospatzen, Valentzian, Levanteren zelaian. SD EIBAR.
Ainara Arratibel Aitor Manterola
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Levante. Lopez; Zornoza, Cometti (Maria, 79. min.), Rocio, Jucinara; Alharilla(Lucia, 77. min.), Andonova (Eva, 60. min.), Toletti, Carol; Irene eta Esther.
Eibar. Malena; Ruth, Jujuba, Esti Aizpurua(Puyi, 65.min.), Queralt, Sheila(Thembi, 69. min.); Mar Torras, Llompart, Carla (Arola, 46. min.); Adule (Kuki, 81.min.) eta Sara Navarro(Honoka, 65.min.),
Golak. 1-0.Estherrek (15. min.); 2-0. Estherrek (64. min.); 2-1. Llompartek, penaltiz (76.min .);2-2. Thembik (93.min.). Epailea Ylenia Sanchez Miguel. Txartel horia: LevantekoAlharilla, Cometti, Eva eta Rociori), eta Eibarreko Honokari.

Eibarrek segida eman zion atzo Lehen Mailan egin duen hasiera onari. Berdindu egin zuen Levanteren zelaian (2-2). Aurkaria indartsuenetako bat da lehiaketa horretan, eta Buñol Kirol Hiria zelaian lorturiko puntuak sekulako balioa du Eibar igo berriarentzat. Sei puntu jarri dira jokoan, eta lau dauzka batuta Iker Dorronsorok zuzentzen duen taldeak.

Partidari ekin eta berehala hasi zen golaren bila etxeko taldea. Hamargarren minutuan, Andonovak gutxigatik bota zuen kanpora jaurtiketa, eta hamabigarrenean, Malenak galarazi zion gola etxeko taldeari. Hamabosgarren minutuan, ordea, ez zuten hutsik egin. Estherrek korner batean etxekoen lehendabiziko gola sartu zuenean, lehiaren aurretik aurreikusten zena betetzera zihoala ematen zuen. Etxekoak zerbaitegatik ziren hiru puntuekin geratzeko faboritoak.

Eibar, ordea, ez da erraz amore ematen duten talde horietako bat, eta berehala erantzun zion Levanteri. Aduleren jaurtiketa Lopezek urrundu zuen, hemezortzigarren minutuan. Dorronsororen taldea ondo ari zen itotzen etxekoen sormena, goian presioa eginez, eta horrek aukera eman zion berdinketaren golera gerturatzeko. Adulek izan zuen aukera berriz, baina burukada kanpora joan zitzaion.

Bigarren zatia hasi eta berehala, beste aukera bat izan zuten armaginek, korner batean. Baina, asmatu, etxekoek asmatu zuten berriz, Estherren bitartez, kontraeraso batean. Partida erabat erabakita zegoela pentsa zitekeen. Baina Eibarrek ez zuen etsi. Thembik aukera ona izan zuen 73. minutuan, baina ez zuen atera jo. Handik berehala, hiru minutu geroago, penalti baten bidez, Llompartek gola sartu zuen. Hamalau minutu luze geratzen ziren partida amaitzeko, eta Eibarrek gol bakarrera zeukan berdinketa. Ireki egin zuten lehia armaginek, eta Thembik aukera garbia izan zuen 91.ean, baina zutoinetik gertu bota zuen baloia.

Hegoafrikarrak bizitasuna eman zion Eibarren erasoari, eta buruko mina Levanteren atzeko jardunari. Aukera garbi hori huts egin eta bi minutura, ez zuen kale egin. Amaitzear zen partida, eta, hain justu, Thembiren gola izan zen azkeneko jokaldia. Gola sartu, eta partidaren amaiera adierazi zuen Ylenia Sanchez Miguel epaileak.

Dorronsoro pozik zen partidaren amaieran: «Lanak ordaina eman digu, eta merezitako puntua atera dugu». Taldearen fedea nabarmendu zuen: «Neskek sinetsi egin dute ahal zutela, eta, aurreneko gola sartu eta gero, taldeak esan du hura zela unea».

Athletic eta Reala, gaur

Athleticek kolpea hartu zuen asteazkenean, Logroñoren kontra Espainiako Kopako finalerdietan kanpoan geratu ostean, penaltietan. Gaur Sevillaren kontra jokatuko du (11:00). Espainiako taldea ere antzera dago. Izan ere, ostegunean, Bartzelonaren kontra galdu zuen beste finalerdia. 6-0.

Angel Villacamparen taldeak ondo ekin zion ligari, 2-1 irabazi baitzion Deportivori Lezaman, eta horri segida eman nahi dio. Sevilla, ordea, talde deserosoa da etxean jokatzen duenean. Ondo ixten da atzean, eta aurkariari zulo gutxi uzten dizkio. Horrek zaildu egingo du Villacamparen taldearen lerro arteko jokoa, eta pazientzia izan beharko dute talde zuri-gorriko zelai erdiko jokalariek jokoa sortzeko.

Teknikariak honela aztertu zuen gaurko partida, atzo, atariko agerraldian: «Garrantzitsuena izango da alderdi emozionala ondo kudeatzea». Gaurko neurketari begira, jokatu ezinik egongo dira Yulema, Garazi Murua, Unzue eta Erika.

Realak, berriz, sasoiko lehen neurketa jokatuko du, Deportivoren zelaian (12:00). Lehen jardunaldian, Rayo Vallecanoren aurkako lehia atzeratu egin zen, Espainiako taldeak berandu hasi baitzuen denboraldi-aurrea.

Ikusmina dago Natalia Arroyoren proiektuaren inguruan. Bada, zaleek telebistaz ikusi ahal izango dute, Gol kateak zuzenean eskainiko baitu. Baliteke Gemma Gilik, Nuria Rabanok, Maitane Lopezek eta Amaiur Sarriegik estreinakoz jartzea partida ofizial batean elastiko txuri-urdina.

Deportivo iragan sasoian igo zen Lehen Mailara, eta ezustea hartu zuen, goiko postuetan egon baitzen. Baina funtsezko bi jokalari galdu ditu: Rabano eta Tere Abelleira. Hala ere, Arroyoren jokalariek ondo zaindu beharko dute Aintzane Barea. Aurreko sasoiko neurketan hark sartu zituen Galiziako taldearen hiru golak. 3-3 amaitu zen neurketa.

Arroyoren arabera, «partida zaila» izango da: «Oso aurkari arriskutsua da Deportivo, baina liga hasteko modu ona da. Jokatzeko gogo handia daukagu». Nahikari Garcia bakarrik dago jokatu ezinda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.