Norabidea finkatua dute

Harrobi landua izateak segurtasuna ematen die goi mailako taldeei atzeraldi ekonomikoen garaian. Araskiren, Osasunaren eta Helvetia Anaitasunaren egituretan «funtsezkoak» dira gazte mailako jokalariak. Haien oraina eta geroa dira.

Anaitasuna. Egun, Iruñeko elkarteak 450 jokalari inguru ditu esubaloian. MARTA CONTIN.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Urrutiko intxaurrei begira jartzea baino, hobe lehendabizi etxekoak dastatu. Kirol ezberdinetan gorengo mailan aritzen diren euskal talde askok ondo barneratua dute beren helburuak lortzeko harrobi lanak duen garrantzia. Talde horiek arretaz lantzen dituzte etorkizuneko fruituak, eta jartzen dituzte bitartekoak, haiek behar bezala hazi, eta etorkizuneko oinarri izateko. Koronabirusaren krisiaren ondotik aurreikusten den atzeraldi ekonomikoak, ordea, are ageriago utzi du harrobiko lanak klubak egituratzeko, eta talde nagusiak hornitzeko duen garrantzia. Oinarri sendo bat bermatzen die.

Gisa horretara, Araskik, Osasunak eta Helvetia Anaitasunak finkatua dute datozen hilabete ezegonkorretan aurrera egitea ahalbidetuko dien norabidea. Besteren artean, gazte mailako taldeei garrantzi handia ematen dieten klubak dira, eta «funtsezko» dituzte haiek orain hurrengo aroari heltzeko.

IOSEBA REDONDO Araski Saskibaloi Taldeko kidea

«Beti sinetsi izan dugu harrobiarekin egiten dugun lanean»

Ioseba Redondok ederki ezagutzen du goi mailako talde baten eta haren harrobiaren arteko zubi lana. Araskiko talde nagusiko bigarren entrenatzailea da, eta baita harrobiaren koordinatzaileetako bat ere. Hargatik, gertutik ezagutzen du egungo ziurgabetasun egoera: «Ez dakigu datorren urtean sasoian nola jarraituko duten taldeek eta ligek, baina guk beti sinetsi izan dugu harrobiko lanean, eta uste dut datozen urteetan garrantzi handiagoa izango dutela».

Redondok azpimarratu du goi mailako klubek diru sarrera asko erakunde publiko eta pribatuen laguntzetatik jasotzen dutela, eta «garai gogorrak» aurreikusi ditu epe laburrerako: «Horrek esan nahi du jokalari gutxiago fitxatuahalko direla, eta taldeek nahitaez egin beharko dutela lan harrobiarekin».

Bide horretatik, Araskiko kidearen ustez «zortea» du beren klubak «urteak» daramatzalako horretan lanean. Redondok azaldu duenez, argi izan dute hori: «Ohorezko Mailara harrobiko jokalari askorekin igo ginenean, guretzat oso garrantzitsua izan zen. Jokalari horiek klubarekiko duten atxikimendu horrek egiten du aurrerapausoak egitea».

Araskik harrobiarekiko mantendu duen apustua estrategikoa da Redondoren arabera: «Gure ligan oso talde onak daude, fitxaketetarako diru asko gastatzen dutenak. Aurten ikusi ditugu taldeak jokalari guztiak atzerritarrak zituztenak. Guk etxeko jokalariekin, eta proiektua gustatu zaien ingurukoekin osatu dugu. Maria Azurmendi nafarraren eta Izaskun Garcia gernikarraren kasua da».

Ligan, egoera ezberdinak

Oro har, Emakumezkoen Endesa Ligan «denetarik» dagoela azaldu du Redondok. Haren esanetan, klub batzuek ez dute harrobirik: «Lehen taldea soilik dute, eta fitxaketak egin behar dituzte. Beste aldean daude jokalariak ateratzen, eta aukerak ematen saiatzen diren taldeak. IDK Gipuzkoa izan daiteke horietako bat, eta Gernikak ere lan oso ona egiten du harrobian, nahiz eta egun lehen taldean ez eduki horrenbeste».

Dena den, Redondok Valentzia Basket ekarri du hizpidera. Gasteiztarraren ustez hura da harrobia ondoen lantzen ari den kluba, nahiz eta aurten «dirua mahaiaren gainean» jarri duten taldea osatzeko orduan: «L´Alqueria proiektua abiatu zuten, eta urteak pasatuta emaitzak ikusiko dira».

Redondorentzat garrantzitsua da harrobia eta fitxaketak ondo uztartzea: «Asmatu behar duzu ekartzen dituzun jokalariekin, pisu garrantzitsua dutelako taldean. Oreka hori mantendu behar da haien eta harrobitik datozen jokalarien artean».

ANGEL ALCALDE Taxoareko zuzendaria

«Baliteke klubek etxean dutenari apur bat gehiago begiratzea»

Angel Alcaldek zalantzarik egin gabe zehaztu du harrobiak Osasunarentzat duen garrantzia: «Klubaren idiosinkrasia da, hein handi batean. Ez da ulertzen bertako jokalaririk gabe, eskatu egiten da». Gorritxoen gazte mailen koordinatzailea da Alcalde, eta Taxoaren egiten duten lana «funtsezko» jo du Iruñeko klubaren egituran.

Haren esanetan, datozen hilabeteetan aurreikusitako atzeraldiaren karietara ekonomian «egokitzapenak eta mozketak» egin beharko dituzte klub askok aurrera egiteko, eta harrobiak pisua hartuko du talde nagusiak hornitzeko garaian: «Baliteke orain artean horretan aritu ez diren klubek etxean dutenari apur bat gehiago begiratzea. Osasuna, eta filosofia horrekin aritzen direnak, urrats bat aurretik joango gara».

Alcalderen ustez, ezin da baztertu klubek aldaketa «handia eta azkarra» egin behar izatea, eta harrobia lantzen dutenek lan hori egina izatea «abantaila»dela uste du. Alabaina, klubak «erakunde mailako krisia» izan zuenean lan hori guztia airean egon zela aitortu du berehala: «Erreferente bat izan zen beti, eta kolokan jarri zen hori. Hala, orain hiru urte Taxoare 2017 proiektua abiatu genuen harrobia biziberritzeko, jokalari gazteen sorreran erreferente izaera berreskuratzeko».

Hala, gazte mailei zegokien heziketa eredu bat hezurmamitzeari ekin zioten orduan, Osasunaren indargune izan zedin: «Ekonomikoki ezin garenez klub askorekin lehiatu, kirol arloanzalantzak uxatu nahi genituen. Nahi genuen jokalariek, familiek eta ordezkariek argi izatea Osasunak bazuela besteek adinako bermea formakuntza arloan. Hori gakoa da».

Krisi ekonomikoak horretan ere eragin dezakeela uste du Alcaldek. Zehaztu duenez, litekeena da klubek, goi mailako jokalariak ez-ezik harribitxiak bere aldera eramateko dirua ere murriztea, eta «baldintza berberetan aritzeak» beren alde joka dezake datozen urteetan, «diruaren pizgarri hori ez dagoelako»

Eragina, koska guztietan

Alcalderen lan esparrua gazte mailetara mugatzen den arren, Taxoareko zuzendariak dio eragina gorengo mailan ere igar daitekeela hurrengo fitxaketa merkatuan. Azaldu duenez, gerta daiteke «gastuen doitzea muturreraino eramatea», eta horreklehendabizi etxean begiratzea ekarriko die klubei, baita lehen taldeetan ere: «Hain justu, hori da Osasunaren egunerokoa; egon daiteke joera bat horretarako, baina guk hori egiten dugu jada. Hor beste abantaila bat izan dezakegu».

Orain artean egindako lanak «berme» izango direla dio Taxoareko prestatzaileak, eta haizea alde duten kluben multzo horretan kokatu ditu euskal talde gehienak, gizonezkoen nahiz emakumezkoen kasuan. Izan ere, azpimarratu du futbol talde askok orain «bilaketa lanetan» hasiko beharko duten arren, halakorik ez zaiela gertatuko eurei: «Lanean segi beharko dugu, noski, baina hori ez da esfortzu gehigarri bat izango. Aurrez egiten dugunari segitzea izango da».

JAVI GRACIA Helvetia Anaitasunako kirol zuzendaria

«Aurrekontuarenheren bat erabiltzen dugu harrobirako»

Krisiaren ezkila hotsak agudo entzun zituzten taldeen artean dago Helvetia Anaitasuna. Irungo Bidasoa salbu, Asobal ligan aritzen diren klub guztiek aurkeztu dute enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea, eta eskubaloiak bizi duen egoeraren adierazle nagusia izanagatik, Iruñeko taldeak badu zeri heldua epe laburrean aurrera egiteko. Harrobia da Anaitasunaren sostengu nagusia, Javi Gracia kirol zuzendariak xehatu duenez: «Egoera honetaz landa, oso paper garrantzitsua jokatzen du gure egituran. Aurrekontuaren heren bat bideratzen dugu horretara; 450 gaztetxo ditugu, eta guretzat oinarrizkoa da haiei gurekin jokatzeko eta hazten segitzeko aukera ematea».

Graciaren arabera, datorren urteko aurrekontuetan %30eko jaitsiera izan dezakete goi mailako klubek. Kirol zuzendariak esan du halako kopuruez hitz egiten dela Alemaniako, Frantziako edo Hungariako ligetan, eta EHFek [Europako Eskubaloi Federazioa] ere kopuru horren inguruko hausnarketak egin dituela «aurrera segi ahal izateko».

Jaitsiera posible hori kontuan, Graciak uste du gazte mailetara jo beharko dutela taldeek, eta apustu argiagoak egin beharko direla harrobiaren aldea: «Izan dezakegu abantailatxo bat. Gure bigarren taldea Asobal baino bi maila beherago dago, eta jokalari askok talde nagusiarekin entrenatzen dute urte osoan zehar. Badaude lehen taldearen atea eraistear dauden jokalariak, eta agian orain da horretarako abagunea».

Halaber, Graciak azpimarratu du gisa horretako jauziek konpentsatzen dutela ordura artean egindako lana. Izan ere, Anaitasunak urteak daramatza harrobia lantzen, eta, Graciaren ustez, beren taldea «hiru edo lau harrobi onenen artean» dago. Jokalari kopurua eta taldeek eskaintzen duten maila jarri ditu horren adibide: «Belaunaldi onak ditugu. Espainia mailako txapelketetan azken fasera iristen dira talde asko».

Lan horrek gizonezkoen nahiz emakumezkoen taldeetan izan du oihartzuna, Graciaren arabera. Kirol zuzendariak aitortu duorain artean «gizonezkoen moldeko» talde gisa ikusia zegoela Anaitasuna, baina aditzera eman du egun mutilen eta nesken kopurua «ia %50ean banatua» dagoela: «Nesken harrobi ona dugu. Apur bat falta zaigu [gorago] iristeko, baina nahiago dugu gure erritmoari eutsi. Ez da erraza, eta ez dugu edozein modutara iritsi nahi. Denborak esango du noraino irits gaitezkeen».

Egitura onaren garrantzia

Harrobiaren lerro jarraia mantentzerako orduan, Anaitasunako agintariek oso argi dute klubeko talde ezberdinen artean lotura egokiak egin behar direla. Horretan aritzen dira nafarrak, Graciaren esanetan: «Oinarriko koordinatzaile bat dugu, aldi berean gizonezkoen bigarren taldeko entrenatzailea dena eta Asobal mailako taldeko entrenatzailearekin harreman zuzena izaten duena. Gero, koska bat beherago beste talde bat dugu, eta Junior mailako jokalariekin zubi lana egiten du. Hortik behera, bizpahiru talde ditugu adin talde bakoitzeko».

Izan ere, Graciak «ezinbestekotzat» jo du jokalariak aro bakoitza koskaz koska igotzea: «Haiek betetzen joan behar du jokalariak, eta ez dugu bizkortzen». Hala, jokalari bakoitzari behar duen denbora eskainita, harrobiko fruituak loratzen ikusi dituzte Anaitasunan: «Gustura gaude. Gauzak ondo badoaz, maila ezberdinetako hamar-hamabi jokalari Espainiako selekzioarekin aritu ohi dira, emakumezkoen nahiz gizonezkoen taldeetan».

Hargatik, lan egiteko modu horri segitzeko prest da idazkaritza teknikoa. Graciak esan du harrobiko kluba dela Anaitasuna, eta «merezi» duela egiten duten esfortzuak: «Asobaleko talderako badugu neurri bat; taldeko jokalarien %50ek, gutxienez, nafarrak izan behar dute, eta postu jakin batzuetan, etxeko haztegikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.