Anbizioa eta beharra

Osasunak esne mamitan jarraitu nahi du, gaur Vila-realen zelaian beste hiru puntu lortuta. Alavesek premiak estututa hartuko du bihar Betis

enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Mutur banatan berrekingo diote lehiari Osasunak eta Alavesek. Nafarrak Europako postuetan daude lehen zortzi partidak jokatu ondotik, eta goiari eusten saiatuko dira gaur, Vila-realen zelaian (18:30, Movistar LaLiga). Arabarrek, ostera, beharrak bultzatuta jokatuko dute bihar Betisen aurka (19:00, Movistar LaLiga), orain arte hiru puntu eskas bildu eta gero.

Osasunari oso egutegi makurra datorkio: Sevilla, Real Madril eta Atletico Madrilen zelaian jokatu beharko du datozen asteetan. Gaur ere aurkari zail bati egingo dio bisita; oraindik partidarik galdu ez duen talde bakarra da Vila-real. Alta, neurketen segida gogor horretara estutasunik gabe iritsiko da Jagoba Arrasateren taldea, hamalau puntu batu baititu jada. Lanen erdiak eginak izango lituzke beste bi garaipenekin. Gaur lortu nahi du lehena. Erronkari Aridane, Budimir eta Ramalhoren hutsuneekin helduko dio. Ontiverosek ere ezingo du jokatu, Vila-realek utzita baitabil Osasunan. Haatik, hegaleko jokoa Barjak indartu lezake, ia bi hilabetez lehiaz kanpo eduki duen lesioa gaindituta. Vila-realen, jokatzeko moduan daude Dia ez gainontzeko jokalariak. Hortaz, erasoan Gerard Moreno batuko zaio puri-purian dagoen Danjumari.

Alavesen, Rioja da aurkariei min egiteko gaitasuna erakusten ari den jokalari bakarra. Arabarrak kezkatuta daude joko eta gol faltarekin. Orain arte, bi baloi besterik ez dituzte sareratu. Azken gola Laguardiak sartu zuen, etxean, Atletico Madrilen aurka, eta sasoiko lehen garaipena lortzeko balio izan zion Callejaren taldeari. Orduko eraginkortasuna eta sendotasuna berreskuratzeak izan behar du helburua. Gainera, bihar gauza gehiago erakuts lezakete erasoan, partida irekiak proposatzen baititu Betisek. Teknikariaren esanetara egon litezke berriro Pons, Edgar eta Lejeune. Ikusteko dago bosteko defentsari eutsiko dion ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.