Gauak aterpe izateari utzi dio

Bigarren oldarraldi betean, kulturguneak itxita daude Ipar Euskal Herrian, eta irekita Hego Euskal Herrian. Baina kulturgile batzuek martxotik ezin izan dira oholtzara igo, edo ohi baino gutxiago igo dira. Lanean jarraitu ahal izateko, beste alternatiba batzuetara jo behar izan dute gaueko artistek.

Fundicionen hasiko dira Las Fellini. Ezkerrean, Nagore Gore. TXENG MENG.
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ez da errezel bat abailtzen saioa bukatzean, eta ikusleek, krispetak izan beharrean, garagardo bat izaten dute eskuan ikuskizunak iraun bitartean. Nahiz eta kulturguneen irudi klasikoarekin bat ez egin, tabernak eta gaueko aisialdiko lokalak hori izaten dira maiz. Dagoeneko itxita zeudenei tabernak gehitu zaizkie, azken murrizketa neurrien ondorioz, eta horrek eragina izan du; ez soilik ostalariengan, baita artista batzuengan ere, Donatella Manik gogorarazi duenez: «Banatzaileak, diskoteketako iluminazioaz arduratzen direnak, zerbitzari eta sukaldariak, ikuskizunetan lan egiten dugunok... Lanbide asko sartzen dira ostalaritzaren eta gaueko aisiaren barnean, baina horiek ez dira ikusarazten ari».

Ikusten ez, baina nabaritzen bai. Nafarroan bizi da Mani, eta, dioenez, martxotik hona ikuskizunak «ia zero» izatera heldu dira. Gainera, bat egin zuten pandemiaren hasierak eta denboraldiarenak: «Martxotik uztailera egiten dugu lan. Lehenengo emanaldia egin baino lehen, bertan behera utziko zutela jakinarazi ziguten». Hori ikusita, beste leku batzuetan saiatu da lana topatzen, eta, zorte handiagoa izan duen arren, aurreko urteetako kopurutik oso urrun geratu da. Bilbo izan da toki horietako bat: hango Las Fellini taldearen ikuskizunean aritu zen, baina horiek ere nabaritu dituzte, orobat, ohiko oholtzetara igo ezin izanaren ondorioak. Aspalditik dira ezagunak Bilbon: Badulake lokalean aritu dira hamasei urtez, ostegun eta larunbatero ikuskizunak egiten, eta inoiz ez dituzte bertan behera utzi, orain arte. Saio finko horiek galtzearen ondorioz, azkenaldian «nahiko geldi» egon direla onartu du Nagore Gore taldekideak, baina hori ez da egin ezin izan duten lan bakarra: «Ikuskizun asko bertan behera utzi dituzte, batez ere LGTBI harrotasunaren egunaren bueltan zeudenak. Udan, gaueko tabernak zabaltzen utzi zutenean, lana lortu genuen astebetez, baina gero berriro itxi zituzten».

Yogurinha Borovaren kasuan, itxialdiak aurrera egin ahala, larriagotuz joan zen bere egoera: «Hasieran moldatu nintzen, denetarik egin bainuen: adibidez, zuzeneko saioak sare sozialetan». Ostalaritzak itxita jarraitzen zuen, ordea; itxialdia bukatutakoan, lan egiten hasi zen berriro, bigarren olatua etorri arte: «Azaroan, ikuskizun bakarra daukat aurreikusita. Egoera nahiko larria da, baina agian nirea ez da okerrena».

Galera ekonomikoak alde batera utzita, ezjakintasunak ondorio psikologikoak ere izan ditu haiengan. Egoera honetan zer egin dezakeen izaten du etengabe buruan Borovak, eta horrek «antsietatea, ezinegona eta kezka» eragin dizkio azken hilabeteotan: «Oso lo gutxi egiten dut. Zenbat diru duzun begiratzen duzu egunero, eta jaitsiz doa». Antzera dabil Gore ere: «Ezin duzu epe luzerako planifikaziorik egin. Etengabeko estresarekin bizi naiz. Ez dakit nola esan dramatikoegia eman ez dezan, baina tabernetan lan egin ezin izatea trauma handia da».

Alternatibak, ahal den moduan

Ohiko ikuskizuna egiteko oztopoak ikusita, eraberritzera jo dute askok, edo, behintzat, erabat lanik gabe ez geratzen saiatu dira; Maniren kasua da azken hori. 20 urteko ikaslea da, eta, horrenbestez, emanaldiak aparteko diru sarrera apal bat baino ez dira harentzat; azken hilabeteetan, irabazi horiek ordezkatzeko, komertzio batean egon da lanean, eta, salbuespen gisa, hitzaldi bat eman zuen Nafarroako harrotasunaren astean. Las Fellinirekin egindako ikuskizunaz gain, hori da martxotik aurrera arlo horrekin lotuta izan duen lan bakarra: «Uste dut hitzaldiaren formatua garrantzitsua dela transformismoaren eta drag queen-en mundua helarazteko».

Las Felliniren kasuan, tabernako ikuskizuna antzeztokira eraman dute: Bilboko Fundicionera, hain zuzen. Astean bitan egin beharrean, hamabostean behin egingo dute, baina, halere, antzokikoen «eskuzabaltasuna» aitortu nahi izan du Gorek. Esker ona gorabehera, ikusleak tabernan baino «hotzago» egongo ziren sentsazioa zuten, «garagardoa edo kopa falta zitzaielako», baina lehenengo emanaldian gezurtatu zuten hipotesi hura: «Hasieran, uste genuen gehiago kostatuko zitzaigula publikoarekin harremana sortzea, baina gero zoragarria izan zen. Ikuskizuna martxan hasi bezain laster, erlaxatuz joan ginen guztiak». Kokaleku berrira ohitu diren arren, «faltan sumatzen» dute taberna giroa. Itzultzean, ordea, badakite «zerotik hasi» behar izango dutela, lehengo kontaktua «galdu» baitute jada, Gorek azaldu duenez: «Publikoarekin duzun magia eta hurbiltasuna urteen poderioz lortzen da, baita esfortzuarekin eta jarraitutasunarekin ere. Hori ezean, zaila da gero harremana berreskuratzea».

Arlo askotan dabilenez, ostalaritzarenak kale egin eta besteetara jo du Borovak: hain zuzen ere, umeentzako ekitaldietara eta itxialdia baino hilabete lehenago sortu zuen sareko dendara; halaber, Bilboko Udalak ateratako kulturarentzako laguntza ere jaso ahal izan zuen. Alabaina, aurtengo udan ohi baino umeentzako ikuskizun gehiago egon diren arren, kurtso berria zuen jomuga Borovak, baina kutsatzeen igoerarekin ikuskizun horiek ere kolokan daude orain: «Eskolen egoeraren arabera, lan egingo dugu edo ez». Dena den, ez du itxaropena galdu, eta emanaldi horietan erabiltzeko propio aterako du gaur Ausarten kluba, bullying-aren kontrako abesti bat: «Irailean ateratzea pentsatuta geneukan, baina ezinezkoa izan zen. Jendeak ez du musikarik erosten, baina espero dugu behintzat eskoletan erabili ahal izatea».

Ostalaritzaren eta ikastetxeen inguruko ezjakintasunak hala eraginda, sareko denda du orain «irauteko» modua. Itxialdian garatuz joan da, eta egoera hobetzean ere erabilgarria izango zaiola uste du: «Orain beharrezkoa da niretzat, baina aurrerantzean ere erabiliko dut. Nire lana zabaltzeko tresna oso ona izan daiteke».

Aurreiritziak: beste pandemia bat

Pandemia baretzeko ezarritako neurriez gain, artista horiek beste oztoporik ere izan dute alternatibak aurkitzeko, transformistak izatearen estigmaren ondoriozkoak asko. Gore, esaterako, «harrituta» dago Fundicionen proposamenarekin: «Instituzioengandik ez dugu babes handirik jaso inoiz, eta antzoki eta aktore askok bigarren mailakotzat dute egiten duguna. Fundicionek, ordea, harrera oso ona egin digu». Mani are kategorikoagoa da: «La Prohibidak dioen bezala, estoldan gaude; oraingoz, ondo, baina hobeto egon gaitezke. Aurreiritzi asko daude drag munduaren inguruan. AEBetan ez da hala gertatzen, han izartzat baitituzte».

Gutxiespen horrek lanean ere eragiten die, estereotipo mugiezinetan sartzen dituztelako eta, hala, ez dietelako potentziala aitortzen, Manik salatu duenez: «Askok uste dute drag guztiak garela zakarrak, eta umore gordinarekin lotzen gaituzte. Baina guztiak ez gara horrelakoak. Nik gustuko dut egoera ezberdinetara egokitzea. Udal batek kontratatzen banau umeentzako ikuskizun bat egiteko, munduko pertsonarik zoriontsuena naiz; eta berdin adinekoen egoitza batetik deitzen banaute, 60ko hamarkadan girotutako jai bat antolatzeko, adibidez». Beste batzuk, ordea, harago doaz, eta eurek egiten dutena aisialditzat dute, lanari lan izaera ukatuz, preseski: «Nik ez ditut prestatzen show bat, ileorde batzuk eta jantzi batzuk esan diezadaten: 'Trago batera gonbidatuko zaitut'. Hori ez da nire lana ordaintzeko modua. Lehen konplikatua bazen, orain are gehiago».

Egokitzapen horren ildotik, iaz musika mundura egin zuen jauzi, eta abenduan bere bigarren abestia aterako du. Ez du astirik izan esparru horretan egon litezkeen mugak nabaritzeko, Borovak bezala. Urte gehiago daramatza, eta bat egiten du Manik azaldutako egoerarekin, baita musikari gisa ere: «Musikan hasi nintzenean, euskaraz eginik eta trabestia izanik... Harrotasunaren egunean baino ez zituzten ipintzen nire abestiak irratian. Pixkanaka, lorpenak eginez noa, baina urteetako lana behar da horretarako». Azken urteetan kulturgileekin harreman «handiagoa» izan duela dio, eta jarrera hori azkartzen ari da nonbait, egoerak akuilatuta: «Elkar ulertzen dugu; denok dakigu nola gauden».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.