Bizkarrezurra eta arima

Hiria sortu aurretik, merkataritzarako sortu zen Bilboko portua, eta, gero, industria eta ontzigintza izan ditu jardunbide, besteak beste. Gaur egundaino, bilakaera handia izan du. Halaber, adituen arabera, geologikoki oso aberatsa da Bilboko itsasadarra. Egun, hiriaren ikur nagusietako bat bilakatu da.

Bizkarrezurra eta arima.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bilbo, itsasotik ikusita, urruti eta, beraz, kanpoko erasoetatik babesturik eraiki zen. Baina, era berean, lurretik ikusita, bide ematen zuen merkantziak askoz azkarrago garraiatzeko. Hala nola nabigazioan bi eguneko lanegunak aurrezten zituzten Bilboko portuaren egiturari esker. Garai hartako langileek leku hura atzeman, eta portu bat sortu zuten han. Geroago, 1300. urtean sortu zen Bilbo hiria, ordura arte Bilboko portua deitzen zen gunean. Halaber, hiriaren garapena beti joan da itsasadarrari lotua. Itsasadarra gertaera geologiko baten ondorio da, eta portua sortu zen han hiria sortu baino lehen. EHUk antolatutako Zientziaren Astean Bilboko Itsasadarren inguruan aritu dira. Hain zuzen, itsasadarraren bilakaera izan zuten hizpide.

Portu eta hiri

Geologia itsasadarraren baldintzatzaile nagusietako bat izan da. Azken finean, Bilboko itsasadarraren inguruan dauden arroken ezaugarri geologikoei esker garatu da industria. Harri horietan mineralizazioa aurkitu izanak baldintzatu du XIX. eta XX. mendeetan eskualdean izandako garapen industrial handia.

Zehazki, garapen industriala baldintzatu duen ezaugarri geologiko nagusia fosforoan urria den burdinaren mineralizazioa izan da. Lidia Rodriguez EHUko geologia saileko irakasleak azaldu duenez, ordura arte Suedian bakarrik zeuden mota horretako mineralizazioak, eta beharrezkoak ziren Erresuma Batuan erabiltzen ari ziren labe mota baterako. Ondorioz, eskari handia zegoen, eta horregatik ustiatu zen. Halaber, burdina fosforoan urria izateak ustiatzeko erraza izatea zekarren. Are gehiago, mineralizazio osoa gainazalean zegoen, eta meategiak aire zabalean zeuden. Itsasotik ere oso gertu zeuden gune horiek, batik bat garraioa merkea eta erraza izan zedin. Rodriguezen esanetan, horrek guztiak eragin zuen industria garatzea.

Itsasotik itsasoaren urak iristen diren mugaraino iristen da Bilboko itsasadarra; hots, Bilboko La Peña auzo ingururaino. Bilboko metropoliaren eta Bizkai osoaren bizkarrezurra da itsasadarra, eta, daukan sinbologiaren harira, nortasun handia izan du, eta hiria mundura zabaltzen lagundu dio horrek.

Bilbo portua izan zen hiribildua baino lehen. Jaio de la Puerta ekonomian doktoreak azaldu duenez, Bilbo sortu zenean itsasadarren ezkerreko aldean sortu zen: egun Bilbo Zaharra deitzen den gunean. 1300. urtea zen; garai hartan, Bilboko portua izena zuen. Horregatik, itsasadarra portu gisa erabili izan da betidanik. De la Puertak dioenez, 'portua' eta 'itsasadarra' hitz biak eremu bera adierazteko erabili izan dira historian. Hala ere, ibaiaren eta itsasadarraren artean dagoen aldea nabarmendu behar da: hau da, ibaia menditik jaisten den euri-ura da, eta itsasadarra itsasoko ura da, mareek hartzen duten ura. Bilbon, ibaia San Kristobal uharteraino iristen da, Boluetako San Anton zubitik gora, hain zuzen.

Merkantzia, funtsezko

Hasieran, portuaren funtzio nagusia merkantziak edo produktuak itsasadarraren bitartez itsasoratu eta atzerrira eramatea zen. Batez ere, Bizkaiko burdina garraiatzen zen, aspalditik famatua zena; baita Gaztelatik zetorren artilea ere. Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak adierazi duenez, Bilbok lortu zuen Gaztela osoko portua eta atea izatea, nolabait. Hala, bi produktu horiek portu horretatik ateratzen ziren Europa iparraldera, eta itzuleran beste produktu batzuk ekartzen zituzten: oihalak, adibidez. «Bateragarriak ziren artilearen eta burdinaren garraioa. Artilea pisu gutxiko baina bolumen handiko produktu bat da; burdinak, aldiz, pisu handia du, baina toki gutxi hartzen du», gaineratu du De la Puertak.

Bilboko itsasadarra merkataritza portu gisa hasi zen, baina portu horrek itsasontziak behar zituen itsas ibilbide horiek egiteko; ondorioz, hainbat ontziola eraiki zituzten itsasadarraren bi ibarretan. Hortaz, ontzigintza izan zen itsasadarrean izandako bigarren garapen garrantzitsuenetako bat. Geroago, XIX. mendearen amaieran, beste garai esanguratsu bat hasi zen industrializazioaren eraginez. Itsasadarraren aldamenean, meatzaritza asko jorratu zen, eta, hortik abiatuta, siderurgia, burdinazko ontzigintza eta beste hainbat sektore nagusitu ziren. Industria horren guztiaren krisialdia iristean, ordea, XX. mendearen 80ko hamarkadan, beste garai bat zabaldu zen: kultura eta ingurumena berreskuratzea zituen ardatz; gaur egun ezagutzen den hiria.

De la Puerta eta Ruigomez bat datoz 1300. urtea dela itsasadarraren historian urterik garrantzitsuena: urte horretan sortu zen hiria. Horrez gain, 1511n, Bilboko kontsulatua sortu zen. XIX. mendeko azken hamabost urteetan, berebiziko eraldaketa izan zen hirian, eta, azkenik, 1983. urtea ere esanguratsua izan zen: «Uholdeen urtea izan zen, krisialdi betean. Inflexio puntutzat har daiteke», aipatu du Ruigomezek.

Historia aztertuz gero, merkataritzak industrializazioak baino garrantzi handiagoa izan zuen Bilbon. «Baina egia da, egun, duela 150 urte industrializazioak sorturiko ondasunari edo garapenari esker bizi garela», adierazi du Ruigomezek. Industrializazioak hainbat sektore ekarri zituen Bizkaira: enpresa ugari eta lan asko. Halaber, industria sarritan industrializazioarekin soilik lotzen bada, aurreko sektore guztiak ere industriaren barnean sartu behar direla azpimarratu du Jaio de la Puertak: adibidez, ontzigintza.

Bilakaera

Itsasadarra garaian garaiko industriara moldatuz joan da; horren erakusle da gaur egungo itsasadarrak ez duela zerikusirik 1300. urtekoarekin. Aldaketa asko izan dira, eta itsasadarrean islatu dira garai bakoitzeko ezaugarririk garrantzitsuenak. «Industrializazioaren ondorioz, adibidez, itsasadarra erabat zikinduta gelditu zen», esan du Itsasmuseumeko zuzendariak. Hain zuzen, garai batean 2.000 tona hondakin isurtzen ziren egunero industriatik eta etxebizitzetatik.

Ruigomezek azpimarratu duenez, itsasadarrak erabateko garrantzia izan du Bilboren historian. «Bilbo sortu aurretik, itsasadarra bazegoen. Itsasadarrari esker sortu zen hiria, han portu bat sortzeko aukera ikusi zutelako». Halaber, horri esker, aukera sortu zen Europa iparralderako itsasbideak zabaltzeko, ontzigintzako arlo guztiak irekitzeko, industria erraz ateratzeko; meatzak itsasadarraren inguruan zeudelako, aire librean. «Horrez gain, bertako burdinak ezaugarri oso aproposak zituen», aipatu du De la Puertak.

Fenomeno geologikoak

Geografikoki, kareharriak etamarga motako harri sedimentarioak daude Bilboko Itsasadarrean. Arrokarik antzinakoenak itsasoaren azpian sortu ziren, duela 125 milioi urte inguru, kretazeo deitzen den garaian. Arroka modernoenak, berriz, 45-40 milioi urte ingurukoak izango lirateke, eta horri neogenoa deitzen zaio. Gainera, Rodriguezek aipatu du harri sedimentario horien artean kretazeo garaiko harri bolkanikoak eta subbolkanikoak aurki daitezkeela batzuetan. «Ohikoenak sedimentarioak dira, eta, horien artean, kareharriak».

Itsas hondoan sortu ostean, arroka horiek deformazio bat jasan zuten, batez ere Pirinioen eraketari lotua. Arroken deformazioa tolesturetan eta failetan ikus daiteke, eta deformazio horiek ere itsasadarra baldintzatu dute. Harkaitza ahuldu egiten da, eta horregatik doa ura norabide batean edo bestean. Gainera, goi kretazeoko giro tektonikoak baldintzatzen du inguruan egon zen jarduera bolkanikoa; hain zuzen ere, plaka iberikoaren eta plaka europarraren arteko mugimendu erlatiboarekin lotuta dago. Garai horretan, aktibitate bolkaniko handia zegoen, funtsean itsaspekoa zena. Horren ondorioz, arroka bolkanikoen formazio horiekaurki ditzakegu Erandion (Bizkaia). Neurri txikiagoan bada ere, ezkerraldean dike subbolkanikoak ikus daitezke.

Ruigomezek azpimarratu du etorkizunean ere itsasadarrak berebiziko garrantzia izango duela Bilboren garapenean, eta etorkizun hori bilbotar eta bizkaitar guztien artean pentsatu beharra dagoela gaineratu du. «Egun, elkargune bat da, bai zentzu fisikoan bai sinbolikoan»: zentzu fisikoan, Bilboren inguruko herri guztien lotunea delako, eta izaera aldetik, nolabaiteko elkartasuna sortzen duelako. Are gehiago, egun, herritarren eskura egotea nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.