Bilboko ez-jaiak

Marijaia, jaietako ordezkari alaia

Urtez urte, Marijaiak bizia ematen dio Aste Nagusiari. Besoak altxatuta igarotzen ditu kaleak, jaietarako gogoa hedatuz. Zoritxarrez, aurten bilbotarrak ezin izan dira harekin dantzatu.

Marijaia Arriagako balkoian, Aste Nagusiko txupinazoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Urtero, Aste Nagusiko lehenengo larunbatean, bilbotarrek gogotsu itxaroten dute Bilboko Arriaga plazan, Marijaia noiz agertuko. Hura da Aste Nagusiaren muina. Izan ere, Arriagako balkoian agertzen den arte ez dira jaiak hasten. Txosnetatik igarotzen den arte ez dira txosnak irekitzen. Marijaia erretzen den arte ez dira jaiak amaitzen. Hori da Marijaia: 1978an jaio zen emakume alaia, eta, gaur egun, Bilboren sinboloa.

Mari Puri Herrero eskultore, margolari eta grabatzaile bilbotarra izan zen Marijaiaren sortzailea; lehenengo Aste Nagusiko Jai Batzordeak proposatu zion jaietarako irudia asmatzea. Gauzak horrela, lehenengo Aste Nagusitik, Herrerok izan du Marijaia sortzeko ardura, urtez urte. Marijaiaren masail gorri eta irribarre zabala beti dira berdinak, eta besoak altxatuta daramatza, dantzarako gogoa alde batera ezin utziz. Itxura tradizionaleko jantzia darama soinean, urtero kolorez aldatzen duena.

Inguruko herrietako jaietako pertsonaiengandik bereizi egiten da Marijaia. Plentzian, sanantolinak ospatzen dira; Gernikan, sanrokeak, eta, Bakion, sanjoandolozak, adibidez. Herrietako sinbolo gehienak gizonak dira, eta erlijiotik datoz. Marijaia, ostera, emakumea da, eta Herreroren asmakizun soila da, erlijiotik at.

Bederatzi egunez hara eta hona ibiltzen da Marijaia, topo egiten duen edozeini jaiez gozatzeko gogoa piztuz. Aurten, zoritxarrez, Bilboko kaleek ezin izan dute sentitu Marijaiaren xarma. Aurten, Marijaia ez da atera Arriagako balkoira; ez ditu txosnak ireki, eta, noski, Aste Nagusiko bigarren igandean, ezin izango da erre.

Herrerok hasieratik izan zuen argi aurten ez zirela ospatuko Bilboko jaiak: «Ez nau ezustean harrapatu. Otsailetik entzuten zen pandemiaren berri; beraz, banekien zerbait txarra helduko zela».

Urte arrunt batean, bi hilabete inguru behar ditu Herrerok Marijaia sortzeko: «Uda hasieran, sanferminetan edo horrela hasten naiz sortzen». Aurten, beraz, ez du ezta ideia pentsatu ere egin. 2020ko Aste Nagusia 1983ko Aste Nagusiarekin konparatu du Herrerok: «Uholdeak gertatu zirenean, gauza bera gertatu zen; egun batetik bestera, panorama aldatu zen, eta jaiak bertan behera gelditu ziren». Kontrolatu ezin diren egoerak direla dio, eta horrek kezka eta pena sorrarazten dizkio. Guztiaren bukaera azkar ailegatzea espero du.

Margolariak alde ona atera nahi izan dio pandemiak eragin duen egoerari: aurten, beretzat erabili du Marijaia egiteko urtero erabili ohi duen denbora. «Estudioan ematen dut egun osoa, nire gauzak egiten», azaldu du. Ez du barruan «hutsunerik» sentitu, margotzen egon baita.

Hurrengo urteari begira

Herrerok onartu du inork ez dakiela hurrengo urtean zer gertatuko den, baina esperantza dauka 2021ean Aste Nagusia ospatzeko eta Marijaia ateratzeko, «jendearen onerako». Badaki jendeak jaiak ospatzeko gogoa duela: «Normala da jendeak Marijaiaren eta gainerako jaien falta sumatzea, baina, oraintxe bertan, ezin dugu ezer egin egoera honen aurka». Herrerok jende askoren mezuak jaso ditu Whatsapp bidez azken egunotan. Marijaiaren irudiak bidali dizkiote, «oso irudi originalak eta bereziak».

Itxaropenez begiratzen dio datorren Aste Nagusiari. Hurrengo urtean, «inoiz baino gogotsuago» itxarongo dute bilbotarrek Marijaia, eta, Arriagako balkoira irteten denean, Marijaia bezala, besoak altxatuta dantzatuko dira harekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.