Pastor
DARWIN ETA GU

Marilyn, 'golfa'!

2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gerra oihua zen udako kontzertuetan. Jose Garate Foisis-ek ikusleen gogoa berotzen zuen —«Marilyn!!!»— eta guk harekin batera osatzen genuen esaldia: «Gooolfa!!!». Hitz hori ez zegoen Itoizen diskoaren kantan, baina saltsa ematen zion zuzeneko emanaldiari.

«Oh Marilyn, Marilyn, larrosa eta krabelin, ximeldu da hire oroimena». Laster, abuztuaren 4an, 58 urte beteko dira Norma Jeane Baker hil zenetik. Bi urte barru, sei hamarkada. Gazterik joan zen golfa, gure aiten edo aitonen sex symbol hura —ez galdetu gure amek zein aktorerekin egiten zuten amets, emakumeek ez baitute desiorik, soilik neska gazte heldugabe kaskarinek dituzte sex symbol-ak, institutuan Robert Redford-en aurpegia karpetan eramaten zuten txatxala haiek, baina gero ezkondu egiten dira, eta kito—.

Marilyn ez zen etxerako modukoa. Gau bateko ametsa, lilia zimeldu arte. Gainera, kirastu egiten zuen. Behea jota zegoenean utzi egiten zuen bere burua, ez ei zen garbitzen. Hori azaldu zuen Joe DiMaggio ahozabalak, haren bigarren senarrak. Eta, jakina, ba al da ezer nazkagarriagorik emakume atsitu bat baino? Areago hilekoa izan eta inoiz baino zikinago dagoenean. Urtebete eskas eman zuten ezkonduta. «Where have you gone, Joe DiMaggio?», galdetu zuen hurrengo hamarkadan Simon and Garfunkel bikoteak, The Graduate filmeko abestian. Kirolari handia, amets amerikarra, joana zen.

Marilyn golfa? Yves Montand frantsesarekin afera bat izan zuelako, artean Arthur Millerren andrea zenean ala gure zaharrak berotzen zituelako, haize-lasterrak jantzia altxatzen zionean? Ameriketatik etorri eta aktorearen irudi handi bat zintzilikatu zuen kantako artzain gizajoak zer espero zuen, Marilynekin oheratzea? Zenbat istorio, zenbat kontu ez ziren Mendebalde urrunean entzuten euskal artzain gazte sendo birjinei buruz. Bi titi biribil ikusi bezain laster maionesa ateratzen omen zitzaien, adurra zeriela —artzainei, ez titiei—. Baina golfa Marilyn zen.

Golfa. Oso hitz berezia emakume batentzat. Aproba egin, guraso batzuei esan, txantxetan: «Golfo galanta duzue semea!». Ez da ezer gertatuko. Esan hori alabari buruz, eta akabo bromak. Esan lagun bati, hildako gurasoei buruz: «Zuen aita golfo samarra zen, ezta?». Eta gero: «Zuen ama golfa samarra zen, ezta?». Igarriko diozue zer alde dagoen. Izan ere, golfo horrek esanahi asko ditu erdaraz, baina golfa berbak, bakarra. Emakumea tuntuna, harro tentea, ezpain estua, xuhurra, traketsa edo nahi duzuna izan daiteke, dena barkatu ahal zaio. Golfa izatea, ez.

Golfo-ak eta golfa-k. Batzuei dena onartu; besteei, ez. Aste honetan betiko kopla irakurri dut psikologo bati egindako elkarrizketan: gizonek sexua nahi dute, baina desio hori maitasunez mozorrotzen dute; emakumeek maitasuna nahi dute, baina sexua eman behar dute hori lortzeko. Planteamendu xinpleegia. Emakumeek ez dute sexua maite, ez dute sexuaz gozatu nahi? Aski duzu My Secret Garden, Nancy Friday-ren liburua, irakurtzea. Eta ez zaitez eskandalizatu bertan ageri diren testuekin. «Ene, gure amak, andreak, alabak… halako fantasiak dituzte?». Akaso gizonok ez dugu maitasunik nahi? Hain zaila da hori ere nahi dugula bueltarik gabe aitortzea?

Marilyn hil eta bost urtera, The Graduate filmaren casting-a egitera joan zen gizon bat. Zuzendariak, Mike Nichols-ek, atzera bota zuen eta aktoreak kargu hartu zion. Zuzendariak argi hitz egin zion: «Bob, arazorik izan duzu inoiz neska bat erakartzeko?». «Arazorik? Ez dut ulertzen», erantzun zuen gizonak. «Horretaz ari nintzen, ba», esan zion Nicholsek, eta ispilu baten aurrera eraman zuen. «Uste duzu hor ikusten duzun gizonak inoiz arazorik izango lukeela edozein emakume seduzitzeko?». Nicholsen ustez, aktore hura filmeko protagonista izanez gero, istorioa ez litzateke sinesgarria izango. Eta Dustin Hoffman aukeratu zuen. Robert Redford esku hutsik itzuli zen etxera, bere aurpegia mundu zabaleko emakumeen karpetetan eta bihotzetan zegoela jakinda. Bob, golfo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.