Pastor
DARWIN ETA GU

Loreak

2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Lagun batek bidali zidan mezua, duela aste pare bat: «Hori da zure etxeko balkoia, lore triste bat ere ez duena?». Segituan erantzun nion, nik ere ironiaz, haren militantzia feminista ezagututa: «Bai. Loreak izugarri gustatzen zaizkit, baina etxean ez. Nire alde femeninoa poesia idatziz lantzen dut, tarteka».

Pasadizo horretaz gogoratu naiz, Catorze.cat kultura webgunean Marta Pallares katalanaren testua irakurri ondoren. No arribo a tot -Ez naiz guztira heltzen- titulua du lanak. Pallaresek idatzi duenez, oso gustukoak ditu liliak. Loradenda bat ikusten duenean, landareen izenak ikasten saiatzen da. Hala ere, loreak lantzeari utzi dio: «Garai batean, geranioak erosi eta erosi ibiltzen ginen etxean, eta lili mota horren serie hiltzaile bihurtu ginen».

Izan ere, ondoko etxebizitzako andre zahar gozoa hala mintzatu zitzaion Pallaresi igande goiz batean, balkoitik: «Ez zaitez kezkatu landareak hazteaz; orain umeak hazi behar dituzu. Landareak hazteko garaia iritsiko zaizu». Ordura arte Ez naiz guztira heltzen leloaren esklabo bizi zen ama gaztea, baina bizilagunaren aholkuak ikuspuntua aldarazi zion. Bizitza beste era batera hartzen ikasi zuen. Koronabirusak eraginiko berrogeialdian areago barneratu du pentsamolde hori.

Krisiak hausnartzeko aukera eskaini (omen) digu, baina aprobetxatu egin dugu? Ondo zehaztu dugu zeintzuk diren gure loreak, gure lehentasunak? Humanoagoak bihurtu gara? Hobeto komunikatzen ikasi dugu? Beste galdera bat, horren harira: hain ondo komunikatuta geunden lehen, bada?

Normaltasun berrira itzuliko garela esaten ari zaizkigu. Tranpa semantikoa. Normaltasunera ezin gara itzuli, normaltasun hori berria bada. Hobe genuke normaltasun berria sortuko bagenu, baina ez dirudi hala izango denik. Ez, lagunok. Ez naiz guztira heltzen eta Ez dut guztira heldu nahi. Zein lelo nagusituko da normaltasun berri faltsu horretan?

Lehengo normaltasunera itzuliko gara. Funtsean, normaltasun zaharrera, baina lehen baino okerrago egoteko, itxura batean: pobrezia handiago, askatasun txikiago eta eskubide gutxiagorekin. Hara zer kalapita izan den Espainian Gobernuak eta EH Bilduk lan erreforma bertan behera uzteko lotutako akordioagatik. Hara zer esan duen Frantzian Philippe Gosselin-ek, Errepublikanoak alderdiko diputatuak, Libération egunkarian: «Krisiak beste begirada bat izatera behartuko gaitu, baina horrek ez nau komunista bihurtuko». «No pasarán», esaten dugu. Eta hor geratzen gara, izan zitekeenaren nostalgian mozkorturik. Eta ia beti pasatzen dira. Garaipen bakanekin konformatu egin behar, lorpen txiki horiek bihar, etzi edo lau orduren buruan berriro kenduko dizkiguten beldur.

Beste alde batetik, arlo pertsonalean oso panorama beltza iragarri du Byung-Chul Han filosofo korearrak: «Bizirik irautea helburu absolutua izango da. Gure ahalegin guztiak bizitza luzatzera bideratuko dira. Eta biziraupen-gizarte batean bizitza onaren zentzu osoa galtzen da. Plazera sakrifikatu egingo dugu norberaren osasunaren aldeko helburu gorenaren mesedetan». Hala izango bada, mereziko ote du?

Nik ere badakit zer den geranio-hiltzaile, serial killer bat izatea. Etxeko egongelan landare handi eder bat jarri genuen. Ez zuen mimo askorik behar: tarteka eguzkitara atera; tarteka arrosatu. Hortxe ihartu zen. Gure erlazioaren bilakaeraren metafora botanikoa izan zela pentsatu dut, tarteka.

Geroztik ez dut lorerik izan -balkoian, uler ezazue-. Loreak maite ditut, baina lorezaintza, ez. Horrek ez dit batere arazorik sortzen. Parke edo etxe batean loreak ikusten ditudanean, paisaia koloretsuaz gozatzen naiz. Eta neure artean eskerrak ematen dizkiot landare horiek, nire begiak eta gogoa pizten dituztenak, hain modu ederrean landu eta hazten dituen lorezain trebeari. Itsasoa ere maite dut eta harengana joaten naiz kresalaren kantak deitzen didanean. Eta nire alde femeninoa landu nahi dudanean, (hala moduzko) bertso bat idazten dut. Tarteka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.