Athletic 2-2 Bartzelona

Oso harro, baina atsekabetuta

Athleticek penalti jaurtiketetan galdu du Bartzelonaren aurka, eta ez da sailkatu Kopako finalerako. Penaltietan 3-2 aurreratu da, baina azken bi jaurtiketak huts egin ditu

Athleticeko jokalariak Lucia Cordoba zoriontzen, final-laurdenetako joaneko partidan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Caldenteyk (36. min.); 1-1: Eunatek (83. min.); 1-2: Martensek (93. min); 2-2: Luciak (94. min.). Penaltiak. 0-1: Andonovak; 1-1: Gimbertek; 1-2: Losadak; 2-2: Erikak; 2-2: Dugganek, huts; 3-2: Muruak: 3-3: Patrik; 3-3: Eunatek, huts; 4-3: Alvesek eta 4-3: Luciak, huts.Epailea. Frias Acedo. Txartel horia: Bartzelonako Bussaglia, Losada, Patri, eta Leoni. Bestelakoak. 1.000 ikusle inguru Reuseko (Katalunia) estadioan. Beste finalerdia. Atletico Madril 2; Granadilla 0.

Athletic harro joan daiteke oporretara. Zuri-gorriek burua tente eta azken indar alea ere zelaian utzita esan zioten agur denboraldiari atzo. Lan handia eta irudi ona, baina, beti ez dira kontsolamendua, oso gertu izan baitzuten Espainiako Kopa jokatzeko aukera. Athleticek penalti jaurtiketetan galdu zuen Bartzelonaren aurka, eta, hori berez nahikoa krudela ez balitz bezala, penalti txandaren garapena ere garratza izan zen. Izan ere, 3-2 aurreratu ondoren, azken bi jaurtiketak huts egin zituzten Eunatek eta Luciak, partidako bi golegileek. Azkenekoa zutoinera joan zen.

Athletici kostako zaio atzoko partidako atsekabea aldentzea. Izan ere, Bartzelona faborito zen arren, zuri-gorriak ez ziren gutxiago izan. Partidako bigarren zatian erreakzio ederra izan zuten. Baita luzapenaren bigarren zatian ere, beraiek izan baitzituzten azken aukerak. Luciak 111. minutuan eginiko jaurtiketan, baina, baloiak egurra jo zuen, azken penaltian bezala.

Amaiera estua partida entretenigarri baten ondorio izan zen. Arauzko denboraren lehen zatia izan zen tarterik motelena. Bi taldeak uzkur irten ziren, hutsik ez egiteko asmoz. Bartzelonak sortu zuen arrisku apurra, eta korner baten bitartez sartu zuen 0-1ekoa (36. min.). Bigarren zutoinera luze atera, eta Caldenteyk, ia angelurik gabe, buruz bidali zuen baloia sarera.

Athleticek gola behar zuen, eta oso oldarkor zelairatu zen bigarren zatian. Presioa gorago egiten hasi zen, eta Nekane Diez zelairatzeak ere lagundu zuen. Luciak, Morazak eta Diezek hiru aukera on izan zituzten, baina ez zituzten baliatu. Hirutik bitan, Bartzelonako atzelariek sarera zihoazen jaurtiketak urrundu zituzten. Merezi zuen gola Athleticek, eta Eunatek eman zion saria (83. min.). Luciari falta egin zioten areaz kanpo, atezainaren ezkerraldean, eta Eunatek zuzenean bota zuen atera. Paños atezainak ezin izan zuen ezer egin.

Luzapenean, ausart

Athleticek ahalegin fisiko handia egin zuen bigarren zatian, baina zelaian ez zuen nekerik nabaritu. Bartzelonaren talentua ere ez zen askorik ikusi, baina Mertensek 2-1ekoan utzi zuen kalitate tanta harrigarria izan zen (93. min). Athleticek gaizki urrundutako aldaratze bat ehizatu zuen area ertzean, eta gol ederra sartu zuen. Gurpil askorekin jaurti zuen: ezinezkoa zen hura gelditzea.

Golak, baina, ez zuen Athletic abaildu. Erreakzioa bikaina izan zen: zelai erditik atera, eta berehala sartu zuen binakoa. Bartzelonaren atzeko lerroa aurrera egiten ari zela, pase luzea egin zuen haren bizkarrera, eta Erika eta Luciaren artean berdindu zuten partida. Luciak sartu zuen gola, partidako onenak (94. min.).

Partida eroa izaten ari zen, erabat hautsita zegoen, eta logikak zioen bi taldeek emaitza zaintzeko ahalegina egingo zutela. Bai behintzat Athleticek, aurkariaren kalitatearen beldur; baina ez zen halakorik egon. Zuri-gorriek presio egiten eta baloia lapurtzen saiatzen segitu zuten. Hirugarren gola nahi zuten, eta eskura izan zuten; baina, esan bezala, Luciaren azken jaurtiketa ez zen sartu.

Penaltien loteriak erabakiko zuen zein joango zen Kopako finalera. Athleticeko bost jaurtitzaileek toki berera jaurti zituztenpenaltiak, behetik eta ezkerreko zutoinera. Laugarrenerako, Pañosek intentzioa antzeman zion Eunateri, Bartzelonaren hirugarren jaurtiketan Tirapuk Dugganekin egin bezala. Azken bietan, baina, ezin izan zuen ezer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.