K.a. 494

Plebeioen greba orokorrak

2014ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Antzinako Erroman monarkia desegin eta errepublika sortu zutenean bi bloketan banatu zen gizartea —esklaboak alde batera lagata—. Batetik, patrizioak zeuden, Erromako aristokraziako familiak, kargu publikoetarako eta senatari izateko eskubidea zuten bakarrak, eta diru gehiena pilatzen zutenak. Bestetik, plebeioak zeuden: gehiengoa ziren, baina ez zeukaten boterean eragiteko modurik, eskubide zibil oso gutxi zituzten. Gainera, zorpetuta zeuden asko, eta, horregatik, patrizioen esklabo bihurtzeko arriskuan. Egoera errotik aldatzeko tresna ezin hobea topatu zuten: euren egitekoak egiteari utzi zioten, eta hiritik inguruetarako mendietara alde egin zuten. Muturreko greba orokor bat zen. K.a 494. urtetik 287ra bitartean behin baino gehiagotan erabili zuten teknika hori, eta lortu zuten patrizioek kasu egitea. Botererako eta egoera ekonomikoa hobetzeko balio izan zieten plebeioei. Lehen secessio plebis-ean (plebeioen matxinada) patrizioek Menenius Agripa senataria bidali zuten grebalariak bilduta zeuden muino sakratura, eta berba hauekin eta hainbat kontseziorekin konbentzitu zituen greba uztera: «Antzina batean, eskuek sabelaren kontra egin zuten. 'Zergatik egin behar dugu guk lan alfer honek onura guztiak gozatzeko?' Eskuek greba egin zuten, eta sabela elikatzeari utzi zioten. Ondorioz, gorputz guztiak pasatu zuen gosea, eskuek barne». Baina, agian, plebeioen grebarik garrantzitsuena K.a. 287koa izan zen. Erromako Aventino muinora igo ziren plebeio grebalariak, eta, azkenean, patrizioek onartu behar izan zuten plebeioek ere erabakitzeko eskubidea bazutela. Orduan sortu ziren plebis scitum-ak, plebeioen dekretuak, lege maila lortu zutenak. Hor du jatorria egungo 'plebiszitu' berbak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.