Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Hipoteka: zein da subjektu pasiboa?

2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Mahukak jasota heldu beharreko gaietako bat da hipotekaren inskripzioaren zergarena, eskuak pixka bat bada ere zikintzea eskatzen duena. Asmoa ez da azken bi asteotan Espainiako Auzitegi Goreneko togapeko besoak nork garbaldu dituen seinalatzea —inork ez du ezer ikusi, baina agerian geratu da—, baizik eta eskandaluaren erpin eta zurkulu ugariei erreparatzea, eta galbahean iragaztea azken egunotan entzundako kontzeptu teknikoetako batzuk, aleak eta hondarra bereizteko.

Hipotekaren zerga dago eskandaluaren erdian. Zehazki, argitu nahi izan da zein den hipoteka zergaren subjektu pasiboa.

Hasteko, aipatu behar da ez direla gauza bera hipoteka eta mailegua. Herritar batek etxebizitza bat erosi nahi duenean, normalean, bankura jotzen du mailegu bat eskatzera, ez daukalako behar adina diru aurreztuta etxea laguntza gabe erosteko. Bankuak diru kopuru handi bat aurreratzen dio, bezeroak epe luze batean zatika eta interesekin bueltatuko diona: mailegua. Hori sinatzearekin bakarrik fidatu ez, eta bankuek hipoteka ere sinarazten diote bezeroari, berme gisa, ziurtatzeko pagatuko duela mailegua.

Hipoteka hori erregistratzeagatik pagatzen da zerga, eta hor dator galdera gakoa: zein da zergaren subjektu pasiboa? Edo beste era batera esanda: nori interesatzen zaio hipoteka erregistratzea?

Bankuek esaten dute bezeroaren onurarako dela, hark daukalako interesa etxebizitza bat erosteko epe luzerako finantzaketa baten bitartez. Argudiatzen dutenez, hipotekaren bermerik gabe, maileguak baldintza gogorragoak izango lituzke: kontsumo maileguetan —ez daramate hipotekarik—, adibidez, bankuek ez dituzte hain epe luzeak eskaintzen, eta interes tasa handiagoak kobratzen dituzte.

Bezeroaren interesak defendatzen dituztenek, ostera, argi daukate bankuek daukatela interesik handiena hipoteka erregistratzeko eta eskritura publiko bilakatzeko. Bankuen negozioa ziurtatzen du, bezeroak mailegua ordaintzen ez badu ezingo duelako etxegabetzerik martxan jarri hipotekaren eskriturak eskuan izan barik.

Legea interpretatu beharra

Espainiako hipoteken zergaren legea 1995ekoa da, Felipe Gonzalezen gobernuaren garaikoa. 23 urtez bezeroek pagatu dute zerga, harik eta, Madrilgo auzibide baten harira, Auzitegi Gorenak legea kontrako eran interpretatu zuen arte joan den urriaren 16an: bankuek ordaindu behar zuten zerga.

Doktrina eraldatzeak izua eragin zuen bankan, batez ere zalantza bat sortu zelako: doktrina aldaketak atzerako eragina izan dezake? Noiz arte? Zeinek bueltatu beharko lieke dirua bezeroei, ogasunak ala bankuek? Milaka milioi euro zeuden jokoan.

Gorenak ohiz kanpoko moldean jokatu du, bere doktrina berria berehala ezeztatuz. Modus operandi-a ikusirik, herritar askok ulertu dute bankuen presiopean hartu duela erabakia.

Bankuek euren burua zuritu dute, esanez 23 urtean legea bete baino ez dutela egin. Hein handi batean, arrazoi dute. Legearen araudiaren 68.2 artikuluak zioen zergaren subjektu pasiboa «mailegu eskatzailea» zela; baina 68.1 artikuluak interpretaziorako aukera zabaltzen zuen, erregistroaren «interesduna» aipatzen zuelako. Interes horri tiraka aldatu zuen doktrina Gorenak urriaren 16an.

Ziaboga judizialen nahasmenduan, Pedro Sanchez agertu da bezeroen salbatzaile, baina haren alderdiak 1995ean egindako legearen hautua eta lausotasuna dago eskandaluaren abiapuntuan. Gainera, lege aldaketarekin Espainian zerga bankuek pagatuko badute ere, oso posible da bankak gastu horren zama bezeroaren bizkar uztea interes tipoak igota edo, errazago, irekiera komisioak ezarrita.

Espainiako eskandalu horrek guztiak ez du zuzeneko eraginik Euskal Herrian, Hegoaldeko lau lurraldeek ogasun eta lege propioak dituztelako. Baina auzoaren dantzek norbera ere mugiarazten dute sarri. Bakarrik Nafarroak dauka hipoteka zerga lehen etxebizitzetan, eta lauko gobernuak aldaketa egin nahi du subjektu pasiboa bankua izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.