Lokomotor bat ezker hegalean

Pervis Estupiñanek abaila batean hasi du sasoia, eta funtsezko bihurtu da Osasunaren defentsan. Minutu guztiak jokatu ditu, eta gaur ere titular izango da Mallorcan, bere talde ohiaren aurka.

enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Erritmo onean doa Jagoba Arrasatek gidatutako trena. Iragan denboraldiko inertziari eutsi dio, eta, hala, apenas egin duen geldialdirik liga honetako lehen hamar jardunaldietan. Helmuga urruti dago oraindik, baina bidearen herena egina du jada. Errail egokian daude bagoi guztiak, eta norabide berean doaz. Gainera, lokomotor ahaltsu bat dute aitzinean: Pervis Estupiñan (Esmeraldas, Ekuador, 1998). Ezker hegalekoak dohain fisiko itzelak dauzka, eta oxigenoa, erritmoa eta sakontasuna ematen dizkio gorritxoen jokoari, hegala behin eta berriz igota.

Ekuadortarrak azkar batean ahantzarazi du Carlos Clercek Levantera joan ostean utzitako hutsunea. Kataluniarra funtsezkoa izan zen iragan denboraldian, partida eta minutu gehien jokatu zituen jokalaria izaki. Bada, haren arrastoaren atzetik doa Estupiñan. Izan ere, hasi eta buka jokatu ditu orain arteko norgehiagoka guztiak. Minutu guztiak lehiatu dituen zelaiko jokalari bakarra da —Ruben Martinez atezainak ere dena jokatu du—. Gainera, golak sartzen ere hasi da; iragan igandean egin zuen aurrenekoa, Valentziaren aurka, area barruko jaurtiketa indartsu batekin. 2-1 zegoen neurketa, eta hegalekoaren zartakoak behin betiko erabaki zuen.

Nolanahi ere, Estupiñanen ekarpena ez da goletan neurtzen, Kilometrotan baizik. Edo, zehatzago esanda, intentsitate altuan egindako distantziaren bidez. Hegalean gora eta behera aritzen da etengabe, eta ez zaio hauspoa berotzen. Haren igoerak erasoko baliabide nagusietako bat bihurtu dira Nafarroako taldearentzat. Gainera, ekuadortarrak nabarmen egin du hobera defentsako jardunean. Hasieran, asko kosta zitzaion oreka topatzea. Aurrera egiteko grinak ordaina ekartzen zion gero, aurkariei zuloak ixteko orduan. Alabaina, askoz ere sendoago aritu da Levanteren aurkako partidaz geroztik.

Edonola ere, jokalari anarkikoa izaten segitzen du. Jokaldi oso arriskutsuak egin ohi ditu gorritxoen areatik gertu, eta, gehienetan onik ateratzen den arren, katramilatu egin da behin baino gehiagotan. Horretaz gain, baldar itxura du batzuetan, gorputz keinu bitxiak izaten baititu baloia oinetan duenean. Erdiraketak egitean ere sumatzen zaizkio gabezia teknikoak, sarri kosta egiten baitzaio baloiari altuera ematea. Nolanahi ere, igoeren kalitatea kantitatearen bidez orekatzen du.

Ez du lehiakiderik

Ezker hegaleko atzelaria uztailean iritsi zen Osasunara, Watfordek utzita. Gorritxoek bi denboraldirako akordioa sinatu zuten Ingalaterrako taldearekin. Espainiako Ligan aritu da azken sasoietan: lehenik Granadan, Lehen Mailan, eta Almerian eta Mallorcan gero, maila bat beherago. Iragan denboraldian, elitera igo zen Herrialde Katalanetako taldearekin, eta orain, beste aurrerapauso bat ari da ematen, Iruñean.

Estupiñan guztiz finkoa da Arrasaterentzat, finean, ez baitauka ordezko garbirik haren posturako. Endika Irigoien ez da teknikariaren planetan sartzen; beraz, adabakiak jartzea da aukera bakarra, Facundo Roncaglia edo Iñigo Perez hegaleko gisa erabilita, adibidez. Itxura guztien arabera, ekuadortarra hasieratik ariko da gaur berriz ere. Partida berezia du, Mallorcaren zelaira itzuliko baita.

MALLORCA-OSASUNA

Mallorca. Reina; Fran Gamez,Valjent, Raillo, Lumor; Baba,Salva Sevilla; Kubo, Aleix Febas, Lago Junior; eta Budimir.

Osasuna. Ruben; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan; Fran Merida, Moncayola; RobertoTorres, Ruben Garcia, Brasanac; eta Chimy Avila.

Epailea. Cordero Vega.

Lekua. Son Moix (20.500 ikusle).

Ordua. 19:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.