Adina, gero eta arinagoa

Bidaiatzea, jarduera fisikoa egitea, mugimendu sozialetan parte hartzea edo teknologia berriak erabiltzea adinekoen kontuak ere badira. Urteek baino gehiago, bizimoduak eta zaletasunek markatzen dute adineko pertsonen bizitza. Nolanahi ere, adituen iritziz, jendeak zahartzaroaren irudi ezkorra du.

Blanca Etxebarria. Bizitza aktiboa du: igerilekura joaten da, baita ikastaroetara ere. LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Adinekoa izatea oso kontzeptu zabala da gaur egun; zaharra izatea eta adinekoa izatea ez da gauza bera», azaldu du Izarne Lizasok, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakasleak; gerontologia du aztergai Lizasok, eta adinekoen bizitza asko aldatu dela uste du: «Adineko asko ibiltzen da ikastaroetan, teknologia berriak erabiltzen dituzte, bidaiatzeko joera daukate...».

Elena del Barrio Matia fundazioko ikertzailea ere iritzi berekoa da: «Batzuek urte kopuruarekin lotzen dute adinekoa izatea; beste batzuek, berriz, erretiroarekin». Haren ustez, urteek garrantzia galdu dute: «Orain, nortasunak eta bizimoduak pisu handiagoa dute». Halaber, adinekoa izateko modu asko daudela nabarmendu du, Lizasok nola: «Denak zaku berean sartzea ez da zuzena».


Colette Irene Bourdin Bilboko Larraskitu Elkarteko presidentea. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Colette Irene Bourdinek ez du gogoko bere edadea esatea: «Ez naiz zaharra sentitzen, dauzkadan urteak eduki arren». Bordelen jaio zen (Okzitania), 1935ean, eta 6 urte zituenetik bizi da Bilbon. Larraskitu erretiratu eta pentsiodunen zentroko presidentea da; hango ekintzetan buru-belarri dabil: «Informatika ikastaroan nabil, bigarren urtean». Dantza ikastaroetan ere ez du hutsik egiten, eta bidaiatu ere egiten du: «Zentroko lagunok Cadizen [Espainia] izan gara aurten».


Sebastian Rosino Iruñean bizi da, eta irakurtzea du zaletasunetako bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hamarkada bat igaro da Sebastian Rosinok erretiroa hartu zuenetik; 75 urte beteko ditu laster: «Adinekoa izatea, bereziki erretiratua izatea, lanaren zamatik askatzea da; ez duzu erlojuaren arabera ibili beharrik». Nafarroako Sasoia pentsiodunen elkarteko kidea da egun; baina, liburu artean galtzeko astia ere hartzen du: «Irakurtzea asko gustatzen zait. Lanean ari nintzenean denbora gutxi nuen horretarako». Irakurtzeaz gain, egunero ordubete inguruz ibiltzen da, beti egiten ez badu ere, «denbora faltagatik».


Blanca Etxebarriak bizitza aktiboa du: igerilekura joaten da, baita ikastaroetara ere. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Blanca Etxeberriak ere bere zaletasunez gozatzeko tartea du orain: «Niretzat bizitzaz gozatzea da adinekoa izatea; ez duzu buruhausterik». Duela hiruzpalau urte hartu zuen erretiroa, eta «ederra» izan da: «Nire buruarentzako denbora gehiago daukat orain». Igorren (Bizkaia) jaio zen Etxebarria, 1952an, baina Bilbon bizi da txikitatik; Lagun Zaharrak erretiratuen zentroko kidea da, baita Nagusiak Elkartekoa ere. Bilerek haren agenda betetzen badute ere, kirola egiteko tartea ere hartzen du: igerilekura joaten da goizetan, astean bospasei egunetan. Zentroko gimnasia eta informatikako saioetan ere badabil.

Andreak, aisialdiaren jabe

Hiru hamarkada ezberdinetan jaiotakoak dira Bourdin, Rosino eta Etxebarria; haatik, zaharrak dira, gizartearen begietara. Halere, ez diete muzin egin zaletasunei, eta ez dira zaharrak sentitzen. Lizasok azaldu duenez, bizi itxaropena luzatzea da arrazoietako bat; baina, badira beste batzuk ere: «Egun, erretiratutako pertsona batek ez du zerikusirik aurreko belaunaldiarekin; haren belaunaldiko baldintzak ere oso ezberdinak izan dira: lan baldintzak aldatu dira, erosahalmen handiagoa dute, bidaiatzeko joera dute...».

Ados dago Del Barrio ere: «Bizimodua aldatzeak adineko belaunaldien egungo bizimodua aldatu du». Jendeak zaletasunak mantentzen ditu: «Antzerkira joatea gustuko zuenak horretan jarraituko du, aukera duen heinean». Horri lotuta, gehitu du aisialdiaz gozatzea oso garrantzitsua dela egun, lehen ez bezala: «Lehen bizitza lanari oso lotuta zegoen, eta aisialdiak ez zuen tokirik».

Lanaz hitz egitean, eragin zuzena du generoak, Lizasoren aburuz: «Gizonek lan merkatuari lotutako bizitza izan dute; emakumeena, etxean, familian eta zaintzan zentratu da». Horrek, ondorio ekonomikoez gain, badu bestelakorik ere: «Lan ibilbide osoa izatean beste harreman sozial batzuk eraiki dituzte, beste gaitasun batzuk eta ezagutza batzuk». Bourdin eta Etxebarria, emakumeak izanagatik, lan merkatuan aritu ziren: joskintza fabrika batean eta zerbitzuetan, hurrenez hurren. «Lanak kalera ateratzea errazten dizu, zeure burua ezagutzea. Ireki egiten zaitu», esan du Etxebarriak.

Enpleguak ateak irekitzen ditu, eta handik ateratzea gogorra egiten zaio zenbaiti, Lizasok adierazi duenez: «Erretiroa heltzean, pertsonak ikusten du hamarkadak izan ditzakeela oraindik bizitzeko; bizi proiektu berri bat egin beharko du». Azaldu du lanari oso lotutako pertsonek zailtasunak izaten dituztela. Rosino fisikako irakaslea izan zen, 65 urtera arte: «Erretiroa hartzean dena utzi nuen, baina hiru hilabetez iraun nuen horrela; ezin nintzen egon ezer egin gabe». Haren ustez ere zenbaitek zailtasunak izaten ditu egokitzeko: «Jende asko jota geratzen da, ez dago prestatua aisia kudeatzeko».

Beraz, beharrezkoa da denbora librea kudeatzen jakitea. Horretan ere badu eraginak generoak, Del Barriok esan duenez: «Adineko emakumeak aisialdia konkistatzen ari dira; gizonezkoek beti eduki dute horretarako aukera». Hala sentitzen du Etxebarriak ere: «Nik askatasun osoa dut. Gure amari ez zitzaion bururatu ere egiten lagunekin afaltzera joatea». Haren iritziz, gizonak baino aktiboagoak dira adineko emakumeak: «Zentroko ekintzetan gehiago gara andreak, baita bileretan ere».

Denbora libre gehiago dute, baina familiako betebeharrak ere izaten dituztela azaldu du Lizasok: «Sandwich belaunaldia deitzen diogu: bilobak zaindu behar dituzte batzuetan, eta euren aurrekoak bestetan». Eta, zaintzan ere badu eragina generoak: «Gizonak lagun dezake, baina zaintzaile nagusia emakumea da».

Zaintza ez ezik, borroka ere hiruren egunerokoa da, Rosinok azaldu duen moduan: «Bizitza laboralean oso aktiboak izan gara, borroka sindikaletan eta politikoetan. Horregatik, erretiratutakoan pentsatu nuen: 'Nola utziko dut orain?'». Pentsio duinen aldeko elkarretaratzeetan parte hartzen dute hirurek. Etorkizuneko belaunaldien alde ere ari direla azaldu du Bourdinek: «Erretiratuak ez gara borrokatzen gure eskubideen alde soilik, baita gure biloben alde ere».

Borrokarako nola, teknologia berriak erabiltzen ikasteko ere ez zaie gogorik falta; Matia Fundazioko ikerlariaren iritziz, «teknologia demokratizatu» egin da. Bourdin, esaterako, informatika ikastaroan dabil: «Nork esango zidan niri ordenagailu bat piztuko nuenik!». Etxebarria ere badabil informatikako klaseetan. Rosinok ere erabiltzen ditu gailuak, baina haien inguruko kezka ere badu: «Ondo dago gailuak erabiltzea, baina informazio hori guztia kontrolatuta dago».


Ordena gailuak, sakelakoak eta bestelako gailuak erabiltzen ditu egun adineko jendeak. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Bizimodua, zaletasuna eta beste zenbait kontu tarteko, adinekoak gazteagoak dira, baita haien janzkera ere. Arropa koloretsuak edo kirol jantziak erabiltzen dituzte, esaterako. Duela urte batzuk pentsaezina zen hori, Lizasoren arabera. Gogoan du Etxebarriak aurreko belaunaldia: «Gure gurasoen garaian gona beltz eta grisak janzten zituzten; eguneratu egin gara». Bat dator Bourdin ere: «Ez dugu duela 40 urteko bizitzari begira egon behar; nik esaten diet bilobei: 'zuk kirol-oinetakoak badaramatzazu, nik ere bai'».

Aldaketak aldaketa, zahartzaroak kutsu negatiboa du oraindik: «Irudi negatiboa dugu; inork ez du zaharra izan nahi, ezta zaharraren itxura eduki ere», nabarmendu du del Barriok. Hedabideek eragin zuzena dute horretan, Lizasoren iritziz: «Arraroa egiten zaigu pentsatzea 82 urteko bat patinetan ibil daitekeela; hori ere benetan gertatzen da». Bourdinek eta Etxebarriak ez dute gustuko zahar hitza; aldiz, Rosinok, aldarrikatzen du: «Nik ez dut arazorik zaharra naizela esateko. Alderantziz, harro nago adin honetara irisi izanaz!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.