Espainiako PPren primarioak

Bi izen eta 'gatopardo'-a

PPren euskal konpromisario gehienek Saenz de Santamariaren alde egingo dute gaurko bozketan. Helburuetan bat datoz bi hautagaiak: alderdia batzea

JAVIER LIZÓN / EFE.
jokin sagarzazu
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
PPn lehen aldiz egin dituzte primarioak, baina lehiatuko diren bi hautagaiak aukeratzea konpromisarioen eskuetan utzita: aparatuaren eskuetan. Konpromisarioak alderdiko kargudunak edota ordezkari instituzionalak dira, eta, beraz, herrialdeetako zuzendaritzekin lotura handiak dituzte. Horiek, egun, banatuta daude bi hautagaien artean, eta gakoa izango da argitzea ea beste zeinen alde egiten duten «bigarren itzulitik» kanpo geratu den Maria Dolores de Cospedalen aldekoek. Soraya Saenz de Santamariaren eta Pablo Casadoren artean lehia estua espero da gaurko bozketarako.

Horren zergatiak alderdi barruko botere borroketan bilatu behar dira, eta ez horrenbeste ñabardura ideologikoetan. Primarioetan, normalean, pertsonak lehiatzen dira, ez proiektu politikoak. Izan daiteke ideiak erkatuz gero alderdi barruko zatiketa ageriago geratzen delako —ohikoago izan ohi dena ezkerreko alderdietan— eta hori saihestu nahi dutelako. Edota izan daiteke ez dagoelako sakoneko alderik funtsezko gaietan Saenz de Santamariaren eta Casadoren artean.

Nolanahi den, alderdiaren zatiketa eragoztea eta kohesioa indartzea da primarioen xedea; are gehiago alderdi bat garai ahul batean dagoenean, eta hori da PPren kasua gaur egun; gobernutik kanpo eta Ciudadanosen itzala gainean duela, azal berri bat behar du.

Euskal Herritik

Orain arte jakinarazi diren babesei dagokienez, Espainian gehiago dira Saenz de Santamariaren aldekoak, eta Euskal Herrian berdin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzendaritzetako kideek agerian utzi dute hori; Nafarroan, aldiz, Casadoren alde daude.

Lau herrialdeetako militanteak ere bat datoz euren buruzagien iritziarekin; hala egin zuten primarioen «lehen itzulian». Euskal konpromisarioen aldetik, beraz, ez da sorpresarik espero. Gainera, Euskal Herritik joandakoek pisu eskasa izango dute azken emaitzan. Bizkaiko batzuek—Cospedalen aldekoek— zer egingo duten izan daiteke interesgune bakarra.

Bizkaian, Araban eta Nafarroan militante kopuru antzekoak ditu PPk; lehen itzuliko erroldan izena eman zuten 283k, 224k eta 211k, hurrenez hurren, eta Gipuzkoan 88k —denera 67.083—. Araban lortu zituen emaitza onenak Saenz de Santamariak, Espainiako batezbestekoen oso gainetik. Bizkaian, lehia estua izan zuen Cospedalekin. Eta Gipuzkoan aise gailendu zen. Casadok garaipen argia lortu zuen Nafarroan.

EAEko PPren egungo zuzendaritzak lotura estua du Saenz de Santamariarekin. 2008an Maria San Gilek zuzendaritza utzi zuenetik egon diren hiru presidenteak babestu ditu hark —Antonio Basagoiti bizkaitarra, Arantza Quiroga gipuzkoarra eta Alfonso Alonso arabarra—, eta euskal politikarekin loturik ordutik hartu diren erabakien lehen lerroan egon da: Patxi Lopezen gobernua babestu zutenean eta Urkullurekin aurrekontu akordioak egin zituztenean; bera izan da, gainera, Rajoyren gobernuaren «solaskidea» Eusko Jaurlaritzarekiko elkarrizketetan.

Gasteiz eta Madril artean

San Gilen agintaldiaren ostean, alderdi barruko giroa ez da samurra izan; boto galera handiari egin behar izan diote aurre, eta herrialdeen arteko botere lehiak agerian geratu dira; bereziki, Arabako eta Bizkaikoen artean. Saenz de Santamaria beti lerratu da Arabakoekin, eta horregatik ulertzen dira, neurri batean, Bizkaian Cospedalek lorturiko emaitza onak.

2015eko udal eta foru hauteskundeetako emaitza txarrek eta handik lau hilabetera Quirogak emandako dimisioak nahastu zituen urak EAEko PPren zuzendaritzan. Euskal Herrian zuten botere instituzional bakarra —Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala— galdu zuten, eta noraezean geratu zen alderdia. Saenz de Santamariarentzat gakoa zen Alonso Euskal Herrira bueltatzea, haustura eragozteko, alderdia batzeko, eta, badaezpada, Madrilgo zuzendaritzaren ildo berean jartzeko.

Orduan Espainiako Osasun ministro zena jarri zuen Rajoyk EAEko PPren presidente, Arabako ahaldun nagusi ohi Javier de Andres Espainiako Gobernuaren ordezkari, eta Javier Maroto alkate ohia sartu zuen Espainiako PPren zuzendaritzan, belaunaldi bereko beste batzuekin, tartean Casado, baina Iñaki Oiarzabal kanpoan utzita. Iaz, Arabako PPren presidentetzara itzuli zen Oiarzabal, eta horrela itxi zuten zirkulua.

Mugimendu horien atzean Saenz de Santamariaren eskua zegoela zabaldu zen orduan, eta horren isla izan daitezke oraingo babesak: Alonsorena, De Andresena eta Oiarzabalena. Eusko Legebiltzarrean pisu gehien duten kideenak ere bai: Borja Senper Gipuzkoako PPko presidentearena, Carmelo Barrio eta Laura Garrido bozeramaileena, eta Anton Danborenea Bizkaiko PPko presidente ohiarena, besteak beste.

Gidoi bera

Casadok, berriz, Marotoz gain ez du jaso EAEko PPren egungo agintarien babesik. Hutsune hori bete nahi izan zuen uztailaren 10ean Madrilen Maria San Gil presidente ohiarekin ekitaldi bat egin zuenean. Baina argazki hori gehiago egin zuen Espainiara begira, nahiz eta San Gilen garaian lortu EAEko PPk inoiz izan dituen emaitza onenak. Egun, dena den, sektore horrek ez du batere presentziarik alderdiaren karguetan.

Azken urteetan, San Gil oso kritiko agertu da Rajoyrekin, baina baita EAEko PPren egungo eta bere osteko zuzendaritza guztiekin ere, eta horrek Casadori ez dio mesede egiten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aznarismoaren ikurretako bat da San Gil. Eta sinbolo hori erabili nahi izan du bere kanpainan, baina Rajoyrekin duen lotura ere erabat hautsi gabe. Eskuin muturreko alderdietara joandakoak edota zentralismoa irmoago babesten duten Ciudadanosera joandakoak errekuperatzeko keinutzat jo dute analista askok babes hori.

Izan ere, Espainiako iritzi publikoari begira ere egin dute kanpaina bi hautagaiek. Eta Euskal Herrian nabaritu egin da hori, Ciudanosekin botoen lehian egongo liratekeen herrialdeetan bereziki: horietan gogortu dituzte euren soslaiak eta diskurtsoak; Casadok gehiago, eta bereziki Nafarroan.

Hango zuzendaritzaren babes osoa dauka. Bitan izan da han; Altsasun, eta Iruñeko sanferminetan. Gaiak: Guardia Zibila, ETAren biktimak eta euskara. Nafarroako PPren zuzendaritza, gainera, UPNren eskuinera kokatu da, eta horrekin bat egiten du Casadoren tonuak.

PPk Espainian ditu oinak, eta euskal gaiek, sinbolikotik harago, ez dute beste garai batzuetan bezala markatzen agenda politikoa. Hala ere, bi hautagaiek zalantzarik ez dute oposizioa egiteko euskal politikarekin loturiko gaiak erabili behar badituzte erabiliko dituztela.

Baina, horiek tokia izan badute PPren primarioetan, alderdiaren nortasuna nabarmentzeko izan dute; eta, tonuan ñabardurak izan badira ere, eduki antzekoak erabili dituzte biek, Euskal Herritik begiratuta. Bakegintza, Espainiako Estatuaren egitura —gehiago Kataluniaz mintzatu direnean—... Kasu horietan ez dira gidoitik atera. Presoak hurbiltzearen kontra —zehaztasunetan sartu gabe—; eta estatu ereduaz, batasuna eta konstituzioa. ETAren indarkeriaren biktimekin agertu dira: Ermuan ere izan dira, Miguel Angel Blancoren hilketaren 21. urteurrenean; ekitaldi ofizialean, Saenz de Santamaria, Mari Mar Blancorekin; Casado, bere kasa. Kontzertu eta hitzarmen ekonomikoez, berriz, aipamenik ez. Agian horrek bereizten dituelako gehien Ciudadanosetik —bi hautagaiak azken legegintzaldian agertu dira horien alde—. Edo uste dutelako ez dela iritsi itun horiek ezbaian jartzeko garaia.

Alderdia oposizioan dago Madrilen, eta, Alonsok egunotan azpimarratu duenez, orain haien helburu nagusia da hauteskundeak irabazteko hautagai egokiena hautatzea. Geroko beharrek, eta, bereziki, boterera heltzeko beharko hitzarmenek baldintzatuko dituzte alderdiaren politikak eta mezuak. Orain, batasuna. Eta, horretarako, hoberena, buruzagiz aldatzea. Baina Il Gattopardo-ko siziliar sendi aristokratiko haren leloak bezala: «Aldatzea, ezer alda ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.