Eskozia ez beste, denak

Ingalaterra, Kroazia eta Txekiar Errepublika sailkatu dira Eurokopako final-zortzirenetarako D multzoan. Gaur amaituko da ligaxka

Bruno Petkovic kroaziarra eta Grant Hanley eskoziarra, lehian, atzo, Glasgown. LEE SMITH / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun

Pixkanaka-pixkanaka Eurokopako lehen galbahea bere lana egiten ari da. Jada hamabi selekzio sailkatu dira final-zortzirenetarako: Italia, Gales, Suitza, Belgika, Danimarka, Herbehereak, Austria, Frantzia, Suedia, Ingalaterra, Kroazia eta Txekiar Errepublika.

 

Azken hirurak izan dira aurrera egin duten azkenak. Hirurak atzo sailkatu ziren, D multzoko lehen hiru postuetan sailkatuta. Ingalaterra eta Txekia sailkatuta zeuden, eta atzo, Kroazia batu zitzaien. Ingelesak izan dira multzoko lehenak, zazpi punturekin; kroaziarrak, bigarrenak izan dira, laurekin; txekiarrak, hirugarrenak, laurekin; eta eskoziarrak, azkenak, bakarrarekin. Ingelesek F multzoko bigarrena izango dute aurkari; kroaziarrek, E multzoko bigarrena; txekiarrek, berriz, zain egon behar dute.

Multzoko azken jardunaldian, Ingalaterrak 0-1 hartu zuen mendean Txekia, Londresen. Sterlingek sartu zuen gol bakarra. Kroaziak, berriz, 3-1 hartu zuen mendean Eskozia Glasgown. Vlasicek sartu zuen lehen gola, McGregorrek bana berdindu zuen, eta Modricek eta Perisicek bigarren postua eman zioten Kroaziari.

Gaur amaituko da ligaxka. E multzoan, Eslovakia-Espainia eta Suedia-Polonia partidak jokatuko dituzte 18:00etan. Suediak lau puntu ditu, Eslovakiak hiru, Espainiak bi eta Poloniak bat. F multzoan, berriz, Portugal-Frantzia eta Alemania-Hungaria neurketak jokatuko dituzte 21:00etan. Frantziak lau puntu ditu, Alemaniak eta Portugalek hiru, eta Hungariak bakarra.

LGTBIen aldeko argirik ez

Alemaniarren eta hungariarren arteko partida zeresana ematen ari da. Munichen (Alemania) jokatuko da, eta Udalak asmoa zuen Allianz Arena estadioa LGTBI banderaren koloreekin argiztatzeko, Viktor Orban Hungariak presidenteak LGTBI komunitatearen eskubideak murrizteko hartu dituen neurrien aurkako keinu gisa. Baina Europako Futbol Federazioak (UEFA) debekatu egin dio hori egitea, erakundea «politika eta erlijio gaietan neutrala» dela argudiatuta, eta ekimenaren eskaera «Hungariako Parlamentuari erantzuteko» hartua baitago.

Hala ere, LGTBI kolektiboko herritarren eskubideen aldeko aldarrikapena presente izango da. «Lotsagarria da UEFAk ez baimentzea ortzadar banderarekin apaintzea estadioa, elkartasun eta tolerantzia keinu bezala. Udaletxean jarriko dugu bandera, eta olinpiar dorrea eta haren inguruak argiztatuko ditugu», esan zuen atzo Dieter Rieter Municheko alkateak. Atzo jada Alemaniako hainbat hirik euren estadioak ortzadar kolorearekin argiztatu zituzten. Zelaian, berriz, Manuel Neuer Alemaniako selekzioko atezainak berriz ere eramango du ostadar koloreko besokoa. UEFAk ikerketa jarri zuen abian horren inguruan, baina atezaina ez zigortzea erabaki du, «aniztasuna» sustatzen duela arrazoituta.

Bestalde, Erresuma Batuko Gobernuak atzo jakinarazi zuen 60.000 ikusle izango direla Londresko Wembley estadioan jokatzekoak diren finalerdietan eta finalean; orain arte baino 22.500 ikusle gehiago dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.