Zinpeko epaimahaiak. Prozedura

Epaile aulkiak zozketan

Hego Euskal Herrian, bi urtean behin hautatzen dira zinpeko epaimahaikideak; Ipar Euskal Herrian, urtero. Bietan ala bietan, kezka iturri izan ohi da herritarrentzat.

Zinpeko epaimahaikideen aulkiak, hutsik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketa aretoan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Urrian, lurralde auzitegiko gutuna jaso zuten Hego Euskal Herriko milaka herritarrek: zozketa bidez, epaimahaikide izateko hautatuak izan direla esan diete agirian. Batzuek ilusioz hartzen dute eginkizuna; gehientsuenek, berriz, kezkaz eta etsipenez. Izan ere, instituzio ezezagunak dira oraindik zinpeko epaimahaiak, eta zalantza ugari pizten dituzte herritarren artean. Hauek dira gehienetan errepikatzen diren galderak.

NOLA AUKERATZEN DIRA?





Lehenik eta behin, balizko epaimahaikideen zerrendak osatu behar dituzte herrialde bakoitzeko auzitegiek. Errolda oinarri hartuta egiten dute zozketa publikoa: Hego Euskal Herrian, bi urtean behin; Ipar Euskal Herrian, berriz, urtero. Zozketan ateratako hautagaiak epaimahai bateko kide izan daitezke, hurrengo aukeraketa egin arteko epean.

Epaiketa hasi aurreko asteetan, 36 izeneko zerrenda osatzen dute auzitegiko arduradunek, epaimahaia osatzeko. Bateraezintasunak eta alegazioak aztertu ostean, hogei lagun pasatuko dira hurrengo fasera. Epaiketaren egunean bertan, izen horiek guztiak hautetsontzi batean sartu eta banan-banan aterako dituzte. Akusazioak eta defentsak hainbat galdera egin ditzakete epaimahaikideei buruz, eta lau hautagai atzera botatzeko aukera dute, besteak beste, epaimahaikideetako bat akusatuaren laguna dela edo auzian interes partikularrak izan ditzakeela argudiatuta. Galbahearen ostean, behin betiko epaimahaia osatzen dute. Hego Euskal Herrian, bederatzi epaimahaikide eta bi ordezko izendatzen dituzte; Ipar Euskal Herrian, berriz, eredu mistoa dutenez, sei herritarrek eta hiru epaile profesionalek osatzen dute epaimahaia.

NOR IZAN DAITEKE EPAIMAHAIKIDE?





Herritartasun agiria duten herritar gehienak izan daitezke epaimahaikide: Hego Euskal Herrian, 18 urtetik gorakoak, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, 23 urte baino gehiago dituztenak. Hauek dira herri epaimahai batean parte hartzeko baldintzak: jarduna baldintzatuko dion ezintasun fisiko edo psikikorik ez edukitzea, epaiketa eginen den herrialdean erroldatua egotea, zigor aurrekaririk ez izatea eta aurretik epaimahai batean parte hartu ez izana. Hizkuntza eskakizunak ere Espainiak nahiz Frantziak ezarritakoak dira; alegia, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Araban ezinbestekoa da gaztelaniaz irakurtzen eta idazten jakitea; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, frantsesa da eskakizun. Euskararik ez da behar.

Epaimahaikide izateko deia jasotzen dutenek, hala ere, alegazioak aurkez ditzakete. Horretarako arrazoiak izan litezke, adibidez, adina (65 urtetik gorakoek aukera dute ezetz esateko), azken lau urteetan beste epaimahai batean parte hartu izana, familia ardurak, atzerrian lan egitea edota larriki gaixo egotea. Horiez gainera, badira epaimahaikideen zerrendatik kanpo sistematikoki gelditzen direnak ere: abokatuak, epaileak, estatuko goi kargudunak eta segurtasun indarretako kideak, besteak beste.

DIRURIK JASOTZEN AL DUTE?





Bai. Lanean salbuetsita egoteaz gainera, 70 euroko oinarrizko ordaina jasotzen dute epaiketak irauten duen egun bakoitzeko. Horrez gain, dietak, hotela eta garraio gastuak ere ordaintzen dizkiete. Iraupenari dagokionez, ez dago arau finkorik, baina, aurrekariei erreparatuta, bost eta 25 egun arteko saioak izan ohi dira.

ZEINTZUK DIRA BETEBEHARRAK?





Epaimahaia osatu ahal izateko, karguaren zina egin behar dute epaimahaikideek, honako galderari erantzunda: «Zin egiten edo hitzematen al duzu epaimahaikide lana zintzo eta egokiro beteko duzula, inpartzialtasunez, gorrotorik ala nahitasunik gabe, akusazioa aztertuta, frogak aintzat hartuta, eta akusatuak prozeduraren ardatz diren delituen errudun ala errugabe diren ebatzita; eta halaber, deliberazioen sekretua gordeko duzula?». Epaimahaikideetako baten batek zinari uko eginen balio, 300 eurotik gorako isuna jaso lezake, eta ordezkoetako batek hartuko luke hark utzitako tokia. Oro har, epaileen rola jokatzeko betebeharra dute epaimahaikideek; gertakariak «independentziaz», «arduraz» eta «legearekiko errespetuaz» epaitzekoa, alegia.

ZER EGITEN DUTE EPAIKETAK IRAUN BITARTEAN?





Abokatuen, fiskaltzaren, lekukoen eta perituen testigantzak entzuteaz eta frogak aztertzeaz gainera, galderak egiten dituzte—epailearen bitartez, betiere—.

Epaia eman aurretik, magistratuarekin batzartzen da epaimahaia, aldeek adostutako galdetegia azaltzeko. Izan ere, epaiketan frogatutzat jo beharreko puntuak finkatu behar dituzte akusazioak, defentsak eta epaileak. Galdera sorta horri erantzuna eman behar diote epaimahaikideek, modu argian eta arrazoituan, gertakari bat frogatua dagoen ala ez ebazteko.

NOLA ERABAKITZEN DUTE?





Galdetegia eskuan dutela, gela pribatu batean sartzen dituzte epaimahaiko bederatzi kideak, deliberatzeko. Bakartuta egonen dira, gela horretatik atera gabe, epaia eman arte. Erabakia gehiegi luzatzen denean, atsedenaldi bat ematea erabaki dezake epaileak, baina inkomunikazio egoera mantenduta, betiere. Deliberazioak irauten duen bitartean epaimahaikideei zalantzak sortuko balitzaizkie, instrukzioa zabal dezan eska diezaiokete magistratuari, datu gehigarriak jasotzeko. Behin deliberazioa amaituta, epaimahaikide bakoitzak botoa eman behar du, ozen.

Lehenik eta behin, erantzuna eman behar diete aldeek adostutako galdera guztiei, eta gertakariak frogatuta dauden ala ez zehaztu ostean, akusatua erruduna ala errugabea den ebatziko dute. Akusatua erruduntzat jotzeko, zazpi boto behar dira gutxienez. Errugabea dela ebazteko, berriz, nahikoak dira bost boto. Epaimahaikideek ezin dute abstentziora jo; hori eginez gero, 450 eurotik gorako isuna jaso dezakete.

EPAIA IRMOA DA?





Ez. Hainbat aukera daude atzera egiteko, epaimahaiko bozeramaileak epaiaren akta idatzi eta epaileari igortzen dion unetik. Magistratuak oniritzia eman behar du lehenik eta behin —atzera bota dezake ebazpena, zuzenbide fundamenturik ez duela edo okerrak dituela baderitzo—. Epaileak ontzat jotzen badu, aldeei jakinarazten die erabakia, irakurketa publikoan.

Epaimahaiak akusatua errugabetzat jo badu, akusatua absolbitzeko eta berehala askatzeko agindua eman behar du magistratuak. Erruduntzat jotzen badute, berriz, hitza eman behar die fiskalari eta gainontzeko aldeei, zigor eskaera egin dezaten. Zigorra ezarri ostean ere, helegitea aurkez dezakete aldeek: lehenbizi, herrialdeko auzitegi nagusian; eta gero, Auzitegi Gorenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.