Hegoak ebaki nahi dizkio

Alemanian berdindu ostean, gol bat sartzera behartuta daude Reala eta Leipzig. Defentsan oinarritutako planteamenduarekin, edo baloia asko edukita eta aurrean presio eginez egin dakioke min Leipzigi. Bihar jokatuko dute Europa ligako itzulerako neurketa, Donostian.

Rafael Dani Olmoren erasoa geratu nahian, aurreko ostegunean Alemanian Leipzigek eta Realak jokatu zuten partidan. CLEMENS BILAN / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Europa ligako final-zortzirenetara sailkatzeko, Realak Leipzig menderatu beharko du bihar. Alemanian bina berdindu eta gero, penaltietara iritsi nahi ez bada, irabazi egin beharko du partida bi taldeetako batek. Kanporaketa gainditzeko, bi bide dauzka Imanol Alguacilen taldeak: Alemanian erabilitako defendatzeko planteamendua errepikatu, edo baloiarekin gehiago arriskatu, baloia edukiz eta aurrean presioa eginez. Bi modu horietara asko sufritu dezake Domenico Tedescoren taldeak. Geldikako jokaldiek ere berebiziko garrantzia izan dezakete, eta Realak joan-etorriko partida fisikoa ekidin beharko du. Edari energetikoen taldeari hegan egitea ukatu nahi dio.

SISTEMAREKIN
Ispiluaren jokoa


Alemanian egin bezala, bost jokalariko atzeko lerroa errepikatzea izan daiteke logikoena. Lerro horren aurretik Imanolek beste lau jokalariko lerro bat jarri zuen, Sorlothi askatasun handiagoa emanez. Hala, hiru erdiko atzelarirekin, Nkunku eta Andre Silva bi aurrelariak ondo zainduta izateaz aparte, barruko pasabideak ondo baino hobeto estali zituen Realak, eta gai izan zen hegaletako jokalariei behar zituzten laguntzak emateko. Ispiluarena eginez, mugimendu taktiko gutxiago behar dira defentsan sor daitezken arazoak konpontzeko. Lerroak bata bestearengandik gertu baditu, asko irabazita izango du Realak. Nkunkuri, Andre Silvari eta Dani Olmori korrika egiteko metroak izatea eragoztea da xede nagusia.

BALOIAREKIN
Hegaletatik, abiadura


Baloiarekin Alemanian baino min handiagoa egin beharko du Realak. Baloia edukitzea baliatu behar du, denbora luzez, hori baita hobekien egiten dakiena. Leipzigek sufritu egiten du baloiaren atzetik, etsipena datorkio tarte luzez baloia ez duenean, eta berreskuratzeko ahalegin horretan, gehienetan, ordena eta diziplina taktikoa galtzen ditu. Joaneko partidaren bigarren zatian egin bezala, ateko sakeetan, Realak motzean joka dezake atzelariekin, Leipzig erakarri, eta Alemaniako taldeak ordena galtzen duenean, baloia hegaletara bidali. Aurkariak amuari heltzen badio, Sorlothekin luze jokatu dezakete atzelariek, hark bizkarrez baloia jaitsi, eta bigarren lerroko jokalariei abantaila emateko. Bestela, Isak (osatzen bada) edo Porturekin, sakonago bidal dezake baloia, alemaniarrek hegaletan uzten dituzten zuloak abiadurarekin aprobetxatzeko.

BALOIRIK GABE
Barruko jokoa ekidin


Alemaniako plana errepikatu edo gehiago arriskatu. Ikusi den moduan, bi bide daude, baloirik gabe, Leipzigi min egiteko. Bata, Imanolek Red Bull Arenan erabilitakoa: blokea edo taldea atzean sartu, barruko pasabideak ondo estali erditik jokalari asko sartuta, eta hegalekoei etengabeko laguntzak eman. Modu horretara partida luzea egin dakioke Realari, baina lan taktikoa ondo egin eta taldea baloiaren atzetik gehiegi nekatzen ez bada, balekoa izan daiteke. Betiere, kontraerasoren edo geldikako jokaldiren batean asmatzen badu, bederen. Leipzigek joko landuaren alde egiten du askotan, sormenean edo jokaldiaren hasieran, baloiari abiadura gutxi ematen dio, eta aurreikusteko moduko joko motela egiten du lehen metroetan.

Bestea presioa oso aurrean egitea da. Atzetik baloia ateratzerakoan asko arriskatzen du entrenatzaile italiarraren taldeak, eta ohikoa da lehenengo metro horietan pase txar bat egin eta aurkariari gol bat oparitzea. Municheko Bayernek bi gol sartu zizkion modu horretara, hiru aste atzera, ligan. Berdinketaren kasuan kanpoan sartutako golek bikoitza balio ez dutenez denboraldi honetatik aurrera, kanporaketako itzulerako partida etxean jokatzen duen taldeak gehiago arriskatu dezake.

ERRITMOA
Motelagoa behar du


Joan-etorriko partida ekiditea komeni zaio Realari. Horretan da indartsua Leipzig. Espainiako Liga baino askoz ere fisikoagoa da Bundesliga, joko bertikalagoaegiten dute, eta erritmo bizia jartzen talde gehienek. Leipzigek joko landua egin eta atzetik baloia patxadaz ateratzen badu ere, azkeneko metroetan abiadura handia dauka. Hiru aurrelariek ematen diote taldeari bizkortasuna eta txinparta. Emaitzari begira jokatzen ez dakien taldea da, gora eta gora etengabe egiten duena, eta korrika egiteko daukan metro oro baliatzen ahalegintzen da. Imanolen taldea kolpe festa horretan sartzen bada, gogotik ordaindu dezake. Baloia denbora luzez eduki behar du Realak partidari erritmo hori kentzeko. Partida apurtzen bada, nahi duen tokian izan dezake Tedescoren taldeak norgehiagoka, gaitasun fisikoari dagokionez koxka bat gorago baitago Bundesligako taldea.

GELDIKAKO JOKALDIAK
Area defendatzen, arazoak


Korner baten osteko bigarren jokaldi batean sartu zuen Robin Le Normandek Realaren lehendabiziko gola Red Bull Arenan, joaneko partidan. Tedescoren taldeak atzean du galbidea, eta asko sufritzen du geldikako jokaldietan. Ez horretan bakarrik, alboko erdiraketetan eta kornerretan area defendatzeko arazo handiak ditu. Partida guztietan sartzen diote aurkariek gol bat, edo gol aukera argi bat egin gutxienez, estrategiako jokaldiak baliatuta edo alboko erdiraketekin. Kosta egiten zaio goiko baloiak ondo urruntzea bere areatik eta dueluak irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.